Mark Knopfler, folkera bueltan

'Privateering' diskoa aurkeztu eta Dire Straits rock taldearen hainbat abesti eskainiko ditu gaur, Donostian

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mark Knopfler, Dire Straits taldeko abeslari ohiak eta bizitza osoa musikari eman dionak, Donostiako Illunbe zezen plazan kontzertua eskainiko du gaur, 22:00etan. Ekitaldian, Privateering bere azken diskoa aurkeztuko du, eta Dire Straits taldearentzat sortu zituen zenbait abesti ere joko ditu. 5.100 sarrera inguru saldu dira, eta, Donostiako Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, goiko perimetroan oihartzuna gutxitzeko oihalak jarri ditu akustika hobetzeko. Obrak 60.000 euroko inbertsioa izan du.

Kontzertu hau Knopflerrek Europan zehar egiten ari den biran kokatzen da: guztira, 72 kontzertu eskaini ditu 25 herrialdetan. Aurretik, Bartzelonan eta Madrilen izan da, besteak beste, eta harrera jendetsua bezain beroa izan du. Glasgowko gitarrista eta abeslariak berriki bere ibilbidea dela eta, 2012 Ivor Novello saria jaso du, konpositoreentzat Erresuma Batuan denik eta garrantzitsuena.

'Privateering', azken erronka

Haren azken lana, Privateering (Universal), British Groves Studios Londresen kokatutako musikariaren beraren estudioetan grabatutako CD bikoitza da, eta 20 abesti biltzen ditu. Knopflerrek berak ekoitzi du diskoa Chuck Aiblay eta Guy Fletcherren laguntzarekin, eta alboan izan ditu Richard Bennet (gitarra), Jim Cox (pianoa), Guy Fletcher (teklatua), John McCusker (biolina), Mike McGoldrick (flauta), Glenn Worf (baxua), eta Ian Thomas (bateria).

Privateering bere 35 urteko ibilbidean bakarlari gisa kaleratu duen zortzigarren diskoa da, eta kantu berriak biltzen dituen lehen bilduma bikoitza. Irailaren 3tik aurrera eskuratu ahal izango da. Musikari eskoziarraren azken lanean folk, rock eta blues estiloak entzun daitezke, eta hainbat pertsonaiaren ikuspuntutik askotariko gaiak jorratzen dituzten abestiak jasotzen ditu, Atlantikoko bi aldeak gogora ekartzen dituztenak, besteak beste.Abeslariaren hitzetan, hasiera-hasieratik izan zuen argi disko bikoitza izango zela. «Zorretan nengoen blues musikarekin, eta blues doinuak zituzten kantuak sartzeak derrigor zekarren diskoa bikoitza izatea».

Musikari eskainitako bizitza

Txikitatik argi bazuen ere rock-and-rolla jo nahi zuela, bere hastapenetan folka jotzen hasi zen Knopfler. Geroago, bluesa etorri zen. «Orduan konturatu nintzen nire estiloa izan zitekeena garatzen hasi nintzela». Geroago, Dire Straits rock taldearekin lortu zuen arrakasta. Abeslari eta konpositore gisa hainbat Grammy sari jaso ditu, eta besteak beste, Money For Nothing, Sultans Of Swing, Romeo And Juliet eta Walk Of Life abestiek munduan ezaguna egin dute. Bob Dylan eta Randy Newmanentzat diskoak ekoitzi ditu, eta baita Cal, Local Hero, Princess Brice eta A Shot at Glory filmetako musikan parte hartu ere.

Orain, 61 urterekin bere hasierako folk doinuetara itzuli da. «Zelta den oro oso naturala iruditzen zait. Txiki-txikitatik odolean daramat». Hala ere, betiko klasikoak ere joko ditu. «Nik idatzi nituen, eta jendeak entzun egin nahi ditu. Hori bezain erraza da».

Bizitza osoa errepidean eman du, eta oraindik ere nahikoa «indar, motibazio, eta inozentzia» ba omen ditu horretan jarraitzeko. «Zuzenean jotzeak bizi nau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.