Literatura

Maskara gai hartuta egingo dute Literaturia jaialdia Zarautzen

Seigarrenez hartuko du Zarautzek Literaturia jaialdia, maiatzaren 10etik 12ra bitarte. Liburu azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko emanaldiak aurkeztu dituzte antolatzaileek.

Anjel Lertxundi eta Uxue Alberdi idazleak, Yoseba Peña eta Itziar Iruretagoiena Literaturia jaialdiko antolatzaileen artean, gaur, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 2a
13:28
Entzun

Ez dute "paraxutean bota" nahi, "landu" baizik. Literaturia jaialdia "sarea zabaltzen" ari da, Yoseba Peña antolatzailearen hitzetan, eta gaur aurkeztu dute Zarautzen (Gipuzkoa) egingo den seigarren edizioa, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. Ideia berari bueltaka, "auzolana" nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, batez ere, herriko ikastetxeekin lankidetzan antolatutako ekitaldiei dagokiena. Maiatzaren 10ean abiatuko da literatur jaialdia, eta, Zu naiz, ni zara lelo hartuta, Maskara gaiak lotuko du asteburuko egitaraua.

Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko zenbait gunetan, literaturaren bueltan. Ekintza guztien artean, liburu azokari eman nahi dioten "zentraltasuna" aipatu du Peñak: larunbatean eta igandean egingo dute, Musika plazan. Hori indartzeko, bonuak banatuko dituzte sarrera duten ekitaldietan, eta deskontu bonuak ere jarriko dituzte salgai, jendea azokara bideratzeko asmoz.

Uxue Alberdi idazlearentzat, "liburua bera bihurtzen da idazlearen maskara", eta berak idatzitako Jenisjoplin azken nobelarena "kentzen" ari den honetan, liburuaren jendaurreko irakurraldia egingo du ostiralean, jaialdia abiatzeko, Modelo aretoan. Ondoren, Paul Beitiak egingo dio elkarrizketa. Errepikatu egingo du Alberdik hurrengo ekitaldian: Andoni Egaña "kozinatzen" ari den bertso-maskaradan, hain zuzen. Literatura, bertsoa, musika eta marrazkia nahastuko dituzte emanaldian. Xabier Lizasok pianoa joko du, Unai Gaztelumendik marraztu, eta Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan, "Egañaren testu literarioen pentzura".

"Irakurleak egiten du liburu batek irautea", Anjel Lertxundiren hitzetan; berak idatzitako Otto Pette eleberriak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatuko du Literaturiak. Larunbatean egingo diote omenaldia Lertxundiri, eta igandean beste urteurren baten karietara ariko da Modelon: Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena. "Euskal Herrian oro har baztertua izan da" Mitxelena, Lertxundiren ustean: "Ulertzen dut, gai erlijiosoak duen pisuagatik, baina hori asko dago lotuta Euskal Herriaren egoerarekin". Ikuspegi literariotik, bere garaiko idazlerik "gihartsuena" iruditzen zaio Mitxelena, estilistikoki "inor indiferente uzten ez duena". Idazlearen inguruko mahai ingurua antolatu dute igande eguerdirako, eta Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi EHUko irakasleen emango dute Mitxelenaren lanari buruzko ikuspegi akademikoa, Lertxundirekin berarekin batera.

Anjel Lertxundiri bakarrik ez, Yolanda Arrieta idazleari ere egingo diote omenaldia aurtengo Literaturian, igandean. Ipuin kontaketa saioa egingo du aurrena, eta ondoren, Literattipia umeentzako literatura festan, aitortza egingo diote "haur eta gazte literaturan egindako lan itzelagatik".

Horrez guztiaz gain, hainbat liburu aurkezpen egingo dituzte asteburu osoan Garoa liburu dendan. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Ione Gorostarzu, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Juan Luis Otamendi eta Beñat Sarasola, haien azken literatur lanak aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.