Irailaren 20tik 28ra egingo dute Donostiako 72. Zinemaldia, eta, pixkanaka, jaialdia ari da iragartzen zer film erakutsiko dituzten. Sail Ofizialeko lehian parte hartuko duten beste 11 lanen berri eman dute gaur. Maite Alberdik, Edward Bergerrek, Gia Coppolak, Costa-Gavrasek, Kiyoshi Kurosawak, Mike Leighek, Diego Lermanek, Joshua Oppenheimerrek, François Ozonek, Laura Carreirak eta Xin Huok lehian aurkeztuko dituzte beren lan berriak. Azken biak, gainera, beren lehen obrekin izango dira Zinemaldian. Aurretik aurkeztutako beste hainbat pelikularekin batera, Urrezko Maskorra lortzeko hautagai izango dira horien guztien lanak.
Maite Alberdik (Santiago, Txile, 1983) benetako istorio bat kontatu du El lugar de la otra filmean: Maria Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zuenekoa, hain zuzen. Mercedes, akusatua defendatzeko ardura duen epailearen idazkaria, liluratuta dago kasuarekin, eta idazlearen apartamentuan izan ondoren, zalantzan jartzen hasiko da bere bizitza, identitatea eta emakumeek gizartean duten rola. Alia Trabucco Zeranen Las homicidas saiakeran jasotako kasuetako batean oinarritu da Alberdi filma osatzeko. Zinemagilea epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean, eta Perlak sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu; besteak beste, El agente topo (2020) eta La memoria infinita (2023).
2019an Donostia saria eskuratu ondotik, Costa-Gavras zinemagile frantziar-greziarra (Loutra-Iraias, 1933) Sail Ofizialera itzuliko da, Le dernier souffle obrarekin. Zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzari buruzko gogoetak biltzen dira hartan; haien beldur eta larritasunei aurre egitea izango dute ardatz protagonistek. Egilearen ibilbide zabala osatzen dute, besteak beste, Z (1969) eta Missing (1981) filmek —lehenak ingelesez besteko film onenaren eta muntaketa onenaren Oscar sariak eta Cannesko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zituen, eta bigarrenak, berriz, gidoi egokitu onenaren Oscar saria eta Cannesko Urrezko Palma—.
Borgoinako herrixka batean bizi da Michelle, erretiratuta. Santu Guztien Egunean, Valerie alaba eta Lucas biloba etorriko zaizkio bisitan, eskola oporrak direla eta, baina ezer ez da espero bezala gertatuko. François Ozonek (Paris, 1967) seigarren aldiz parte hartuko du Zinemaldiko Sail Ofizialean, oraingoan Quand vient l'automnefilmarekin. Izan ere, Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin (2012), eta Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Le refuge pelikularen (2009) gidoiagatik. Gainera, haren zenbait filmek Perlak sailean parte hartu izan dute.
Gia Coppolak (Los Angeles, AEB, 1987) The Last Showgirl filma aurkeztuko du. Protagonista nagusia showgirl beterano bat da. 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren, hura bukatu, eta bidegurutze batean aurkituko du bere burua. Ama gisa, alabarekin duen harreman korapilatsua konpontzen ahaleginduko da, askotan alaba bigarren mailan egon baita haren bizitzan. Pamela Anderson eta Jamie Lee Curtis dira aktore nagusiak. Zuzendariak Veneziako Mostran erakutsizituen Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) pelikulak.
Edward Berger (Wolfsburg, Alemania, 1970) Conclave filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean. Aita santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak. Eliza katolikoko buruzagirik boteretsuenak Vatikanoko aretoetan elkartzen direnean, kardinal berria —Ralph Fiennesek egiten du harena— konspirazio korapilatsu batean harrapatuta geratuko da, eta Elizaren oinarriak astindu ditzakeen sekretu bat aurkituko du. Zuzendariak bederatzi Oscar sari irabazi zituen Im Westen nichts Neues (2022) bere aurreko filmarekin: besteak beste, nazioarteko film onenarena.

Parisko aldirietan, Albert izeneko freelance kazetariak zin egingo du mendeku hartuko duela alaba txikiaren hilketa bortitzagatik, eta Sayoko doktore japoniarrak lagundu egingo dio mendekatzeko irrika hori asetzen. Sekta misteriotsu bat eta pertsonen trafikatzaileak barne hartzen ditu filmak, eta Sayokoren benetako asmoak agerian geldituko dira istorioak aurrera egin ahala. Kiyoshi Kurosawak (Kobe, Japonia, 1955) 1998an zuzendutako izen bereko filmaren bertsio bat da Hebi no michi. Haren obrei dagokienez, nabarmentzekoak dira Tokyo Sonata (Zabaltegi-Perlak, 2008), Cannesen Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Saria jaso zuena, eta Wife of a Spy (Perlak, 2020), Veneziako Mostran zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia irabazi zuena.
Mike Leigh britainiarra (Salford, Ingalaterra, 1943) ere lehenbizikoz izango da Sail Ofizialean, eta Hard Truths filma aurkeztuko du. Pansyren bizitza du oinarri filmak, eta haren min fisiko eta mentala dira istorioaren ardatza. Haserrearen eta konfrontazioaren bidez erlazionatzen da munduarekin, eta etengabe liskartzen da denekin: familia, dentista, medikua, supermerkatuko kutxazaina... Haren senar Curtleyk denbora luzea darama emaztea ezin trataturik, eta semea, Moses, bere munduan murgilduta bizi da. Chantelle ahizpa da ulertzen duen eta lagundu diezaiokeen bakarra. Secrets and Lies —1996, Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Perlak Sailean aurkeztua— eta Naked dira —1993, zuzendari onenaren saria eskuratu zuena Cannesen—, besteak beste, zuzendariaren lan nabarmenduenak.
Diego Lerman argentinarra (Buenos Aires, 1976), berriz, hirugarrenez lehiatuko da jaialdian, oraingoan El hombre que amaba los platos voladores obrarekin. Argentinako telebistan estralurtarren presentziaren inguruan egindako ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena kontatzen du zuzendariak lan horretan. Jose de Zer kazetaria eta haren kamerari El Chango La Candelariara abiatuko dira, bi pertsonaia susmagarriren proposamen arraro bat jaso ondoren. Renata Lermanek taldeko antzezpen onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen El suplente filmarekin (2022), eta Diego Lermanek Sail Ofizialean aurkeztutako beste film luzeak (Una especie de familia, 2017) Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen gidoi onenaren atalean.
Xin Huoren eta Laura Carreiraren lehen lanak
Sail Ofizialak The End ere hartuko du, Joshua Oppenheimerrek (Austin, Texas, AEB, 1974) zuzendutako lehen fikziozko pelikula, hain zuzen ere. Mundua amaitu eta bi hamarkada geroago bunker batean bizirik dirauen familia aberats bati buruzko musikal distopiko bat aurkeztuko du zuzendariak. Neska batek arriskuan jarriko du familia horren bizimodua; semea zalantzan jartzen hasiko da bizimodu hori uste bezain perfektua ote den. Oppenheimerren aurreko lanen artean, hauek gailentzen dira: Indonesiako genozidioari buruzko The Act of Killing (2012), Berlinaleko Panorama sailean estreinatu eta dokumental onenaren Bafta saria irabazi zuena; eta The Look of Silence (2014), Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Fipresci saria eskuratu zituena. Bi filmak dokumental onenaren Oscar sarirako hautagai izan ziren.

Xin Huo zuzendari txinatarrak (Pekin, 1980) zuzendari gisa ondu duen lehen filma aurkeztuko du jaialdian. Gaixotasun terminal bat duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako emakume baten istorioa kontatzen du: ustekabeko gertakari baten ondoren, ihes egingo dute. Heriotzaren hondamenetik bizirik ateratzen den maitasun istorio bat da. Zuzendaria gidoigile aritua da aurretik, Shower (1999), Kung Fu Hustle (2004), Curiosity Kills The Cat (2006) eta The Monkey King (2014) filmetan.
Laura Carreirak (Porto, Portugal, 1994), bestalde, Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen du On Falling bere lehen film luzean. Zinemagileak zuzendutako film laburren artean, nabarmentzekoak dira Red Hill (2018) —Edinburgoko zinema jaialdiko New Visions sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA sarietan izendatua— eta The Shift (2020) —Veneziako zinema jaialdian estreinatua eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Elkargoko Sarietarako izendatua—.
Aurretik iragarritako filmak
Aurkeztu berri dituzten filmekin batera, aurreko asteetan beste hainbat ere iragarri ditu jaialdiak, eta horietako batzuek ere parte hartuko dute Sail Ofizialeko lehian. Horien artean daude orain hiru aste iragarri zituzten filmetako batzuk —laurak dira Espainiako ekoizpenak—: Soy Nevenka (Iciar Bollain), El Llanto (Pedro Martin-Calero), Los Destellos (Pilar Palomero) eta Tardes de soledad (Albert Serra).
Halaber, aurrez jakinarazi zutenez, jaialdia inauguratuko duen filma Audrey Diwanen Emmanuelle izango da; zinemagileak Sail Ofizialeko lehian aurkeztuko du lan hori.