Kritika. Musika

Martxak deseraikitzen

The San Lucas Band / 'La Voz de las Cumbres'
2024ko otsailaren 18a
05:15
Entzun

The San Lucas Band

'La voz de las cumbres'
Diskoetxea: Les Disques Bongo Joe.

Ameriketako Estatu Batuetako ABC Command diskoetxeak 1975ean argitaratutako lan hau Grammy sarietako Tradiziozko Grabazio Etniko Onenaren kategorian lehiatu zen, bai eta laudorio andana jaso ere, batez ere jazz musikarien aldetik, besteak beste, Jon Hassell tronpetista eta Charlie Haden kontrabaxu jolea zale amorratuak baitziren. Bada, harrezkeroztik ez da grabazioaren berrargitalpenik izan, Suitzako Les Disques Bongo Joe zigiluak aurten merkaturatuko duen arte, zaleon zorionerako.

San Lucas Bandako kideak San Lucas Toliman herri menditsuan bizi ziren, Guatemalan, eta izaera erlijioso eta sozialeko tokiko ekitaldietan jotzen zuten; izan ere, 1922tik aurrera, banda hiriaren ikur bilakatu zen. Halere, grabazio hauek jaso zirenerako, banda tradizional horiek desagertzear zeuden. Bitxia bada ere, gobernuak banda militarren eraketa bultzatu zuen, eta lehen talde ezaguna 1839an eratu zen. Hori dela eta, banda militarren eragina nabarmena da grabazioan.

Tradizio espiritual handiko cakchiquel-maiak ziren bandako kideak. Sinesmen horiek tarteko, Ostiral Santuko zeremonietan jotzen zituen bere ohiko martxak San Lucas bandak; Aste Santuan, hain zuzen, Ama Zaharra izeneko panpina bat erakusten zuen, zeina jainko-xamana omen zen. Hori guztia, diskoan jasotako ohar informatibo zoragarrietan zehazten da. Ohar horiek diskoa entzuten den bitartean esperimentatu beharrekoak dira, musikari haien espiritu eta sormena behar bezala atzemateko. Unibertso hori guztia Linda Lee O'Brien etnomusikologoak idatzi zuen diskoaren lehen edizioan, eta berrargitalpenean ere bildu dute.

Doinu militar eta zeremonialak —grabatu baino 50 urte lehenago sortuak—, gaizki tratatuta daudela dirudi, edo zehazki esanda, diskoan jasotako doinuak mendebaldekoa ez den tradizio baten emaitza dira, eta ondorioz, grabazioan jasotako harmoniek eta eskalek entzulea nahas dezakete, kirrinkak edo labanak balira bezala. Lanaren bandcamp-ean jasotzen denez, «nahiago zituzten egitura erritmiko libreagoak eta mendebaldeko eskaletan baino tonu-aniztasun handiagoa». Haatik, arretaz entzunez gero, entzulea ohartuko da abestiak irmo egituratuta daudela, musika-tresnen kalitateak eta musikaltasunak egiturak hankaz gora jarri izanagatik ere. Horiek horrela, doinuetan kaosa eta ausazko harmonia iradokitzaileak azaltzen dira.

Hartara, ematen du musikariak melodiak deseraikitzen ari direla, nota bitxien bitartez, tradizioan errotutako abangoardia karrankari eta, era berean, hipnotiko batera iristeko. Festa eta hileta, zoriona eta tristura, batzen dira martxa hauetan, baina baita musika jotzeko eta sortzeko modu propio bat ere, free-jazzetik edo Velvet Undergroundetik uste baino gertuago egon daitekeena, edo gureari erreparatuz gero, Txaranga Urretabizkaia litzateke erreferentziarik (des)egokiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.