Musika

Maria Somerville: Connemara bere bihotzean

Irlanda mendebaldeko kostalde basati bezain lasaian idatzi ditu musikariak ‘Luster’ bere bigarren diskoko kantuak. 4AD zigiluak kaleratu du dream-popetik asko edaten duen lan etereo bezain heterogeneo hori.

Maria Somerville musikari irlandarra.
Maria Somerville musikari irlandarra.
mikel lizarralde
2025eko maiatzaren 11
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Maria Somervillek Dublinen idatzi eta grabatu zituen All My People (2019) bere lehenengo diskoko kantuak, baina musikariak berak aitortu duenez, ambient-folkari modu estuan lotutako disko hauskor eta biluzi hark jaiotetxearekiko herrimina erakusten zuen, modu inkontziente batean bazen ere. Irlandako hiriburura ikastera joana zen Somerville, baina gorputza han bazuen ere, burua Connemarara joaten zitzaion etengabe. Jaio eta hazi zen Irlandako kostaldeko inguruneetara. Eta itzuli zen, Corrib aintziraren ur bazterrera, zehazki.

«Galwayko ingurunea da Connemara. Zorionez, denborarekin ez da asko aldatu». Somervillek ez du ezkutatzen hazi zen lekuari dion maitasuna. «Ziur naiz han egote hutsak nire musikan eragiten duela modu subkontziente batean». Grabazio estudioa ere baden etxebizitza batean finkatu zen musikaria 2020an, eta Dublingo abiadurarekin zerikusirik ez zuen erritmo batera egokitu zen berehala. Aita marinelarekin paseatzera ateratzen hasi zen, eta itsasoari begira une luzeak igarotzen zituen. Baina, astean bitan, NTS irratian gogoko musika —Low, The Durutti Column, Grouper, Broadcast— eta naturaren soinuak uztartzen dituen saio bat ere egiten hasi zen.

Giro lasai horretan eta presa handirik gabe sortu zituen Somervillek Luster (2025) bere bigarren diskoko kantuak. Inis Oirr uhartean egonaldi gutxi batzuk egin zituen, eta han jaio ziren kantuetako batzuk. «Hango erritmo motelak asko laguntzen du konposizio prozesuan», aitortu du musikariak

Urrats handia

Edozein ikuspuntutatik begiratuta, All My People-rekiko aurrerapauso handia da Luster. Estreinako disko hura Somervillek berak grabatu zuen ia osorik, eta, bere biluztasunean, ezinbestean barrura begiratzen zuen. «Askoz ere barnerakoiagoa zen, bai idatzi nuen moduagatik, bai gero grabatu nuen formatuagatik».

Luster grabatzeko, aldiz, musikari ugariz inguratu da Somerville, nahiz eta haien presentzia beti oso lausoa den: Roisin Berkeley harpa jotzailea, Olan Monk gitarrista, Ian Lynch gaita jolea —Lankum taldekoa—... Somervillek uste du diskoaren sortze prozesu osoan kolaborazio lanak pisu handia hartu duela. «Balio handia ematen diot elkarlanari, ikuspegi ezberdinak biltzeko aukera ematen baitu». 

All My People ez bezala, Luster zigilu independente pisuzko batek (4AD) argitaratu du. Ivo Watts-Russellek 1970eko hamarkadan sortutako diskoetxe hori atmosfera ilun eta gitarra etereoetan oinarritutako musika kaleratzeagatik nabarmendu izan da urteetan —nahiz eta ez den hori izan bere bide bakarra—, eta, Somervilleren musika, bere dream-pop, elektronika gozo eta post-punk ukitu leunekin, ezin hobeto egokitzen da haren izaerara. 

Hala, Réalt introarekin hasita, Luster-ek berehala erakusten ditu bere dohainak. Projections-en, sintetizadoreek, gitarrek eta perkusio apalek eraikitako oinarriaren gainean, Somervilleren ahotsa altxatzen da mantra bat bezala, Cocteau Twins-engandik bezainbeste Beach House-rengandik edaten duen kantu horretan. Garden singleak ere Cocteau Twinsen oihartzunak dakartza, baina baita The Cure-renak ere, batik bat gitarretan.

Nolanahi ere, Somervilleren iturriak ez dira mugatzen 1980ko hamarkadan loratu zen post-punk ilunera, eta musikariak berak aitortu du hainbat musikatatik edan duela, ez hainbeste soinu jakin batzuk berregiteko, baizik eta «sentimendu bat» harrapatzeko. «Disko klasiko asko entzutea, lagunekin eta Irlandan jotzea... hori dena, ziur aski, modu naturalean sartu da diskoan. Elkarlanean aritu ginen, eta influentziak leku guztietatik etorri ziren». Besteak beste, My Bloody Valentine eta Sinead O’Connorren izenak aipatu ditu musikariak: «O’Connorren eta haren ahotsaren indarraren jarraitzaile handia izan naiz».

Horren guztiaren isla da Luster. Badu 1990eko trip-hoparen moldeak gogora ekartzen dituen kantu bat (Spring), slowcoretik gertu dagoen beste bat (Corrib), eta baita ambient giroetan kulunkatzen den pieza bat ere (Halo). Eta halere, giro bat gailentzen da disko osoan, errealitatetik kanpoko paisaietan barrena bidaiatzera gonbidatzen duen giro bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.