Marrazkien eta zuriaren apologia

Mangan eta kung-fuan oinarriturik, Judas Arrietak onduriko lanen erakusketa bat ireki dute Bilbon

Judas Arrieta, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Marrazkien eta zuriguneen apologia egin du Judas Arrieta artistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) Bilboko Windsor Kulturgintza galerian paratu dituen lanetan. Asiako marrazki bizidunetako pertsonaiez beterik daude, eta istorio ageriko eta ezkutukoek gainezka egiten dute. Nolanahi ere, zuriguneek itzal handia dute Arrietaren lanetan. Erabaki «politikoa» dela dio artistak. «Jendea larritu egiten da; tarte horietan marrazkiak falta direla iruditzen zaio. Badirudi zuriari beldur zaiola».

Ordea, «mugan egotea» atsegin du Arrietak. Zer pentsatua eman nahi du. «Izan ere, zer da artea? Zer ez?». Hala eta guztiz ere, oroz gain, bere lanak «jendearentzat esperientzia ludiko festibo bat» izatea nahi du artistak. «Leiho bat, zeinaren bidez ikusleak gozatu egingo duen, nire lanetako pertsonaiekin istorioak osatuz eta hausnartuz».

Halaber, mangarekin eta kung-fuarekin lotu du bere obra. Mangako iruditeria erabiltzen duelako, eta, marrazteko garaian, kung-fua egiten ariko balitz bezala sentitzen delako.

Arrietak «ametsak egia bihurtzeko» baliatzen du artea, «nahiz eta ametsak egia bihurtzean konturatzen zaren egia horrek ez duela antz handirik hasierako ametsarekin».

Hondarribian jaio eta hazi zen Arrieta. Eta Bilbon bizi izan zen EHUn Arte Ederrak ikasi zituen bitartean eta ondoren. Baina askotan galdetzen zion bere buruari zergatik ez ote garen jaiotzen nahi dugun tokian. Alegia, zergatik pertsonak ezin dezaken aukeratu non jaio. Asia burutik ezin kenduta zebilen artista, artean.

Hortaz, Txinara, Pekinera bizitzera joan zen, 2005ean. «Konturatu nintzen hangoa nintzela, han jaioa ez izan arren. Horrek ematen dizu aukera zeure burua berriro asmatzeko. Zure hutsez jabetu, eta pertsona paralelo bat sortzeko. Horretarako aukera ematen dizu kanpora joateak. Hemen zailagoa da halako prozesu bati ekitea», adierazi du artistak.

Artearen merkatuan bazuen toki bat Euskal Herrian, Txinara joan zenean. Pekinera joateko arrazoiak bestelakoak izan ziren, horrenbestez, nahiz eta «obsesio bihurtu gabe» toki bat egiten saiatzen ari den. Ametsak betez doaz, emeki.

Errotuladorez eta akrilikoz eginiko marrazki eta margolanekin batera, badira pieza eskultoriko bi erakusketan. Dorre bi osatzeraino, elkarren gainean pilatutako margolan txikiak dira. Ondorioz, eskulturak izanagatik, margolanak ere badira. Areago, pieza guztiekin puzzle antzeko bat osatu daiteke paretan. Joko gisa planteatu ditu artistak lan horiek.

«Geruzez eraturiko eskulturak dira». Geruzez osaturikoak dira margolanak, orobat. Marrazkiak elkarri gainjartzen zaizkie. Eta lehen begi kolpean, ez da erraza denak ikustea. Kolore biziek berenganatzen dute, lehenik, begiaren arreta. Baina, denbora eskainiz gero, deskubrituko ditu ikusleak ñabardurak, lerroak, orbanak, eta, halako batean, besteak beste, Donald ahateak. Nahiz eta, berez, arras zaila den Mendebaldeko pertsonaiarik topatzea Arrietaren lanetan. Asiarrak gailentzen zaizkie, alde handiz.

Anabasa sentimena eragin dezakete marrazkiek eta margolanek, egunerokoaren interferentziek eta borrokek isla zuzena dutelako horietan. «Zerk definitzen gaitu? Hutsek. Perfektuak bagina, denok berdinak izango ginateke». Artistak dudarik ez du: «Hutsen bilduma bat dira nire lanak». Esaten duenez, «perfekzioa lortzen saiatu arren, akatsak sortzen dira beti. Buruan duzun hori pintatzen hasten zarenean, konturatzen zara koadroan dagoenak zerikusirik ez duela buruan duzunarekin». Ondorioz, Arrietak ez du perfekzioa lortu nahi, «egiazkotasuna baizik».

«Pintura arruntak direlako» erabiltzen ditu errotuladoreak eta margo akrilikoak. «Jendearenganako gertutasuna lortzeko. Horrekin lortzen dut jendeak pentsatzea nire lanak haiek ere egin ditzaketela. Ez dut arazorik esaten badidate 'marrazki horiek nire semeak egin ditzake!' Zer hobeto, nire lanek norbait sortzera bultzatzea baino». Martxoaren 1 arte izango da erakusketa, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.