Duela mende bete baino gehiago estreinatu zuen Bilboko Koral Elkarteak, baina adituek obra txikitzat jo, eta ahanzturan erorita egon da Maitena euskal opera lirikoa denbora luzez. Pedro Alberdi egungo Bilboko Koral Elkarteko zuzendariaren hitzetan, ordea, «oso fina» da obra, eta baita euskal operaren historian «giltzarri» bat ere. Horregatik erabaki dute berreskuratzea, eta harekin disko bat grabatzea ere.
Euskal ondare lirikoa berreskuratzeko kanpaina zabalago baten parte da egitasmoa. Euskalopera deitu dute proiektua, eta lau bultzatzaile nagusi ditu: Bizkaiko aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Koral Elkareta eta Petronor enpresa. Galdutzat jotako edo erdi ahaztuta gelditu diren euskal operen eskuizkribuak argitaratzea da helburua, eta baita haiekin emanaldiak eskaini eta grabazioak egitea ere. Maitena-ren kasuan, irailean egingo dute lan hori, eta IBS Artist diskoetxeak egingo ditu grabazioak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du lana, eta, arduradunek zehaztu dutenez, «lehen mailako abeslari zerrenda» izango du ondoan.
Euskal operak sortzeko enkargua
Charles Colin konpositoreak sortu zuen Maitena-rako musika, eta Etienne Decrept-ek idatzi zuen libretoa, baina sorkuntza lan hura ere programa zabalago baten parte izan zen. XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Elkarteak eskari sorta bat egin zien euskal konpositore garrantzitsu batzuei, eta Maitena izen zen enkargu horietako baten emaitza. Euskarazko errepertorio lirikoa sortzea zen elkartearen helburua, eta horretarako jo zuten genero horretan aritzen ziren sortzaile esanguratsuengana: Jose Maria Usandizagarenga, Santos Intxaustirengana eta Jesus Guridirengana, kasu. Hala sortu ziren, Maitena ez ezik, Mendi-Mendiyan, Lide ta Ixidor eta Mirentxu obrak ere.
Maitena izeneko emakumearen bizitza du ardatz operak. Eszena Mendiburu baserrian kokatua dago, Lapurdiko natura bete-betean, eta hangoxe alaba da Maitena. Aitak, Ganitxekin ezkondu nahi du alaba, gizarte klase oneko gaztearekin, alegia, baina, alabak Domingo pilotaria maite du. Aitaren aginduei izkin egiteko, Buenos Airesera joaten dira bi maitaleak, eta, han, Domingok arrakasta lortuko du bere lanbidean. Orduan dator zoritxarra, ordea. Ameriketan bost urte igaro eta gero, senarra eta seme bakarra galdu eta gero, bere jostun lanbidea utzi, eta jaioterrira itzultzea erabakiko du Maitenak. Etxean, aitak, hasieran, ez dio harrera onik egingo, baina, azkenean, geratzeko eskatuko dio, eta Ganitxekin ezkontzeko, hark ez baitu sekula ahaztu.
Hedapenaren garrantzia
«Ederra» da euskal opera lanak berreskuratzeko egitasmoa, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, eta proiektua posible egin duen erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du. «Hori are garrantzitsuagoa da gauden unean». Hedapena ere kontuan hartu beharrekoa dela iritzi dio. «Gure kultura ondarea ikertu, berreskuratu, kontserbatu eta zaintzeaz gain, hedatu egin behar da. Gure ondarea zabaltzeko gai izan behar dugu. Ekimen honi esker, euskal gizarteak duela mende bat baino gehiagoko euskarazko pastoraltza lirikoa ezagutzeko aukera izango du».