Eta maitasuna zenbaki huts bat balitz? Eta maitemina makina baten bidez ehunekotan neurtu ahalko balitz? Galdera distopiko horiek abiapuntutzat hartuta, amodioaren eta bikote harremanen inguruan gogoeta egitera gonbidatu du publikoa Christos Nikou zuzendari greziarrak Fingernails bere bigarren film luzean. Umorez jantzi du proposamena, eta barreak entzun ziren Kursaalean atzo eguerdiko emanaldian, baita txaloak ere proiekzioa amaitutakoan. Urrezko Maskorra lortzeko lehian da Nikouren lana.
Filmaren hasieran ikusleak jakingo duenez, badira urte batzuk maitemina neurtzeko gailu bat asmatu zutela. Beren harremanaren gaineko ziurtasun bila edo, bikote ugarik egingo dute proba —azazkal bat kendu eta gailuan sartzean datzana—. Gutxik gaindituko dute, ordea, eta banaketa ugari izango dira. Aldiz, Anna (Jessie Buckley) eta Ryanen (Jeremy Allen White) kasuan, %100 izan da emaitza. Baina Anna, hala ere, ez dago erabat ziur, eta zalantzak areagotu egingo zaizkio maitasuna ebaluatzeko institutu batean lanean hasi eta Amir (Riz Ahmed) ezagutzen duenean.
«Egia esan, nik ez dakit zer den maitasuna, eta ez dakit gutako inork ba ote dakien», aitortu zuen zuzendariak, emanaldiaren osteko agerraldian. «Guztiok gabiltza haren bila, zer den zehazki jakin gabe ere, eta zaila da aurkitzen». Haren ustez, «zerbait instintiboa da, sentitu egin behar dena, eta batzuetan mingarria ere izan daitekeena». Edonola ere, filmarekin fokua ideia batean jarri nahi izan duela azaldu zuen: «Maitasuna egunero landu beharreko sentimendu bat dela».
Garai bateko hainbat abestiri zein pelikulari egiten zaie erreferentzia kontakizunean —Nothing Hill filmari, besteren artean—, baina zuzendariak zehaztu zuen ez duela istorioa garai jakin batean kokatu nahi izan. Hala ere, horrek teknologiaren auziaz hitz egiteko balio izan diola azaldu zuen. «Gaur egun, esperientzia oso desberdina da. Jende ugarik erabiltzen ditu bikotekidea topatzeko aplikazioak; hatza baliatzen du, eta, kasu honetan, azazkala. Hala, guk gailu bakarra sortu dugu, makina hori, teknologiaren inguruko iruzkin bat egiteko».
Zuzendaria bakarrik izan zen Donostian bere filma defendatzen, baina aktore taldea gogoan izan zuen, eta haien lana goretsi zuen. «Antzezle bikainak eta pertsona zoragarriak dira». Irizpide zehatzak eman beharrean, haiekin batez ere filmaren tonuaz hitz egiten zuela aipatu zuen Nikouk, eta giro hori lortzen laguntzeko musika jartzen zuela grabazioetan.
Halaber, filmaren ekoizle lanetan aritu den Cate Blanchet aktorearentzat ere esker oneko hitzak izan zituen. «Zoragarria izan da harekin lan egitea. Venezian ezagutu genuen elkar, duela bi urte, eta elkarrekin aritzea erabaki genuen. Ez genuen harentzat pertsonaia berezirik, baina parte hartu nahi zuen, eta prozesu osoan lagundu zigun. Sekulako sena du».
Paisaia hotzek inguratuta
Arratsaldeko emanaldian, Isabella Eklof zinemagile suediarraren Kalak filma hartu zuen Kursaaleko auditoriumak. Aurrez, Holiday (2018) lehen film luzearekin, Sundancen lehiatu zen. Groenlandian girotutako istorio bat eraman du Sail Ofizialeko lehiara, eta Kim Leine gidoilariak zein Emil Johnsen eta Berda Larsen aktoreek lagunduta aurkeztu zuen.
Istorioaren protagonista Jan da (Johnsen). Aitak sexu erasoak egin zizkion, eta, Danimarka utzita, Groenlandiara jo zuen. Han bizi da orain, emaztearekin eta seme-alabekin, bertako jendeen, ohituren eta paisaia hotzen artean. Egun batez, aitaren gutuna iritsiko zaio etxera, zeinetan gaixo dagoela esaten dion. Aldi berean, hainbat andrerekin harremanak izango ditu, eta bizipen gehiago ere korapilatuko zaizkio.
Orain lau urte hasi zuten zuzendariak eta gidoilariak filma lantzeko elkarlana. Hain zuzen ere, Leineren liburu autobiografikoa du oinarri lanak. Eklofi «oso indartsua» iruditu zitzaion istorioaren muina. «Gero, Groenlandiara joan ginen, jendearekin hitz egin genuen,pertsonaiak aztertu genituen... Baina gehiengoa Kimengandik dator». Gidoilariak azaldu zuenez, hamabost urtez bizi izan zen Groenlandian, eta, krisialdi baten ondotik, Danimarkara itzultzean idatzi zuen liburua. Hura eta filma bereizi beharraz mintzatu zen. «Gidoia idatzi nuenean, banekien ez zela artelan bat, Isabellarentzat lanerako tresna bat baizik; artelan berri bat egin du berak».
Groenlandian filmatzea ez zela batere erraza izan aitortu zuen zuzendariak, baina filmaren ezinbesteko osagaitzat jo zuen lurraldea bera.
Pianistaren arrastoan
Lehian aurkeztutako bi filmez gain, beste bat ere jaso zuen Sail Ofizialak atzo, emanaldi berezi batean: Fernando Truebak eta Javier Mariscalek zuzendutako They Shot the Piano Player animaziozko lana. Ez da hau bi egileek elkarrekin lan egin duten aurreneko aldia, 2010ean Chico y Rita estreinatu baitzuten.
Hark bezala, They Shot the Piano Player-ek musika du ardatz. Kazetari newyorktar batek Argentinako diktaduraren lehen egunetan desagertutako pianista brasildar baten berri izango du, eta, hura ezagutu zutenak elkarrizketatuz, haren azken egunak nolakoak izan ziren deskubrituko du. Pianista Tenorio Junior deitzen zen, eta bakarka disko bakarra grabatu bazuen ere, Brasilgo eta AEBetako hainbat musikarik miretsia zen, eta bere herrialdeko artista askorekin egin zuen lan. Hain zuzen, Argentinan 1976an desagertu zenean, Vinicius de Moraesekin kontzertu batzuk ematen ari zen.
2004an ezagutu zuen Truebak Tenorio Junior, Brasilera eginiko bidaia batean. «Diskoak erosten ari nintzen, eta han aurkitu nuen. Niretzat ezezaguna zen, eta disko gehiago eskuratu nahi izan nituen, baina bakarra zuen. Orduan jakin nuen desagertua zela». Garai berean Vinicius De Moraesen alabarekin hitz egin zuen Truebak, eta baita hari buruzko dokumental bat Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten zinemagile batzuekin ere. «Eta erabaki nuen gaiari serio heltzea. Brasilera eta Argentinara hainbat bidaia egin nituen bi urtean, eta 150 elkarrizketa egin nituen: adiskideak, musikariak, senideak...».
Hasieran dokumental bat egiteko ideia izan bazuen ere, Tenorio Juniorren desagertzeari buruzko istorioak animaziozkoa izan behar zuela erabaki zuen azkenean: «Dokumental bat balitz, busto hiztunez josita egongo litzateke filma, pertsonaia nagusia desagertua dagoelako. Animazioaren bitartez, ordea, berpiztu genezakeen Tenorio».
Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Maitemina ehunekotan
'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak