Marina Lameiroren 'Dardara' filmak zabalduko du 15. Ikuspuntu jaialdia

Lameirok Berri Txarrak taldearen azken biran filmatu zuen pelikula, iaz. Martxoaren 15etik 20ra egingo dute zinemaldia, Iruñean.

Garbiñe Ortega, Ignacio Apeztegia eta Teresa Morales, gaur, Baluarten, jaialdiaren irudiekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Eslava.
2020ko abenduaren 17a
15:05
Entzun

Ikuspuntu Nafarroako zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdiak, ez-fikziozko zinemaren profesionalen eta zaleen topalekuak, hamabosgarren aldia izango du 2021ekoa. Martxoaren 15etik 20ra egingo dute, Iruñean, eta eskaintza nagusi gisa dakar Marina Lameiro zinemagile nafarrak Berri Txarrak taldearen agur biran filmatutako Dardara dokumentalaren estreinaldia.

Lameirok erretratu koral bat osatu du munduko hainbat lekutan bizi diren pertsonen istorioetan oinarrituta, guztiak ere interes komun batek zeharkatuta: Berri Txarrak taldearen musikak. Arena Comunicación enpresak ekoitzi du Dardara filma, eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du. Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren hitzetan, «oso film berezia» da: «Musika dokumentalen artean ezohikoa da, zaleen begiraden eta esperientzien bitartez kontatzen delako pelikula». Ortegak gaur eman ditu jaialdiaren inguruko lehen xehetasunak, Teresa Morales zuzendari exekutiboarekin eta Ignacio Apeztegia Nafarroako Kultura zuzendariarekin batera, jaialdiaren egoitza nagusian: Baluarte auditoriumean.

[youtube]https://youtu.be/CEGZli81jlU[/youtube]

Beste iragarki nagusia Amos Vogeli eskainitako atzera begirako bat da. XX. mendearen erdialdetik zine programazioaren funtsezko pertsonaia izan zen Vogel, eta 2021ean ehun urte beteko dira jaio zenetik, Vienan. Marcia Vogelekin batera, New Yorkeko Cinema 16 elkartea sortu zuen. «Elkartea New Yorkeko eszena kulturaleko gune garrantzitsuenetako bat izan zen 1950eko hamarkadan, eta bazkideen artean zeuden Meya Deren, Jonas Mekas, John Lennon edo Leonard Bresteinen gisako izen ospetsuak. Milaka pertsona mugitu zituen zinema aretoetara, eta balio itzela izan zuen zinemagileen lana bultzatzeko», azaldu du Ortegak.

Aurten ere, Dani Sanchisek diseinatu du jaialdiaren irudia. «Espazioen aniztasuna irudikatu nahi izan du; begirada subjektiboa, paisaiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu berriak». Horretarako, Nancy Holt zuzendarian eta haren lanean oinarritu da. Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak poemak laguntzen die irudiei, «gogora ekartzen dituelako aurten bizi izan ditugun debekuak, ezintasunak, espazioan eta besteekin egoteko moduen birmoldaketak... existentzia emanez izan ez diren baina badiren gauza horiei, existitu egin direla esanez».

Urtero bezala, programazioa zazpi ataletan egituratuko da: Sail Ofiziala, Dokbizia, Atzera Begirakoak, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, X Films eta heziketa programa. Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako urte konplexua izan den arren, mundu osoko 900 pelikula aurkeztu dituzte, eta emakumeek egindako filmen kopurua «deigarria» dela azpimarratu dute.

Mugak aukera bihurtzen

Egitasmoarekin aurrera jarraitu arren, koronabirusaren izurriteak Ikuspuntu jaialdia zipriztindu duela zehaztu dute. Baina ez bereziki modu negatiboan. Batetik, antolatzaileek egoera baliatu dute zinemaldia era kolektiboan birpentsatzeko; eta, bestetik, zuzendarien lanen edukietan halabeharrez sartu da aktualitatearen berezitasuna, pandemia, baina «mugak sormenerako aukera» bihurtzen jakin dute.

Antolatzaileak aztertzen ari dira nola erantzun martxoan egon daitekeen osasun egoerari; zortea izan dute, dena den, iazkoa osasun krisiaren aurretik ospatu ahal izan zutelako, eta ondoren, testuingurura egokitzen ikasteko denbora izan dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.