Zygmunt Bauman. Soziologoa eta filosofoa

«Mantsoago ibiltzeko erronka ez dago guztion esku; asko eskatzen du»

Soziologo poloniarrak urte asko eman ditu modernitate eta posmodernitate likidoaren kontzeptuak aztertzen eta zehazten; aurreko asteburuan Bilbon izan zen horien inguruan aritzeko.

Bilbo
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gizarte arin batean bizi dela argi du Zygmunt Bauman pentsalari poloniarrak, aspaldi daki hori, eta gizartearen azkartasun berarekin mugitzen da, 87 urte baditu ere. Presaka eta lasterka egin du ihes, Mundua aldatzeko ideiak pentsalari topaketen hirugarren eguneko prentsaurreko aurkezpenetik. «Minutu batzuk emango dizkizut, baina kanpoan izan behar du, erretzera irten behar dut», esan dio BERRIAko kazetariari, eta Euskalduna jauregiko eskailera labirintikoetan gora egin du, bizkor, itzultzailea eta kazetaria jarraika dituela. Modernotasun likidoaren kontzeptuaren aita dugu Bauman, eta badirudi likidotasun horretan ere eroso mugitzen dela zenbaitetan. Izan ere, ia ez du zerikusirik prentsaurrekoan aritutako gizon trankilarekin. Orokorrean, ez dio elkarrizketarik ematen prentsari, baina oraingoan salbuespena egin du.

Euskalduna jauregiko atondora heldu, eta ateetako bat zabaltzen saiatu da; ez du zorterik izan eta beste ate batera jo behar izan du: «Hau bai». Pipa eskuan, poltsikotik tabako zorrotxoa atera du, tabako apur bat hartu, eta pipan sartu du: «Bota!», eskatu dio kazetariari. Baumanek haren hitzak ulertu ez, eta kazetariari eskuan dituen paperak momentu batez kendu dizkio, «Kazetaritza likidoa?», irakurri du paper idatzi eta zirriborratuetan. Itzultzaileak ezetz esan dio, modernitate likidoaz galdetu diola, ia ze irizpidek bereizten duten modernitate likidoa eta zer eragin duen horrek gizabanakoen identitateetan.

«A, bale!», erantzun die, eta, pipa piztu ezinik, poltsikotik zigarreta bat atera, eta piztu egin du; zurrupada azkarra eman dio, eta lasterka erantzun du: «Horrekin esan nahi dudana zera da errealitatea etengabe alda daitekeela formaz, likido baten antzera, ur baso baten modura: ondo jartzen baduzu, likidoak ez du ihes egiten, baina alde batera botatzen baduzu, likidoa jauzi egiten da. Zer eragin du horrek gizakien identitatean?», istant batez gelditu da, arnasa hartzeko, eta bizkor jarraitu du, baina hitz sendoz, solidoz: «Denok, zuk, berak, nik… gure benetako existentzia bilatzeko beharra daukagu, baina, aldi berean, edozein momentutan hori aldatzeko ahalmena izan nahi dugu», irribarretxo ironikoa eskapatu zaio. «Atzo nire identitatearen partetzat hautatu nuen horrek ez du gaur gehiago balio. Eta horrek, kanpoko munduaren likidotasuna, munduan dudan egoeraren likidotasunarekin konektatzen du». Izan ere, gizartea ez ezik, gizabanakoak ere, likidotasunak dakartzan eskasia eta ziurtasun eza partekatzen dute haren iritziz.

Natural onartzen du munduaren izaera, eta urrun ikusten du nortasun solidoagoko gizarte bat berreraikitzeko aukera. Uste duenez, etorkizunak ez du erritmoa mantsotzen utziko: «Mantsoago ibiltzeko erronka ez dago guztion esku, asko eskatzen du. Ez da jendeari ideia hori gustatzen ez zaionik, izan ere, geldoago ibiltzeko ideia oso erakargarria da, baina eguneroko bizitzaren presioa hain da handia… Jendeak dirua irabazi behar du, fakturak pagatu behar ditu, umeak eskolara bidali, proiektu bat amaitu lanetik bota ez dezaten… Nola joan zaitezke mantsoago?», buruaz ezetz esan du, eta zigarroari azken zurrupada eman dio. «Dirudunek baino ez dute horretarako aukerarik».

Bere saiakeretan, behin baino gehiagotan azaldu eta salatu du egungo munduaren likidotasunaren eragina. Horien artean dago kulturaren hustasuna, baina horri baino garrantzitsuago deritzo kulturak gizakien harremanetan duen eraginaz berba egiteari: «Benetan garrantzitsuena gizakien arteko harremanak dira», azaldu du, eta hitz-jario azkarrari heldu dio berriro: «Mementoaren tirania bizi dugu. Dudazko ingurunean bizi garenez, bizitza pasartetan banatzen dugu. Pasarte bakoitzak hasiera bat dauka, eta amaiera bat izan dezala espero da. Pasarteak oso laburrak dira, beti, eta guk pasarte horiei banandurik eusteko ardura dugu. Hau da, pasarte batek ez du hurrengoan inolako eraginik izan behar. Hori ideia utopikoa da, bizitzak eragina duelako, batez ere, norberak iraganean egin duen horrek etorkizuna mugatzen duelako».

Munduaren likidotasunak gizakien harremanetan duen eragina ondo aztertu du, esaterako, Liquid ove: on the frailty of human bonds (Maitasun likidoa: gizakien harremanen loturetako eskasiak) liburuan. Hor idatzitakoak errepikatu ditu berriro ere: gizakiak gizakiak kontsumitzen ditu; gizarte harremanetan ere, kontsumismoaren logika nagusitzen da: «Une honetan, harremanen dibertsifikazioa oso garrantzitsua da gizakiontzat. Aldaketan zenbait aukera dago, bestela, damutu egingo naiz, beste harreman baterako aukera izaterakoan loturik nagoelako. Proiektu bat amaitzeko desira sortzen zaizu, zure etorkizuna hipotekatzen ari zaren beldurragatik».

Euskaldunatik kanporatzen ari den jendeari erreparatu, eta kazetariari galdetu dio: «Galdera gehiagorik duzu? Bota ezazu azkena!». Eta haren galderari erantzunez, Baumanek berriro errepikatu du ez dela kapaz etorkizuna aurreikusteko. Baina, hala ere, uste du giza harremanen etorkizuna aurrerantzean ere likidoa izango dela: «Atzera egiterik balego, bigarren lubaki lerroa izango genuke; ederto legoke, baina ez da hain erraza. Balio bi daude gizakion bizitzetan, eta ezinezkoa da horiek gabe bizitzea: segurtasuna eta askatasuna. Askatasunik gabe, segurtasuna esklabotza da, eta segurtasunik gabeko askatasuna, kaos absolutua eta ziurtasun eza. Beraz, biak behar ditugu. Zein da antzinako eta egungo harremanen arteko diferentzia? Segurtasuna eta huts egitea adiskidetzeko saio mota bi daudela: segurtasun gehiago lortzeko, askatasun txikiagoa izan behar duzu, eta alderantziz». Agur esan,eta alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.