Margolariaren barne lurraldeak

Javier Valverde pintoreak bere ibilbidearen bilakaera erakusten duten 25 margolan jarri ditu ikusgai Donostiako Koldo MitxelenanPlanoka eraikitako paisaiak, kritika eta ironia konstante bat izan dira 30 urteotako lanetan

Javier Valverde margolaria (Donostia, 1956), bere ibilbideko lanetako baten aurrean, Donostian jarri duen erakusketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Naturak inguratuta bizi da Javier Valverde margolaria (Donostia, 1956). Belardi ederra du Oiartzungo etxe inguruan, eta handik parez pare ikusten du Aiako Harria. Inguratzen duen natura hori mihisean irudikatzeari ekin zion gaztetan. «Beti bizi izan naiz hiritik kanpo, eta pentsatzen dut egunero ikusten dudanak eragingo zidala». Ibilian ezagutu dituen askotariko paisaiak gogoan hartu, eta bere begiradatik eraikitzen jarraitzen du ordutik. Bere 30 urteotako ibilbidearen bilakaera erakusten duten 25 lan jarri dituDonostian, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan. Abuztuaren 27ra bitarte zabalik egongo da erakusketa.

Naturak inguratuta sentitzen da bat aretoan, margolanen artean. Giro musika moduan, oilar baten kukurrukua entzuten da tarteka. Artistaren ibilbidea erakusteko, kronologikoki antolatu ditu margolanak Isabel Sagues komisarioak. Izenik gabekoak dira denak, eta olio pinturak, hori baita gehien landu duen teknika. «Bere lanak katalogatzeko aprobetxatu dugu erakusketa. Jendearen esku sakabanatuta zeuden lanak bilatzen aritu gara, eta 208 bildu ditugu», azaldu du Saguesek. Guztiak, erakusketakoak barne, katalogoan agertzen dira.

Edorta Kortadiren arte kritika bat eta Anari musikariaren testu bat jaso dituzte katalogoan. «Nik beti oso gustura entzuten nuen, eta esan genuen, zergatik ez?», dio Valverdek. Anariri ideia aipatu, eta, azkenean, animatu zen margolanei buruzko testu bat idaztera. «Izugarri ondo» egin du,Valverderen ustez. Testu horren zati bat jarri dute sarreran. «Zuhaitzarekin metafora bat egiten du, nola kanporantz dituen adarrak, eta esaten du noiz hasten den kanporantz baino gehiago barrurantz begiratzen», azaldu du Saguesek. Azken batean, paisaia bera bada, nolatan Valverdek beti margolan ezberdin bat ontzen duen gogoetatzen du musikariak testuan. «Paisaia ez da aldatzen, norbera aldatzen da», ondorioztatzen du.

Hori «oso garbi» ikusten da erakusketan, Saguesen hitzetan. Paisaia da beti gai nagusia, baina lehen margolanetik azkenera dagoen aldeak garbi erakusten du pintorearen bilakaera. 1981ekoa da lehen lana, eta hurrengo 15 urteetan ondutako beste hainbat daude horma berean. Kolore biziko paisaia landuak irudikatu zituen lehen urteetan; mendi berde argiak, zeru urdinak eta zuhaitzak dira protagonista ia bakarrak.

1990eko hamarkadaren hondarretan lan egiteko moduan «aldaketa nabarmena» egiten du artistak, eta bere lanetan nabari da hori. Paisaiek jarraitzen dute protagonista izaten, baina ez dira hain argitsuak. «Koloreak aldatzen dira, eta trazua ere askoz azkarragoa da. Lur kolore gehiago daude, eta askoz ere azkarrago hasten naiz pintatzen». Halaber, ondorengo urteetan, leiho itxura hartzen dute zeruek. Zerua grisa izan daiteke, eta leiho urdin txiki bat zabaltzen zaie. Aurreko urteetan pintzel txiki batekin aritzen bazen, lodiagoa hartzen du eskuetan. Ez zela aldaketa kontziente bat izan dio, baina garbi izan zuela hala hasi nahi zuela margotzen.

«Hala ere, pintore geldia zara, oso pausatua», esan dio Saguesek. Baietz aitortu dio artistak. «Batzuetan asko pentsatzen dut lan bat, baina beste askotan bera bakarrik ateratzen da; beti ez da berdin, normalean beti da diferentea. Lanak hasteko ere batzuetan dena zikintzen dut, bestetan alde batetik hasi... Inoiz ez ditut bi margolan berdin hasi!». Batzuetan buruan garbi du margotuko duena, baina gero aldaketa ugari egiten dizkio bidean.

Hainbat ezaugarriri eutsi

Aldaketa horiek nabaritzen dira erakusketaren ibilbidean, baina baita konstante bat izan diren beste hainbat gai ere. Paisaiak plano ezberdinetan eraikitzea da aldatu ez den ezaugarri bat; hori lortzeko itzalekin, bolumenekin eta perspektibarekin egiten dituen jolasak. Mendi inguru bat ageri da lanetako batean, hodeiak aurreko planoan, beste plano batean beste paisaia bat, eta zuhaitzak beste batean. Paisaia askoz osatutako paisaiak dira margolan gehienak.

Ezaugarri horri bere ibilbide osoan eutsi dio. Baita beste hainbati ere. Salaketari, adibidez. Bat-batean, ingurune natural baten irudi bukolikoa hausten duen antenatzarra ageri da mendi puntan, edo tximinia luze bat, irudia zulatuz bezala, edo errauste planta eta zentral nuklear baten arteko nahasketa bat zelaien artean. Nahita jartzen ditu hor; «gizakiak naturan egiten dituen astakeriak salatzeko» bere modua da. «Kezka bat bainoago, egunero ikusten dudana da, gero eta txikituago dagoela dena, trenak, errepideak...».

Salaketa hori ironiaz edo umorez nahastuta ere ageri da zenbait lanetan. Horixe da hiru hamarkadatan aldatu ez den beste ezaugarrietako bat. Zezenketari txiki bat ageri da, oharkabean bezala, paisaiaren erdian. Ez daki azaltzen zergatik margotu zuen hor. «Aspalditik dago hor gizajoa», dio, barrez. Ironia salatzaile horren beste adibide bat da Y itxurako arbola bat ageri duen 2009ko margolana. Txistu eta danbolin bana ditu alboan, eta Euskal Y-a irudikatzen duela azaldu du artistak. Naturan eginiko «astakeriak» kritikatzeko beste adibide bat, ironikoa oso.

Azken urteetako lanetan lur koloreek hor jarraitzen dute, baina zeru urdinak itzuli dira. «Koloreak lehen urteetakoak baino askoz landuagoak dira», dio Saguesek. «Bestela, koherentzia handi bat ikusten da, naturarekiko maitasuna, eta egiten diren astakerien aurrean etsipena edo».

Normalean, arratsaldez aritzen da margotzen Valverde, etxeko estudioan. Ahal duela, egunero. «Oinarria paisaia erreal bat da, adibidez, Hernio eta atzean Aizkorri ageri dituen lanekoa, eta gero bere ikuspegitik lantzen du hori, batzuetan ukitu surrealista batekin», azaldu du Saguesek. Gogoan dituen paisaiek iradokitzen diotena eramaten du mihisera, ez unean bertan ikusten ari dena. Askotan gertatu izan zaio neguan udazkeneko paisaiak margotzea, edo udan mendietan elurra. Estudioko lanerako lekuen bila mendira jotzen du. «Askotan pasatzen zait mendian nabilela konturatzea, arbola hori nire koadroan dago! Eta pentsatzen jartzen naiz bertatik 7.000 aldiz pasatu naizela, 7.000 aldiz ikusi dudala arbola baina agian ez naizela jabetu, eta gero etxean pintatzen hasi eta arbola hori atera zait». Hendaia, Orio, Jaizkibel, Bardea... Inguruko lekuak dira, ezagutzen dituenak. Pertsonarik ez du margotu izan, lehenetariko lanen batean salbu. Ezta itsasorik ere —lan bakarrean agertzen da itsasoa erakusketan—.

Areto erdian, marrazkiak egiteko erabili izan dituen hainbat koaderno, objektuekin osatutako kutxak, anaiaren diskoetako azalak eta berde koloreko bala baten marrazkia — «lagun batzuek Javier Balaberde esan zidaten eta»— jarri ditu, besteak beste. Erakusketaren sarreran, berriz, plastikozko landareekin, telebista batekin eta margolan batekin egindako instalazio bat jarri du, disekatutako txori bat eta guzti. Aretora ironiaz sartu eta ateratzen da bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.