Zinema

Maria Elorza eta Mikele Landa zinemagileak, Ikusmira Berriak programan

Egoitza programan zer sei zinemagilek parte hartuko duten jakinarazi dute. 2015az geroztik lehen aldiz, Euskal Herriko bi proiektu aukeratu dituzte deialdi berean. Aurkeztutako 362 proiektuetatik, 27 izan dira Euskal Herrikoak.

(ID_12138860) MARIA ELORZA
Maria Elorza zinemagilea. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko abenduaren 16a
19:00
Entzun

Hamargarren aldia beteko du Ikusmira Berriak programak; urtez urte zinema munduko talentu berriei bultzada emateko balio du programa horrek. 2024an parte hartuko duten proiektuak hautatu dituzte jada, eta ezagutzera eman dituzte antolatzaileek. Sei ataletan banatuta daude aukeratutako proiektuak: Elias Kerejeta Zine Eskolan, Mariake Elzermanen Wash Over lana aukeratu dute; Nest sailean, Lucy Kerren The Bow proiektua; eta Euskal Kategorian, Maria Elorzaren Caro Bastiano eta Mikele Landaren Senda. Espainiako kategorian, Cande Lazaroren La Pastora aukeratu dute, eta Nazioarteko kategorian, berriz, Felipe Galvezen Impunidad lana.

Lehen aldia da deialdi berean bi euskal proiektu hautatzen dituztela: Elorzarena eta Landarena, hain zuzen. Guztira 362 proiektuk eman dute izena; horietatik 27 Euskal Herrikoak izan dira; 100, Espainiakoak, eta 204, nazioartekoak. Elzermanek, Landak eta Lazarok euren lehen film luzea garatuko dute, eta gainerakoek bigarren film luzeari ekingo diote.

Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen duten egoitza programa da Ikusmira Berriak. Aukeratutako sei zinemagileek zortzi asteko egonaldia egingo dute Donostian; bi zatitan banatuta egongo da. Tarte horretan, euren film luzeak garatuko dituzte. Lehenengoa martxoaren 4tik apirilaren 14ra izango da. Tabakalerako Artisten Espazioan egingo dute lan, euren proiekturako propio aukeratutako aditu eta profesionalen aholkularitza jasoz. Irailera bitarte, proiektua garatzen jarraitzeko laguntza jasoko du egoiliar bakoitzak. Zinemaldia ospatzen den bitartean izango da egonaldiaren bigarren zatia. Zinema industriako profesionalei euren lanak aurkezteko aukera izango dute bertan.

Mundu desberdinen arteko talka

Maria Elorzak Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean egin zuen debuta bere lehen film luzearekin: A las mujeres y a los libros canto. Gazteriaren TCM saria eta Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia erdietsi zituen. Euskal Herritik kanpo ere aipamenen bat jaso du proiektu horrek. Caro Bastiano filma garatzeko aukera izango du Elorzak. Familia baten historiako elementuak arakatu nahi ditu zuzendariak, etxean aurkitutako amodiozko gutun batetik abiatuta. Gutun hura ikertuz, Bigarren Mundu Gerraren garaikoa dela konturatzen dira; Edith izena duen emakume batek sinatzen du. Zinemak eskaintzen dituen tresnak bi bidetatik erabili nahi ditu Elorzak: «Fikziozko zinemaren tresnak erabiliz, memoria ameskeria gisa ulertu dut, eta, bestalde, zinema ikerkuntzarako eta esperimentaziorako bide gisa tratatu nahi izan dut».

Senda film luzearekin debutatuko du Mikele Landak. Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle ohia da, eta zuzendaririk onenaren saria jaso zuen Zinebi jaialdian, Heldu izeneko bere lehen film laburrarekin. 2019an lehen aldiz bidaiatu zuen Afrikara zuzendariak, eta norbere egiak beste baten aurkakoa izan daitekeen egiarekin talka egin dezakeela ikusi zuen han. Horregatik, argiak eta ilunak bilatzen saiatzen da Landa bere proiektuan. Bakary, Oihana eta Agustina dira filmeko protagonistak, errealitate desberdineko hiru pertsona. «Film hau eskuetan hartu eta moldatu egiten dut, hiru protagonistek bata bestea eraldatzeko behar besteko ausardia eta zaurgarritasuna har dezaten, izateari utzi gabe», kontatu du zuzendariak.

Espainiako lanen kategorian, Cande Lazaroren La Pastora filma aukeratu dute. Film ez-binario bat da, eta Florenci Pla artzaina du protagonista. Genero konplexutasunari buruz hitz egiteko espazio seguru bat sortu nahi du zuzendariak; «besterik gabe izan ahal izateko espazio seguru bat aldarrikatu nahi izan dut», gehitu du. Florenci ezagutzean zahartzarora iritsi zitekeela ikusi zuela kontatu du Lazarok.

Sendotzen

Antolatzaileek diotenez, urteak igaro ahala sendotuz joan den programa bat da Ikusmira Berriak. 2015az geroztik, 44 proiektu garatzen lagundu du, eta horietatik hogei nazioarteko zinema jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira. Aurkeztutakoetatik hamabik jaso dituzte sariak. Gainerakoak garapen fasean daude.

Programako lehen zinemagileak Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea izan ziren, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eta Fipresci saria jaso zituzten. Jaione Cambordak ere parte hartu zuen, eta Urrezko Maskorra irabazi zuen Zinemaldian, O Corno lanarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.