Marabilli, sortzaileen topalekua

Hitzaldiak, filmak eta kontzertuak izango dira ostegunetik igandera Marabilli jaialdian, Ondarroan

Manolita Bengoetxea (Aitzol Aramaioren ama), Kirmen Uribe, Begoña Anakabe, Ander Lipus, eta Aritz eta Pedro A. Aramaio (Aramaioren anaia eta aita). BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskal sortzaileei begira jarriko da gaurtik igandera Marabilli jaialdia Ondarroan (Bizkaia). Publikoarena bainoago, sortzaileen jaialdia dela dio Kirmen Uribe idazle eta antolatzaileetako bat denak: «Zer dago sorkuntza baten atzean? Hori aztertzen saiatzen gara: edukiari ematen diogu garrantzia, ez espektakuluari».

Uriberen arabera, belaunaldi jakin batengan jarri dute arreta: «35-45 urte bitartean dagoen belaunaldi horrengan, batez ere: aurreko belaunaldiaren testigua hartzen ari den horri». Hala, gaur bertan Jon Maia dantzaria, Iratxe Fresneda, Igor Zalakain, Giorgio Bassmatti, Miren Amuriza eta Ander Lipus izango dira Marabillin, eta hamarna minututan sorkuntzaren inguruko gogoetak plazaratuko dituzte. Arratsaldean, Pako Aristik hitzaldia eskainiko du Amesten ahal du euskaldunak noizbait boterearekin? izenburupean. Gauean, Kukairen emanaldia izango da.

Aitzol Aramaio zinemagile eta laguna ustekabean hil ostean hasi zen Marabilli jaialdia antolatzen Manuelistak taldea, 2012an. Eta, hain zuzen, iaz hil zen talde horretako beste kide bat omenduko dute etzi: Jose Maria Argoitia. «Hasieratik izan zen Manuelista: beti izan da gizon oso berezia, ikasia, heterodoxoa... Berarekin asko ikasi genuen, erreferentzia kultural asko erabiltzen zituen». Makina bat urtez ETBn egin zuen lan ondarroarrak, eta Itoizen Musikaz blai diskoko hainbat abestiren hitzak egin zituen. Abesti horiek kantatuko dituzte haurrek, eta ekitaldi horretan izango dira Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis Itoizeko kideak ere. Bernardo Atxaga ere han izango da, eta Gogoeta harri baten gaineanhitzaldia eskainiko du.

Horrez gain, zinemari tartea egingo diote bihar. Ondarroarrek egindako zenbait film labur proiektatuko dituzte barnetegian —etengabe emango dituzte, lau orduz—; beste gela batean Pink Floyden The Wall diskoan oinarritutako filma emango dute, azpitituluekin. Horrez gain, Asier Altuna zuzendariari eskatu diote aurten bere sekuentzia kutunenak aukeratzeko.

Literaturak ere izango du tartea bihar Marabillin. Xurxo Souto idazle galiziarra gonbidatu dute aurten. Uribek azaldu duenez, aspaldikoa da Galiziaren eta Ondarroaren arteko lotura, jende asko joan baitzen arrantzan lan egitera, eta horregatik gonbidatu dute Souto —2015eko Marabillin Manuel Rivas egon zen—. Soutoren Contos do Mar de Irlanda-k marinelen gorabeherak ditu ardatz, hain justu.

Musikarekin amaituko dute eguna. «Musika margotua edo margo musikatuak» eskainiko dituzte Joseba Irazokik eta Antxon Uskolak plazan, iluntzean. Gainera, El Gancho Sonidero DJak eta Amparanoiak kontzertua emango dute gauean, Beikozinin.

Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu ondoren, Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren Elkarrekin-Together filma emango dute larunbatean, eta kontzertuekin amaituko dute eguna: batetik, DJ Elepunto eta Zea Mays arituko dira Beikozinin 23:00etatik aurrera eta, bestetik, Zopilotes Txirriaos gaztetxean, gauerditik aurrera.

«Utzitako» eskualdea

Oskar Alegriaren Emak bakia dokumentala emango dute goiko zineman igandean. Bertsoek ere izango dute lekurik Marabillin: ondarroarren eta lekeitiarren arteko bertso desafioa egingo dute zubi zaharraren aurrean, eguerdian. Arratsaldean, Davide Cabaleiroren Sitio distinto filma eta Josu Goikoetxearen Aterabidetik dokumentala emango dituzte Alamedako udal aretoan. Artedramaren Hozkailua antzezlana izango da Marabilliko azken ekitaldia.

Herriko hainbat eta hainbat taldek parte hartuko dute Marabillin, eta hori bera beti bilatu dutela nabarmendu du Uribek. Horrez gain, jaialdiak herriari egiten dion ekarpena ere aipatu du: «Behar zuen Ondarroak horrelako zerbait, bizi izan duen guztiarekin; Lea-Artibai pixka bat utzita dago ekonomikoki, azpiegiturei dagokienez, eta honek laguntzen badu jendea animatzen, gu gustura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.