Ostiralekoa. Artea

Mantsotzeko, artearen bidez

Bene Bergadok hiru hamarkadatan egindako lanak moldatu ditu Bilboko Azkuna zentroan ireki duen 'Urrituz' erakusketa atontzeko. Desazeleratzeko deia du oinarrian bere lanak

Bene Bergado, Azkuna zentroan erakusgai jarri dituen lanetako batzuei begira, joan den astean egindako aurkezpenean. AZKUNA ZENTROA.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bilbo
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Lurra ez da gure arbasoen oinordetza, ondorengoei hartu diegu maileguan». Mugimendu ekologistaren aipua bere egin du Bene Bergado artistak (Salamanca, Espainia, 1963) Urrituz erakusketaren zergatia esplikatzeko. Bilboko Azkuna zentroak hartu du, eta «kapitalismo basatiaren» ikuspegi kritikoan sakondu eta eragiteko asmoarekin eraiki du. Jose Luis Moraza izan da komisarioa eta urtarrilaren 7ra arte ikusi ahal izango da.

Infinitiboa da urritu aditza, eta, hain zuzen, ekoizpenari eta kontsumoari lotu, eta erakusketa bera «ekintzarako deia» dela nabarmendu du Morazak: «Desazkundea saihetsezina izango da, dela aukera gisa, dela ezinbestez datorkigun kolapsoaren ondorioz; geure bizitzaren gaineko erantzukizuna izan beharko dugu, egiten dugunaren eta horrekin transmititzen dugunaren gaineko erantzukizuna».

Erakusketak agerian jartzen du artearen eta berau aztertzen duenaren artean dagoen tentsioa; hartzailea hausnarketara daramana. Sartzearekin bat, Elkartze eta apaindura abailtzea obra topatuko du bisitariak, aurretik egindako lan baten berreguneraketa. Jatorrizko bertsioan, ping-pong mahaia lurrean etzanda zegoen, eta, orain, berriz, hormatik zintzilik. Gizartean dagoen aukera desberdintasunaren metafora bat da, Bergadok berak azaldu duenez.

Bateria oxidatuak

Lur errea, bere aldetik, lau partetan zatitutako dorre elektriko batez osatua da, habitat edo babesleku bihurtua. Bateria lana, berriz, hogei metro luzeko industria-apalategi batez osatutako instalazioa da. Artistaren ibilbide osoaren dokumentazioa dago bertan, baita erakusketa hau egiteko prozesuan erabili dituen elementuak ere. Eta badira pieza batzuk beste batzuk erakartzen dituztenak. Justaposizioarekin eta oposizioarekin jolastu nahi izan du Bergadok: «Artista bakoitzak bere desiratik jarduten du. Ondare sinboliko eta sentikor baten gainean. Obrak, izan norberarenak ala besteenak, haien arteko harremanean existitzen dira, beren eroankortasunean. Eta sorkuntzako une bakoitzak atzera begirako begirada bat lotzen du, begirada prospektibo batekin».

Hori bateriaren irudiarekin lotu du artistak, material horien «interkonexioak» aktibatzen dituelako: «Elektrizitatearen sorkuntzaren jatorria oxidazio eta usteltze prozesuen behaketatik dator». Historiako lehen bateria zilarrezko eta zinkezko disko metalikoen pilaketa bat izan zen; oihal, kartoi edo azalezko zatien bidez elkarrengandik bereizitakoa eta ozpinez zein ur gaziz bustitakoa.

Aretoetatik bira bat emandakoan ohartuko da bisitaria Urritu ez dela bakarrik erakusketaren edukia ala gaia. Bergadok ere azaldu du esperientzia artistikoaren berezko «konpromisoa» ere badela. Izan ere, mundua irudikatzeaz gain, munduan jarduteko modu berezi bat ere badira Bergadoren obrak. Bizitzarekiko erantzukizun eta arreta modu bat adierazten dute.

Enpresa eraginkorrak legez

Azkuna zentroko erakusketa aretoarentzat propio egindako erakusketa espezifikoa da. Artistaren alderdi biografiko eta ideologikoak uztartzen ditu, egileak esan duen moduan, iraganera joateak oraina sendotzen duelako: «Urritu proiektuak, niretzat, aurreko proiektuetan adierazi ditudan gaiak sakontzea dakar. Ekoizpenaren hazkunde mugagabeari zentzua eta zergatia topatzearren sortu dut».

Adibide bat jarri du: enpresarena. Ondo joan dakion, urtez urte esponentzialki hazi behar badu, «halabeharrez kolapsora bidean» doala uste baitu berak: «Hazkunde ekonomiko etengabe eta mugagabean oinarritutako kapitalismoaren logikaren aurrean, gizateriak ezagutu duen energia iturri oinarrizkoena bihurtu da petrolioa. Baliabide eta hornitzaile hutsa da, eta, dagoeneko, ez da gai gure kontsumoaren abiadura berean birsortzeko».

Bergado Madrilen bizi da egun, baina, haren lan egiteko modua Euskal Herrian garatu izanaz harro azaldu da: «Eskultore izateko prestakuntza dut, eta ez dut ahaztu [Donostiako] Artelekun ezagutu nuen tailerrak zuen izpiritua. Horrek betiko markatu ninduen».

Azaldu du ez dela denbora gehiegi igaro haren aitaren heriotzatik eta edozein erakusketak «kutsu bereziagoa» hartzen duela orain. Lanak eraman zuen Bilbora aita, eta Iberdrolarentzat lan egiten zuela azaldu du Bergadok: «Horrela, hurbiletik ezagutu nuen nik zein zen instalazio elektriko baten dinamika osoa. Bestalde, garai haietan bazen aurrera egiteko ilusio handia, hobetzekoa, bizitzaren zentzu denetan. Hortik ere asko edan nuen. Fedea zegoen etorkizunean, garai hartan hegoak ematen zituena».

Salaketak, beraz, itxaropenarekin eta ironiarekin topo egiten du Urritu erakusketan. Hala dago azalduta, esaterako, lauza batean. Bonba nuklear baten ondorengo hodeiaren antzeko bat irteten da pitzadura batetik —kaleko harlauzetatik hosto eta belar txikiak irteten diren eran—. Bizitzak beti bidea topatzen duela iradokiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.