Makineriaren neurrira fabrikatutako piezak

Artearen eta kapitalismoaren gertutasunaz egin du solas Bojana Kunst filosofoak, Donostian, Ixiar Rozasen gidaritzapean. Museoek artea xurgatzen dutela iruditzen zaio, eta sortzaileek baldintza kaxkarretan lan egiten dutela: «Artisten bizi grina erabat zapalduta dago»

Ixiar Rozas arte aditua eta Bojana Kunst filosofoa, hitzaldian. JON URBE / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nola birpentsa daiteke artistaren lanaren kontzeptua gizarte neoliberal honek izan duen eraldaketaren baitan? Galdera airera bota zuen Bojana Kunst filosofo eta performancearen teorialariak, herenegun, Donostiako Kaxilda liburu dendan, Azala espazioak eta Kaxildak antolatuta, Ixiar Rozas idazle eta arte adituaren gidaritzapean egindako hitzaldian. Ardatza: uda honetan kaleratuko duen liburua, Artist At Work, Proximity of Art and Capitalism (Artista eta lana, artearen eta kapitalismoaren gertutasuna). Subjektibitatearen ekoizpena, gizarteratzea,artistaren lanaren ikusgarritasuna... Makina bat gai mahaigaineratu zituen aretoa leporaino bete zuten ikusleen aurrean, betiere egungo testuinguruan fokalizatuak, eta etengabe gizarte kapitalistaren erraiei so eginez.

«Subjektibitateen ekoizpenaz mintzo da Kunst, zaurgarritasunez. Pentsamendu eskuzabala dauka». Horixe Rozasek egindako aurkezpena. Fin ehundutako ideiekin erantzun zion deskribapenari gonbidatuak.

Lan munduan paratu zuen ikusmira. Egungo sortzaileak «kapitalismo garaikidetik oso gertu» daudela ziurtatu zuen, hasi bezain pronto. Kritiko. Hala, galdera erretorikoek gidatu zuten haren solasa: «Zein subjektibitate mota dauzkate egun artistek? Kapitalismoan subjektibitateen kontsumo erradikala dago. Beraz, zein da keinu erradikal horren potentzia politikoa?». Sistemak berak «barneratutako» sorkuntzaz egin zuen solas, «irentsitakoaz». «Museoek artea xurgatu dute». Adibide baten bidez lagundu zuen esandakoa, benetan gertatutako pasadizo batekin.

San Frantzisko (AEB). SFMOMA museoa. Marina Abramovic performance egilearen espektakulua. Artistak performance egile gazteei laguntza eskatu zien, musu truk. Haatik, kontratu bat sinarazi zien. Ez ordaintzeko, baina; baizik eta, emankizunaren inguruan zer edo zer kontatuz gero, bi milioi dolarreko zerga kobratzeko. Gazteetako batek ez zuen hitzarmena sinatu, eta gertatutakoa jakinarazi zuen, etikoki eta politikoki salagarria zela sinetsita. «Nik halako anekdotak aztertzen ditut, historia ulertzeko asmoz». Horrelako gertakarien ikerketa eginez josi zuen erroko irakurketa bat. «Halako artistei ematen diegun balioaz pentsatu behar dugu. Ia-ia ez diete ordaintzen beste sortzaile batzuei; eta beste horiek, gazte horiek, nolabaiteko proletargoa dira». Konstanteki ahoskatu zuen hitz bat: «esplotazioa». «Zapalduta» bizi dira, haren irudiko, egile asko. «Artistaren bizi grina erabat zapalduta dago».

Ez zen hori izan gogora ekarritako katebegi bakarra. Esku hartzeaz ere mintzatu zen: «Publikoari esaten zaio instituzioetan ekiteko, esperimentatzeko... Baina parte hartze horiek prozesu politikoak izan daitezke, baldin eta kolaborazioa bada esku-hartzeko era bakarra?» Alde biko txanpona dela salatu zuen. «Kolaborazioa zapaltzeko tresna da, batzuetan; besteetan, ordea, elkartasun gisa ernaltzen da».

Lana eta bizitza. Horra Kunsten beste bi kezka: «Lan denboraren eta denbora pribatuaren muga lausotzen ari da, eta hor, praktika feministei nagokie, denbora politizatu beharra dago».

Mihia zorrotz, «artistaren paperarekiko eraso politikoa» kritikatu zuen. «Kreatibitate subjektuaren fetitxizazioa dago, eta, aldi berean, sistemak artistak larrutzen ditu, alferrak eta berekoiak balira bezala». Horregatik, lanaren izaera balioetsi zuen: «Lan artistikoa ofizioa gisa ikus dadin teknikak garatu behar ditugu». Tresna: «Sorkuntza prozesuak ikusaraztea». «Hainbesteko abstrakzioa dago, ezen, badirudi artistak espazio fisikorik eta materialik gabe sortzen duela, eta ez. Materialtasunik gabe, sorkuntza marka hutsa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.