Hedonismoa lantzen dutela esaten diete maiz. Mamba Beat taldeak —Mikel Piris (ahotsa, programazioak eta saxoa), Miguel Comas (baxua, programazioak, gitarra), Andeka Marina (perkusioa, koroak) eta Igor Imaz (bateria)— ez dio muzin egiten ondo pasatzeari, «festa eta dantza» proposatzeari. Hori dute helburu nagusietako bat, «dantzalekuak lehertzea», Mikel Pirisek dioenez. Baina ez dira horretara mugatzen. Musika elektronikoa eta dantzagarria egiten dute, baina mezu bat badute bidaltzeko.
Mezuen kontzeptua oso argi geratzen da kaleratu berritu duten The (part1) lau kantuz osaturiko EPn. Ingelesez the artikulua erabiltzen dute kontzeptuen aurretik. Lan berrian lau kontzeptu jorratu dituzte, hain zuzen ere, kantu bakoitzeko kontzeptu bat. The Dance (dantza), The Life (bizitza), The Faith (fedea) eta Gaua (The Night) —euskaraz abestua azken hori—. Beste bi EP ere kaleratzeko asmoa dute, haiek ere kontzeptuz beteak. «Ondoren erabakiko dugu denak biltzen dituen diskoa atera ala ez». Izan ere, egun Internetek garai bateko irratiak bezala funtzionatzen duela uste du Pirisek. Horregatik atera dituzte kantuak singleak balira bezala. «Orain kantuek funtzionatzen dute sarean eta irratietan. Horregatik erabaki genuen kantuak banan-banan ezagutaraztea eta gero EPa kaleratzea». Bartzelonako Tsunami Music zigiluarekin plazaratu dute lana, eta «ohore handia» izan dela diote: «Musika elektronikoa oso ondo lantzen duen zigilua da; asko zaintzen dute musika mota hori. Guk ere bagenuen gogoa Bartzelonan lan egiteko, eta esperientzia aberasgarria izan da».
Gaztelupeko Hotsakekin kaleratu zuten taldearen izen bereko lehen diskoa 2007an, eta Baga-Bigarekin bigarrena, Energia, 2009an. Donostaiko Le Bukowskin aurkeztuko dute lan berria gaur (20:00etan). Geltidu gabe ibiltzeko asmoa dute gero.
Mamba Beaten dantza eta mezua, eskutik
Bilboko taldeak 'The (part 1)' lau kantuz osaturiko EPa kaleratu du, musika elektroniko dantzagarria landuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu