Sexualitatearen, familiaren eta kulturaren inguruko botere dinamikak izan dira Marlene McCarty artistaren ardatza ia berrogei urteko jardunean. Intimotzat eta sozialtzat hartu izan diren eremuen arteko tentsioak. Praktika artistikoak soilik ez, aktibismo feministak ere egin du ezagun, bada, McCarty, eta azken bi hamarkadetan egin duen lanaren lagin bat bistaratu du orain Donostiako Tabakalerak, Sasi guztien gainetik erakusketan. Bere obraren ikur diren tamaina handiko marrazkiak jarri ditu bertan artistak, baita Tabakalerarako propio egin dituen lanak ere —landare biziz egindako instalazio deigarria barne—, eta Maite Garbayo-Maeztu ikertzailea izan da komisarioa. Otsailaren 1era bitartean, jarduera programa batek lagunduko du erakusketa, eta, hasteko, jendaurreko solasaldi batean hartuko du parte artistak larunbat honetan, Michael Marder ikerlari eta irakaslearekin batera.Â
Aspalditik izan dira giza gorputza eta espezieen arteko elkarbizitza lanerako oinarri McCartyrentzat, baina lan berrienetan landareek hartu dute leku berezia, eta gizakiaren eta landareen arteko harremana da, zehazki, Sasi guztien gainetik erakusketaren gogoetagaia. Ez bakarra, ordea, eta horregatik aipatu du McCartyk «konplikatua» izan daitekeela proposamena, «lehen begi kolpean jasotzen zaila». Haren ustetan, kapitalismoaren erroetara begiratzeko modu bat ere bai baita erakusketa. McCarty: «Ni New Yorken bizi naiz, mundu kapitalistaren muinean. Han ez dago gaur mundu artistikorik, merkatu artistiko bat baino ez dago. Eta nire galdera da: nola iritsi gara egoera honetara?».
Galdera horri heltzeko, besteak beste, prozesu kolonialek eta modernitateak —eta haiekin, dominazio maskulinoak— bazterrean utzitako jakintzei begiratu die artistak; zehatzago, tradizionalki emakumeek gorde eta transmititu duten landareen inguruko ezagutzari. Ezagutzaren kanonak ukatu izan duenari. Hari arreta jartzeko aldarria testuinguru garaikideari lotuta ikusten du artistak, besteak beste, ingurumen krisia eta sexu eta ugalketa eskubideetan izaten ari diren atzerapausoak gogoan hartuta. «Legeak egin ditzakete gure kontra, baina bostehun landare baino gehiago ditugu abortatzeko», esan du. «Erabil ditzakegu landareak geure burua babesteko eta ahalduntzeko; inguruarekin dugun harremana birpentsatzeko».
Txillidaren zerumuga irentsita
Erakusketan, McCartyren zenbait marrazki historiko topatuko ditu, batetik, bisitariak. Atarian jarritako Hug Me (2006), horien artean. Artistak primateen eta gizakien arteko topaketekin osatu zuen serie bateko parte da lana —serie horretako lau lan daude erakusketan—, eta bi urteko txinpantze bat eta adin bereko ume bat erakusten ditu, 1960ko hamarkadan zientzia egiteko modua aldatu zuten primatologoen lanetik abiatuta.

Marrazki berriagoetan, bestetik, gorputzak, espezieak, landareak eta sinbolo kulturalak elkartu ditu artistak, eta horietan egin du agerikoen gorputzen —batez ere femeninoen— gaineko kontrolari egindako kritika. Baita arte munduari berari ere. Hung Out To Dry: (...) marrazkian, adibidez, bi tabako landare ageri dira Eduardo Txillidaren Zerumugaren goraipamena (1990) obra osorik irensten, gainetik dituztela bidaia kolonialetan parte hartu zuten euskal itsasontzietako mastak eta beste zenbait elementu. Gizon artista entzutetsuen obrekin antzeko lan gehiago ere baditu McCartyk, eta «eskultura maskulinoaren eta modernitatearen dekadentziaren» erakusle dira horiek, Garbayo-Maezturen esanetan.
Komisarioak uste du, halaber, «esanahi geruza asko» dituztela McCartyren lanek, baina ez dela horregatik haien materialtasuna bigarren maila batean utzi behar. Grafitiz, boligrafoz edo akuarelaz eginda daude artistaren marrazkiak, baina batez ere haien tamaina da apartekoa: «Gainez egiten dute ia, aurrean jartzen dena barruan harrapatzen dute». Artistak esan duenez, «arte merkatuari erresistentzia» egiteko modu bat ere bada beretzat halako dimentsioekin lan egitea.Â
Epistemizidio bat
Denera, bost marrazki berri sortu ditu artistak Tabakalerarako, eta horiek «Euskal Herrian lurreratzeko» egin duen ahalegin berezia aipatu du Garbayo-Maeztuk. Areto erdian kokatutako instalazioa nabarmendu du: Epistemizidio bati monumentua (1. estudioa). Mendi gisako pieza bat da, lurrezkoa, eta hainbat landare bizi jarri ditu bertan artistak. Clara Gutierrez Arana etnobotanikoak lagundu dio ikertzen begiz jota zituen landareek —sendatzeko, hiltzeko edo ugalketa sistema eraldatzeko «boterea» dutenak denak— Euskal Herrian zein tradizio izan duten, eta argiztatutako egitura geometriko bat ere erantsi dio piezari, zeina «omenaldi bat» den duela hiru urte Tabakaleran erakusketa jarri zuen Emma Kunz sortzaileari.
Erakusketa ixteko, bestalde, hiru landarerekin «kolaborazioan» egindako marrazki bana jarri du aretoaren muturreko espazio ilunxeagoan artistak. Zirkularrak dira; landareek eurek marraztutako irudi bat dute erdigunean, eta inguruan, berriz, landareak oihalean hilabete luzez izan ostean handik ateratakoan artistak antzemandako koloreak. McCarty: «Hauek, bereziki, esperimentatzeko dira».