Iaz 40 urte bete zituen Los Angeles hiriko (AEB) The Gun Club blues-punk taldearen estreinako lanak, Fire Of Love-k. Urteurren horren harira, AEBetako Blixa Sounds diskoetxeak edizio berezi bat plazaratu zuen udan, jatorrizko diskoari 1988ko zuzeneko grabazio bat eta bandaren bateria jotzaile ohi Terry Grahamen oroitzapenak erantsita. Halaber, aurten, musika grafismoan espezializatutako Londresko Flood Gallery galeriak Preaching The Blues binilozko zazpi single biltzen dituen kaxa bat argitaratu berri du, The Gun Clubek 1981. eta 1993. urte bitartean grabatutakoak, bestelako gozokiekin osatua: hainbat musikariren —hala nola Thurston Moore, Henry Rollins eta Mark Lanegan— bizipen eta iritziak biltzen dituen koloretako liburuxka, propio eginiko fanzine bat, postal bat eta txapa bat.
Publiko zabalak akaso ez du Fire Of Love diskoaren berri izango, ezta The Gun Cluben idazle, gitarra jotzaile, abeslari eta arima Jeffrey Lee Pierce-rena (JLP) ere, baina lehendabiziko grabazio hark arrakala sakona eragin zuen sustraidun rock independentearen lurzoruan, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetan. Hala, hamaika musikarik erakutsi dute The Gun Cluben estreinako lanarekiko eta JLPrekiko miresmena eta aitortza, besteak beste, Nick Cave, Screaming Trees, 16 Horsepower, Jack White eta Black Keysek. Jim Jarmusch zinema zuzendari estatubatuarrak ere The Gun Cluben bigarren diskoa aipatu du Ruta 66 musika aldizkariaren otsaileko alean argitaratutako musikari buruzko zinemagilearen bakarrizketan: «Fan guztiak bezala, bihozbera naiz. Atzo egun ederra pasatu nuen John Cagerekin, baina gaur, agian, The Gun Cluben Miami diskoa entzungo dut».
Aita estatubatuarra eta ama mexikarra zituen Jeffrey Lee Piercek (1958 1996). Irakurle sutsua eta disko bildumazale amorratua, Blondie musikariaren fan klubeko presidente nerabea izan zen —Debbie Harryren orrazkera eta ile kolorearekin igotzen zen oholtzara—, Bomp! Records-en lan egiten zuen bitartean. New York, New Orleans eta Jamaikara egindako bidaietan xahutu zituen diskoetxean irabazitako sosak; hain justu, Karibeko irlako egonaldiaren ondotik, reaggearekin obsesionatu zen, eta estilo horretako grabazioak iruzkintzen hasi zen Los Angeles hiriko Slash! punk biblian. Ibilbide laburreko Red Lights pop banda izan zen JLPren lehen egitasmoa. Handik gutxira, Brian Tristan (Kid Congo Powers) musikari txikanoarekin proiektu berri bat abiatu zuen, elkarrekin Pere Uburen kontzertu bat New Yorken ikusi ostean. Soularekiko eta reggaerekiko grina bideratzeko eratu zuten Creeping Ritual.
Halere, soula eta reggaea uztartzeko asmo horretan, bluesaren txinparta gurutzatu zen: Phast Phreddie Patterson disko bildumazale eta fanzine egilearen eta Canned Heat taldeko abeslari ohi Bob Hireren bidez deskubritu zuen JLPk bluesaren xarma, eta, erabat sorginduta, Howlin' Wolf, Slip James, Lightnin' Hopkins eta Robert Johnson blues piztien diskoekin lokaztu zen. Bluesak hordeituta, izena ere aldatu zion taldeari JLPk, Circle Jerks punk-rock taldeko abeslari Keith Morrisek iradokitako izendapenaren mesedetan. Horiek horrela, sasoiko post-punkaren iluntasuna eta bluesaren magia beltza uztartuko zituen armen elkartea sortu zen: The Gun Club.
Infernuko Elvis
Los Angeles hirian 70eko hamarkadaren amaieran loratutako punk eszena askotarikoa zen; esaterako, Black Flag taldea hardcore oldarkorraren hazia zartatzen ari zen bitartean, X banda 1950eko hamarkadako rock-and-rolla berreskuratzen ari zen. Horiekin batera, sustrai latindarrak zituzten taldeak ere agertu ziren, tartean The Plugz hirukotea, zeinak La Bamba kantu tradizionalaren bertsio anarkista bildu zuen 1979an argitaratutako Electrify Me estreinako obra bikainean.
The Plugzen buru Tito Larrivak ekoitzi zituen, hain zuzen, The Gun Cluben Fire Of Love diskoko sei kantu. Beste bost doinuak, berriz, Sex Beat, Preaching the Blues, Fire Spirit, Ghost on the Highway eta Jack on Fire, hau da, grabazioan jasotako abesti esanguratsuenak, The Flesh Eaters taldeko abeslari Chris D.-k ekoitzi zituen, zeinak diskoaren azala ere diseinatu zuen.
[youtube]https://youtu.be/lPXjMsYjL40[/youtube]
Ordurako, Kid Congo Powers gitarra jotzaileak The Cramps taldean ziharduen, Bryan Gregory-ren ordez. Neurri handi batean, Congo Powersen slide gitarrak moldatu zuen The Gun Cluben soinua. Hartara, hauexek grabatu zuten diskoa 1981ean, Ruby Records zigilupean: Ward Dotson (gitarra), Rob Ritter (baxua), Terry Graham (bateria) eta JLP berak.
Kantuei dagokienez, Robert Johnsonen Preaching The Blues eta Howlin' Wolfek elektrifikatu zuen Tommy Johnsonen Cool Drink Of Water Blues doinuak moldatu zituen JPLk. Halaber, Sex Beat eta She's Like Heroin to Me taldearen klasiko zingiratsuak dira, ulu artetik azaleratzen diren ereserki gordinak, eta For The Love Of Ivy The Crampseko gitarra jotzaile Poison Ivyren omenezko psychobilly doinua da: «Infernuko Elvis bat dirudizu; bihotza apurtuta daukat, beraz, infernura noa».[
[youtube]https://youtu.be/_QsriMk-GZ8[/youtube]
Horiek horrela, JLP punk-rockari bluesaren esentzia txertatzen saiatu zen, zerbait berria lortzeko, bluesaren tradizio zaharretik izanagatik ere. Hitzak ere, bluesmen zaharren kontakizunetako gaiekin osatu zituen. Musikariaren hitzetan, AEBetako «azpimunduari» buruzko doinuak dira, «gustukoak ez diren gaien ingurukoak; hots, sexua, hilketak, drogak, eromena, etsipena, bakardadea, suizidioa eta giro txarra besterik ez».
«Nire iritzi erdi mozkortuaren ustez, Jeffek bluesa maite eta gorrotatzen zuen, baina haren maitasuna/gorrotoa alkimia zen, oztopo zahar bat abantaila berri bihurtzen zuena», dio Terry Graham bateria jotzaileak Fire Of Love-n berrargitalpenaren oharretan. The Gun Club etengabe eraldatu zen bidean, JLPren nortasun gatazkatsuaren eta zurruteroaren isla zehatza baitzen. Alde horretatik, The Falleko buru Mark E. Smithekin alderatua izan da, haren egitasmoa ere une oro eraldatzen baitzen, eta, JLP bezala, rockabilly zalea zelako.
Haatik, bide mutante horretan, Fire Of Love da gehien nabarmendu den lana; JLPk eraiki duen obrarik handiena eta instintiboena. Mark Laneganek (Screaming Trees) Preaching The Blues kaxan jasotako liburuxkan esaten dituen berbei erreparatzea baino ez dago: «The Gun Club benetan ziren originalak, eta Jeffrey Lee Pierce jenio bat zen. Banda askoren inspirazio izan ziren, eta nik neuk ez nuen inoiz pentsatu abeslari arituko nintzenik orratza Fire Of Love-n erortzen utzi nuen arte. Orduan jakin nuen zer egin nahi nuen. Jeffrey dibertigarria, argia eta eskuzabala zen. Kantuen idazketari buruz asko irakatsi zidan, eta ezin izan nion hori sekula itzuli».
38 urte zituela egin zuen mendirako bidaia suaren espirituarekin.
[youtube]https://youtu.be/CIaml5v7m6s[/youtube]
Maitasunaren eta gorrotoaren garra
Iaz 40 urte bete ziren The Gun Club taldeak 'Fire of Love' diskoarekin estreinakoa egin zuenetik. Jeffrey Lee Pierce taldeko burua hil zenez geroztik mende laurdena igaro den honetan, erreferentzia bilakatua da disko hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu