KRITIKA. Antzerkia

Makina bat kopa

Agus Perez.
2024ko otsailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

'Un delicado equilibrio'

Ekoizpena: Producciones Teatrales Contemporaneas. Egilea: Edward Albee. Zuzendaritza: Nelson Valente. Eszenografia eta jantziak: Lua Quiroga Paul. Argiak: Ion Anibal Lopez. Antzezleak: Joan Bentalle, Alicia Borrachero, Cristina de Inza, Anna Moliner, Ben Temple, Manuela Velasco. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Otsailak 25.

Edward Albee (1928-2016) idazle estatubatuarrak bere hiru Pulitzer sarietariko bat eskuratu zuen A Delicate Balance (Oreka hauskor bat) obrarengatik, 1967an. Igande euritsu batean hurbildu gara antzokira, Albeeren testuen sendotasunak erakarrita baina gure zalantzekin ere bai, mesetatik datozkigun azpiproduktuen eraginak beldurtuta, baina esan dezakegu alde guztietatik aurkitu ditugula antzezlan bikain baten ezaugarriak.

Hasteko eta behin, esango dugu Albeeren testu hau oinordeko zuzena dela Tenneesse Williamsekin hasi eta Arthur Millerrekin jarraitu zuen antzerkiaren sagarena. Duda barik, bere obrarik ospetsuena Who's Afraid of Virginia Woolf? (Nor ote da Virginia Woolfen beldur?) izan zen, baina bere beste lan batzuk ezagunak dira: Vladimir Nabokoven Lolita-ren antzerkirako moldaketa, The Goat or Who is Sylvia? (Ahuntza, edo nor da Sylvia?) edo Breakfast at Tiffany’s (Gosaria Tiffany’s-en), adibidez.

Oraingo honek ere estatubatuar dramagintzaren osagai nagusiak dauzka: familia barruko harreman arazotsuak, iraganean izandako ezbehar batengatiko kulpa, alkoholak pertsonaia batengan daukan eragina... Baina egileak ondo baliatu zituen bere estiloko eztena-solasaldiak ohiko gogoeta erdi psikologiko erdi filosofikoak gatz eta piper tanta batzuez hornitzeko, Harold Pinter ingelesaren ildotik nolabait. Hala ere, pertsonaien arteko solasaldiak errenkadan jarritako testu luzeen segida iruditu zaizkigu askotan, beren balio literarioa gorabehera.

Gauzak horrela, matrimonio heldu baten lilura falta eta elkarri botatako purrustadak azaleratuko dira betidaniko bikote lagun baten etorrerarekin, eta, alde horretatik, saihestezina da Who's Afraid of Virginia Woolf?-ekin akordatzea, egoera agian kontrakoa izan arren. Gainera, kasu honetan, emaztearen ahizpa alkoholikoaren kasua gehitu zion egileak kontuari, eta, horrekin batera, lau aldiz ezkondu eta lautan dibortziatu den alaba umetu baten rola. Ikusten denez, ez da osagai dramatikorik falta argumentuan, baina sei antzezleen eta zuzendariaren lan bikainari esker, sinesgarritasun osoz irentsi ditugu haien guztien korapilo existentzialak.

Eta, azkenik, kontu tekniko batzuk: aberatsen etxetzar horretan, zergatik hartu behar dute gosaria mahairik gabeko alfonbra gainean? Zergatik iragarri digute emanaldia 100 minutukoa izango zela, gero bi ordu eta erdi iraun badu? Errespetu falta iruditzen zait, batez ere garraio publikoa erabiltzen dutenentzat. Eta, azkenik, ez al da bitxia Claire alkoholikotzat jotzea eta bai berak bai beste guztiek emanaldian zehar makina bat kopa hartzea goizeko zazpi eta erdietatik hasita?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.