Urtero moduan, Donostiako Zinemaldia hasia da, tantaka-tantaka, aurtengo programaziorako hautatu dituen filmen berri ematen. Jaialdiaren 70. aldian Sail Ofizialean Urrezko Maskorrerako lehian izango diren beste hamabi filmen izenburuak jakinarazi berri ditu: Manuel Abramovich, Christophe Honore, Sebastian Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sang-soo, Ulrich Seidl eta Petr Vaclav zuzendarien pelikula berriak daude horien artean, baita Genki Kawamuraren eta Marian Mathiasen lehen lanak ere. Irailaren 16tik 24ra egingo dute jaialdia.
Manuel Abramovichen aurreko hainbat lan jada erakutsi izan dituzte Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta bere laugarren film luzearekin lehiatuko da orain Sail Ofizialean: Pornomelancolía / Pornomelancholia, zeina sex influencer baten erretratua den. Zinemagile argentinarraren lana WIP Latam sailean hautatu zuten iaz, eta Ikusmira Berriak egonaldietan parte hartzeari esker sortu ahal izan du, Mikel Gurreak Suro filma bezalaxe; hala, aurten lehen aldiz, programa horretako bi film izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaien artean.
Christophe Honore zuzendari frantsesa aurrez izana da Sail Ofizialean, La belle personne / The Beautiful Person (2008) eta Non ma fille, tu n'iras pas danser / Making Plans for Lena (2009) lanekin, eta berriro lehiatuko da aurten, aita hil ondoren krisian sartuko den nerabe bati buruzko Le Lycéen / Winter Boy filmarekin. Aktoreen artean Paul Kircher, Vincent Lacoste eta Juliette Binoche daude.
Hong Sang-soo zinemagile korearrarentzat ere ez da izango Sail Ofizialeko lehian parte hartuko duen lehen aldia, Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours filmarekin (2016) zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen. Aurten, berriz, Top / Walk Up filmarekin lehiatuko da, zeinak zinema zuzendari batek hainbat pertsonarekin topo egiten dueneko istorioa kontatzen duen. Zabaltegi-Tabakalera sailean ere bi lan erakutsi zituen: Geu-hu / The Day After (2017) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020, aipamen berezia).
Sebastian Lelio txiletarrak ere ezaguna du jaialdia, Perlak sailean Gloria-rekin (2013) eta Horizontes Latinos sailean Una mujer fantástica / A Fantastic Woman-ekin (2017) parte hartu baitzuen. The Wonder lanarekin estreinatuko da Sail Ofizialean; XIX. mendearen erdialdean Irlandako herri batean girotua, hainbat hilabetez ezer jan gabe bizirik iraun duen neskato baten istorioa kontatzen du, eta Emma Donoghueren izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Florence Pugh, Ciaran Hinds, Tom Burke, Toby Jones, Elaine Cassidy eta Niamh Algar antzezleek lan egin dute filmean.
Diego Lerman argentinarra ere aurrez izana da Zinemaldian; Horizontes Latinos sailean bi aldiz erakutsi ditu bere lanak, eta Una especie de familia / A Sort of Family filmagatik (2017) Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen. Oraingoan, El suplente / The Substitute filmarekin lehiatuko da, zeinak Buenos Airesko aldirietako irakasle baten jazoerak biltzen dituen. Proiektu fasean zela, jaialdiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2019an. Juan Minujin, Barbara Lennie, Alfredo Castro, Maria Merlino, Lucas Arrua eta Rita Cortese dira filmeko protagonista nagusiak.
Marco Martin portugaldarrak Erresuma Batuan filmatu eta girotu du bere lan berria, Great Yarmouth-Provisional Figures, eta immigrazioaren drama jorratu du bertan. Tania du protagonista, jatorriz portugaldarra dena, eta bere herrialdetik etorritako langileen eta Norfolk eskualdeko lantegien arteko lotura gisa jokatzen duena.
Laura Mora kolonbiarrak, berriz, Medellin hiriko kaleetan bizi diren bost mutiko jarri ditu protagonista Los reyes del mundo / The Kings of the World ipuin subertsibo eta fantastikoan. Bigarren film luzearekin itzuliko da Mora jaialdira; aurrez, Matar a Jesús / Killing Jesús filmarekin (2017), Zuzendari Berriak sailean aipamen berezia irabazi zuen, baita Gazteriaren saria ere.
Frelle Petersen zuzendari danimarkarra, aldiz, lehen aldiz lehiatuko da Zinemaldian, Resten af livet / Forever lanarekin. Familia erretratu korapilatsu baina baikorra da filma, non bi senar-emaztek eta haien alabak doluari aurre egin beharko dioten, haien seme nagusia eta anaia zaharra hiltzen denean. Aurrez, Onkel / Uncle filmarekin (2019), Tokioko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren Sari Nagusia eskuratu zuen zinemagileak.
Ulrich Seidl austriarrak jaialdiko beste sail batzuetan erakutsi izan ditu bere lanak aurretik —hala nola atzera begirakoetan zein Zabaltegi-Tabakaleran—, eta lehen aldiz hartuko du parte orain lehiaketa ofizialean, Sparta filmarekin. Aurtengo Berlinalen estreinatu zuen Rimini (2022) filmarekin hasitako diptikoa ixten du zuzendariaren film berriak; hain zuzen ere, Sparta-ko pertsonaia nagusia Rimini-ko protagonistaren —porrot egin duen abeslari baten— anaia da.
Petr Vaclav txekiarrak, berriz, Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen Paralelní svety / Parallel Worlds lana (2001), eta Il Boemo drama biografikoarekin izango da lehian aurten. Josef Myslivecek du ardatz pelikulak, 1770eko hamarkadako opera italiarreko konpositore emankorrenetakoa izan zen musikagilea.
Beste bi zinemagile beren lehen lanekin lehiatuko dira: Genki Kawamurak, hainbat animazio film japoniarren ekoizleak —hala nola Bakemono no ko / The Boy and the Beast (Mamoru Hosodak zuzendua eta Sail Ofizialeko lehian izana 2015ean) edo Kimi no na wa / Your Name (Makoto Shinkairena, Sail Ofizialeko emanaldi berezietan erakutsi zutena 2016an)—, Hyakka / A Hundred Flowers filmarekin egingo du debuta zuzendari gisa. Irudi errealeko filma da, eta alzheimerra duen emakume baten istorioa kontatzen du. Bere lehen filma erakutsiko du Marian Mathias estatubatuarrak ere, Runner, zeinak AEBetako midwest-eko bi gaztek elkar topatzen dutenekoa kontatzen duen. Proiektu horrekin, Canneseko Cinefondation, Torino FeatureLab eta Veneziako zinema jaialdian Production Bridge Program egonaldietan hautatu zuten Mathias.
Horiek guztiak aurrez iragarritako beste lau filmen zerrendara batuko dira: orain egun gutxi jakinarazi zuten Sail Ofizialeko lehian izango direla Mikel Gurrearen Suro —Katalunian eta katalanez filmatutakoa—, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Pilar Palomeroren La maternal eta Jaime Rosalesen Girasoles silvestres ere.
Lehiaketatik kanpo
Alberto Rodriguezen Modelo 77 filmak inauguratuko du Zinemaldia, lehiaketatik kanpo. Eta lehiaz kanpo erakutsiko dituzte beste hainbat film ere; tartean, La (très) grande évasion / Tax Me If You Can, emanaldi berezi batean. Yannick Kergoat zinemagile frantsesak ihes fiskalaren zirkuituak arakatzen ditu dokumentalean, eskala handiko iruzurraren mekanismoak argitzeaz gain. Halaber, Isabel Coixeten El sostre groc ez-fikziozko lanaren emanaldi berezia ere izango da.
Bestalde, telesail bat ere programatu dute lehiaketaz kanpo: Apagón. Movistar Plus+ek ekoitzia, Rodrigo Sorogoyen, Raul Arevalo, Isa Campo, Alberto Rodriguez eta Isaki Lacuesta zinemagileek zuzendutako bost kapituluk osatzen dute.