«Lurraldea baino interesgarriagoa da haren mapa». Michel Houellebecq idazlearen La carte et le territoir liburuan datorren esaldi probokatzaile hori hautatu du Alexandra Baures komisarioak Mapamundistas arte ekinbidearen zortzigarren aldiaren aurkezpena hasteko. Lurraldearen eta haren irudikapenaren arteko lotura gorabeheratsua du ardatz beti egitasmoak, eta Maparen ondorioak izenburua hautatu du Bauresek aurtengorako. Lurralde horretan aritzen diren hamaika artistaren lanak batu ditu horretarako, eta zabal hedatu ditu mapan. Inoiz baino zabalago. Tuteran, Iruñean, Atarrabian, Bilbon, Pauen (Frantzia) eta Orthezen (Frantzia) jarri ditu haien lanak ikusgai. «Lurraldeari buruzkoa da proiektua, eta lurralde gero eta handiagoa hartuz doa horretarako». Azaroaren 9ra arte daude zabalik erakusketa gehienak.
Iruñeko Rodezno Kondea da maparen erdigunea. Bertan dago proposamenaren muina. Mola eta Sanjurjo jeneralen hilobien gainean dagoen arte garaikideko aretoan. Guztira, bost artistaren lanak bildu ditu hor Bauresek. Lurraldearen eta haren irudikapenaren arteko tentsioak lantzen dituzte guztiek. Esanguratsua da, adibidez, Amaia Gracia Azketa iruindarraren Harrizko lerroa pieza. Kanpin denda batekin Pirinioetara joan, eta egunak eman zituen bertan, elurrak muga nola estaltzen zuen begiratzen.
Domestikoagoa da Mateo Mate madrildarraren proposamena: sukaldekoagoa. Izan ere, erabat uztartuta doaz etxe barrukoak eta etxe kanpokoak harentzat, eta sinbolo politiko gisa irudikatzen ditu horregatik lanbasa eta bazkaritarako mahaiak. Guda zelaia izeneko instalazioan, esaterako, erabilitako mahai zapiekin sortutako 30 bat herrialderen banderak jartzen ditu aretoan arropa eskegitzeko soketatik zintzilik. Ararat mendia da Eriz Moreno Aranguren artistaren lanaren ardatza, eta Iruñea da, berriz, Kate McLean artista ingelesaren lanaren funtsa. Hiriko usainen bidez osatu nahi du hiriari buruzko irudia. Haizeak etengabe eta nahieran hausten eta mugitzen duen mapa bat, beraz.
Ikusi gabekoa margotzen
Paradoxa bat dago Benoit Broisat artistaren lanaren oinarrian ere. Sekula ikusi ez duen plaza bat irudikatu du artista frantziarrak Iruñeko erakusketan. Parisko Franz Liszt plaza, zehazki. Plaza sekula zapaldu gabea den arren, eta plaza sekula ikusi gabea den arren ere, Parisko Franz Liszt plaza irudikatu du berak. Hamabi urte eman ditu horretan. Azaldu du nola. «Esperimentu bat da. Bizilagunen testigantzen bidez imajinatu nahi nuen leku hori. Eskutitz bidez eskatu nien bertako bizilagunei beren plazari buruzko deskripzio eta oroitzapenak bidaltzeko, eta horien gainean eraiki dut nik plazaren irudia». Oroitzapen, komentario eta hitz horien gainean eraiki du artistak bere plaza. Inpresio subjektibo horien gainean. «Antzinateko idazleen lekukotasunaren bidez baino ezin ditugu irudikatu antzinateko zenbait leku. Eta ideia horrekin egiten dut nik ere lana». Eta, aitortu duenez, bere buruari debekatua dio inoiz plaza hori bisitatzera joatea.
Ez da hori Mapamundistas egitasmoan artistak duen lan bakarra. Le musée imaginaire izeneko pieza ere jarri dute Bilboko Rekalde aretoan. Eta badu bere umore puntua proposamenak. Arte pieza enblematikoen eskala txikiko bertsioak sortu, eta ezinezko miniaturazko museo bat osatu du Broisatek. Matisse, Warhol, Picasso eta Richard Serraren lanen bertsioak bildu ditu, besteak beste. Arte bilduma publiko eta pribaturik garrantzitsuenetan baino ez dauden lanak dira guztiak, baina baita artistaren eta herritar gehienen memorian ere badaudenak. Eta nolabait ere kaskezur barruan haziz doan museo hori da sortzaileak Rekalde aretoan erakusten duena.
Kaskezur barrura bisita
«Egunero pieza bat aukeratu, eta egun bakarrean egin dut haren bertsioa», azaldu du Broisatek. Bertsioak ez dira oso zehatzak, beraz, baina hala nahi zituen berak. «Zirriborro nahi nituen nire sorkuntzak. Buruan baino ez dagoen ideia material bihurtzea da asmoa. Memoria erakustea, nolabait ere». Bere kaskezurrean paseatzeko aukera ere eskaintzen die bisitariei, gainera. Bere miniaturazko piezak jatorrizko piezen eskalan ageri dituen hiru dimentsioko museo bat sortu du artistak, eta, bideo jolas moduko bati esker, aurrera eta atzera mugi daiteke bertan ikuslea.
Mapak kirrinka egiten duenean
Iruñean eta Bilbon zabaldu dituzte 'Mapamundistas' arte egitasmoaren erakusketa nagusiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu