Inazio Mujika Iraola Alberdaniako editoreak badaki Patziku Perurenak jarraitzaileak dauzkala: bai haren lanak «irakurtzeko», eta baita haiek «kritikatzeko» ere. Ados dago Perurena bera: «Nire mundutxo honetan lagunak eta etsaiak dauzkat». Mujikak uste du «marjinalitatean» kokatzen dela, eta «gizarteko bazter batetik» adierazten duela, «zintzotasunez, ikusten eta pentsatzen duena». Urteen joanean ikusitakoen, sentitutakoen eta pentsatutakoen uzta pilatu zaio, eta batutakoa puska txikietan jasotzea erabaki du Saski bete intxaur gogoeta bilduman (Alberdania).
«Era guztietako» intxaurrak jaso ditu Perurenak, Mujika Iraolaren irudiko. «Zerbait esaten didaten gauzetatik abiatu, eta horiei buruzko gogoeta intimoak egiten ditut», argitu du egileak. Izan daitezke liburuak, filmak, eguneroko gertaerak... Ideia bat hartzen du, «galbahetik» pasatzen eta, kasu honetan, era ahalik eta laburrenean idatzi ditu gogoetak. 130etik gora ditu liburuak. Artikulu luzexeago batzuk ere tartekatu ditu; baserri giroari, haurtzaroari eta animaliei buruzkoak, batez ere. Mujika Iraolari iruditzen zaio haurtzaroa dela Perurenaren «garai maitea», eta horri «petrolioa» ateratzen diola. Eta intxaurren artean, hur batzuk. Pentsamendu labur eta aforismoak dira, lerro batekoak edo bikoak. «Patzikurik pentsalariena da», Alberdaniako editorearen iritziz.
Liburu honetan ere, ahozkotasunak pisu handia dauka. Perurenak beti jo du eremu horretara: «Eta ez modu intelektualean. Herriko hizkera erabiltzen duenarengana jotzeko joera dut. Nolabait esatearren, Antonio Zabalarekin Auspoa-n ibilitako jendeari errespetu handia diot». Egileak badaki zeinentzat izango den «dibertigarria» liburua. «Ikasi eta goxatu egingo dute euskal filologoek, itzultzaileek, hiztegigileek, esatariek, euskaltzainek, irakasleek, hizlariek... Zer esanik ez euskara ikasten ari direnek, hizkuntza samurtzeko eta goxatzeko formula asko daudelako».
Saski bete intxaur-en «euskal gizarteaz, politikaz, soziologiaz, etikaz» edo «mila topikoz» mintzo da Perurena. Iruditzen zaio gustatuko zaiela «arduraren bat» dutenei. Pentsatzen du «bereziki» gomendagarria izan daitekeela Bildukoentzat. «Non zer bildu eta murtxikatu izango baitute saski apal honetan. Nazionalismoa eta aitaren irudia eta 1512-2012 gerra gogaikarria gogoetak gomendatuko nizkieke». Bertso munduan dabiltzanek ere «sin falta» irakurri beharko luketela uste du: «Batez ere, Bertsolari niri?...». Artearen ingurumarietan mugitzen direnek ere izango dute «non dibertitu», eta «gogoeta eta kritikarako» bazka, Perurenaren iritziz. «Irakur ditzatela, Komediak, euskaraz, tragedia esan nahi du eta Mestizaia». Gainera, euskal turismoaz, «batez ere asteburukoaz», arduratzen direnei «gomendioak» egin dizkie: «Ematen baitu euskal kultura eta izatea enpotzen ari zaizkigula asteburuetan, folklore huts bihurtzen ari diren asteburuetan. Haientzat, Eguneroko bizimodua».
Pentsamendu inpresionista
Gogoeta horiek guztiak ez dira «filosofikoki goi mailakoak»; baina, Mujika Iraolarentzat, «pentsamendu inpresionista bat» azaltzen dute. Idatzietako batzuk atera izan dira aldizkari edo egunkarietan, baina horien %90ek liburu honetan ikusi dute argia. Perurenak argitu du batzuk «orain 15 egun osatutakoak» dira, eta beste batzuk, berriz, dezentez zaharragoak. «Igual, badago artikulu bat orain 10 urte idazten hasi zinena, baina urteen joanean, beti daude biribiltzeko edo kentzeko gauzak». Perurena ahalegindu da bere «mundu intimoari» bidea egiten. «Baina gero, bestalde, gizarteak modu jakin batean begiratzen dizu. Pertzepzio hori baduzu». Horretaz hitz egiteko, «ironia» baliatu du. «Umoreak» bere tokia baduela iruditzen zaio, eta, aldi berean, marjinalitatetik ikusi eta pentsatutakoekin liburu «entretenigarria» osatu duela uste du.
Marjinalitatetik ikusi eta pentsatutakoak
Patziku Perurenak 'Saski bete intxaur' kaleratu du, puska txikiekin egindako gogoeta bilduma bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu