Donostiako 59. Zinemaldia

«Maitasunaren kontrakoa sarri ez da gorrotoa, axolagabekeria baizik»

Ezinezko amodio batzuen triangelu bat osatu du Terence Daviesek 'The Deep Blue Sea' filmean, maiteminari buruz gogoeta egitekoRachel Weisz protagonista duela, II. Mundu Gerra osteko Ingalaterra suntsituan girotu du

Terence Davies zinemagilea eta Tom Hiddleston aktorea, The Deep Blue Sea filma erakutsi ostean, atzo, Kursaalean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Emakume bat erdigunean, eta bi gizonezko, ezinezko maitasunen inguruan hitz egiteko. Maitasunaren izaeraz, maiteminaz, maitatzeko moduez gogoeta egiteko. Drama klasiko baten forma eman dio Terence Davies zuzendariak hausnarketari, eta II. Mundu Gerrako Ingalaterra ilun eta suntsituan girotu du. Rachel Weisz jarri du protagonistaren rolean, maitasun kontuetan buruari baino gehiago ezinbestean bihotzari jarraitzea beste aukerarik ez duen emakume bat gorpuzteko. Urrezko Maskorra irabazteko lehiaren kinieletan lehen postuetan kokatu da Daviesen The Deep Blue Sea atzoko emanaldiaren ostean.

Senarrarekin bizimodu erosoa baina pasiorik gabea darama protagonistak. Gerra pilotu batekin erabat maiteminduko da, nahiz eta badakien hark ez duela berak nahi duen bezala maitatuko. Hala ere, zinemagileak azaldu zuen filmeko protagonista ez duela biktima gisa aurkeztu nahi. «Maitasunarekin eta maitasunaren izaerarekin du zerikusia pelikulak. Gakoa da pertsonaiek elkar maite dutela, baina bakoitzak modu ezberdin batean maite du bestea, eta ezin diote bata besteari besteak desio duena eskaini. Biktima gisa baino gehiago, heroi gisa ikusten dut nik protagonista, bizitzea aukeratzen duelako azkenean, eta hori bere horretan ausarta da, ez dakigulako zer ekarriko dion, baina aurrera jarraitzea erabakitzen du hala ere».

Weiszek auziari buruz zer pentsatuko lukeen azaldu zuen Tom Hiddlestonek, pilotuarena egiten duen aktoreak. «Haren eta bion ustez, maitasunaren garaipenari buruzko film bat da, jabetzaren gainetik sentimenduaren garaipenarena. Zeure bihotzak arriskutsuak diruditen lekuetara eramango zaitu, baina bihotzak burua gidatzen du». Maitasunarena konplexutasun handiko gaia dela nabarmendu nahi izan du aktoreak. «Terencek bilatzen duen maitasuna ez da soilik erromantikoa, ortzadarrez betea... Ez, batzuetan maitasunaren aurkakoa ez da gorrotoa, axolagabekeria baizik».

Aktoreak nabarmendu zuen protagonista aitarengandik zein senarrarengandik jasotako heziketaz libratzeko borrokatzen dela eta guztiz maitemintzen dela. Weiszen lana goraipatu zuen. «Oso antzezle ona da, ikaragarri ausarta, eta muturreko egoeretan adierazkortasun maila ugari dituena». Aktoreen lanaz «oso harro» dagoela esan zuen Daviesek.

Zinemaren «boterea»

Musikak indar handia du pelikula osoan, hari instrumentuen nagusitasunarekin. Baina isiltasunak pareko garrantzia du, edo are handiagoa beharbada. «Zinemaren gauza hoberenetariko bat da zeure begien atzean dagoena fotografiatzen duela. Batzuetan kamerari jarrai dezala uzten diozu, eta liluragarria den zerbait gertatzen da. Zenbait kontu erraietatik ateratzen dira, isiluneetatik harago doaz». 1950eko urteetako Ingalaterran hazi zela azaldu zuen, eta orduko kaleetan zegoen isiltasuna gogorarazi. «Agian irrati bat entzuten zenuen etxeren batean, baina jendea paseatzen entzuten zenuen, eskailerak jaisten... Hori aktoreek sentitzen zuten zerbait zen, ez zen interpretazio hutsa».

Pelikula Terence Rattingen antzezlan batean oinarritua izateak zerikusirik badu isiltasunekin gauzak adieraztearekin, zuzendariaren ustez. «Norbaiti zerbait aurkeztu ahal badiozu, zertarako erabili elkarrizketak? Ikus daiteke, pantailan gauza dezakezu, horregatik du zinemak horrenbeste botere». Bat dator horretan Hiddleston. «Isiluneek maiz antzerkian obra bati kalte egin diezaiokete, elkarrizketak maite ditu, baina zinemak jarrerarekin du zerikusia, eta isiltasunean ikusleak pentsamenduak irakur ditzake. Kamerak esan beharrik ez dituzun gauza horiek irakur ditzake».

Ikusleak filmean nostalgiarik ez ikustea espero du zuzendariak, horrek dena «tribialtzen» duelako. «Bizitza zoragarria izan zela esan nahi du horrek, eta ez zen hala izan; gerra irabazi genuen, baina denak ez ginen hain zoriontsu». Pertsonaien «bizitza txikietan» ez dela hondamendi handirik gertatzen nabarmendu zuen, ez bada maiteminak barrutik eragiten diena. «Pertsona arruntak dira, ohiko gauzen poesia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.