Jazzaren iraganean eta orainaldian garrantzi handia izan duten artisten ibilbidea eta eredua aitortzeko sortu zuten Donostiako Jazzaldia saria, 1994an. Aurtengoa Mary Stallings jazz kantari estatubatuarrari eta Michel Portal multiinstrumentistari emango diete.
The New York Times entzutetsuak oraintsu esan du "beharbada, bizirik dagoen jazz abeslari onena" dela Stallings. 1950eko hamarraldiaren azkenetarako jaioterri duen San Frantzisko inguruko klubetan abesten hasia zen izen handiko hainbat artista eta talderekin: Ben Webster, Cal Tjader, Earl Hines edo Wes Montgomery. Gero, Count Basie, Billy Eckstine eta Dizzy Gillspieren orkestretako kide izan zen. Bere izenean argitaratu zituen diskoak pianista handiak lagun zituela grabatu zituen, Monty Alexander eta Geri Allen, kasu. Erretiratuta aldi luze bat eman ondoren, Wynton Marsalis tronpetari prestigiozkoak itzularazi zuen agertokietara. Bere "swing paregabea, bluesez zamatutako fraseatzea eta interpretazio-dohainak" nabarmendu dituzte antolatzaileek.
[youtube]https://youtu.be/TyKnlNlFZDY[/youtube]
Michel Portal baionarra, artista sailkaezina da, eta askoren ustez "euskal jazzaren dekanoa". Multiinstrumentista da: klarinete jotzaile aparta da, ezaguna musika klasikoaren munduan egin dituen Brahms eta Mozarten interpretazioengatik. Batez ere klarinete baxuan nabarmentzen da, Eric Dolphyren arrastoan, baina ez da atzera geratzen saxo altuarekin, tenorarrekin eta sopranoarekin ere. Eta bandeoia ere jotzen du. Instrumentu aniztasun horregatik, musikari buruz dituen ideiengatik eta agertokian inprobisatzeko duen ahalmenagatik, Michel Portal lehen mailako musikaria da Europako free-jazz deituaren barruan.
[youtube]https://youtu.be/o6-XGD-cg9Y[/youtube]