Maskaradak, Larrainera bueltan

Zuberoako hamahiru herritan izango dira aurten jelkaldiak, datorren igandetik apirilaren 18ra bitartean

Larraine
2010eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Zuberotarrak, urtero-urtero maskaradak egotearekin, denbora azkar pasatzeaz ez dira horrenbeste konturatzen. Hala, 1997. urtean Zuberoako inauteri bereziak antolatu zituen herrira bueltan izango dira aurtengo maskaradak: Larraine herrira, hain zuzen. Lehen agerraldia, ohiturak hala nahi duenez, Larrainen bertan izango da, datorren igande honetan bertan, urtarrilaren 10ean. Azken agerraldia ere, lege zaharrez beti, Larrainen izango da, apirilaren 18an. Bien bitartean, Zuberoako beste hamabi herritara jalgiko dira Larraineko maskaradak, negu beltzean gogo bihotzak alaituta.

Azken urteotako ezaugarri nagusi bati jarraituz, oso-oso gazteak dira Larraineko aurtengo maskaradetako arizaleak. Goiti edo beheiti, 20 urteren ingurukoak dira maskarada egile hauek, «zaharrenak» 30 urte doi-doi pasatuta izango dituelarik. Ohikoa bihurtu den beste kontu bat da, berriz, gehienak neskak direla, dantzarien artean bereziki.

Honako hauek beteko dituzte maskaradetako kargu nagusiak, Beltzeriako pertsonaietatik hasita: Allande Etxeto izango da Kauteren nagusi larderiatsu eta ahobero Kabana handia; Pitxu broma egilearena egingo du, berriz, Mathieu Bengotxeak, eta Buhame jaun gisa arituko da Herve Ameztoi. Beltzeriakoak ez direnak Gorriak deitu ohi dira, eta horien artean: beltzez jantzita dagoen Jauna Nicolas Bengotxea izango da, eta haren Anderea Mirentxu Camy. Jaunaren konpainian dabilen Laboraria Pette Etxebest izango da, eta haren alboko Laborarisa, berriz, Cristelle Elgoien. Jaunaren zapata zorrozteaz gain, maskaradetako jokaldien artean koblak edo bertsoak ematen dituzten Xorrotxak, berriz, Nadine Elgoien eta Ximun Akozeberri izango dira.

Xorrotxen kargua, beraz, neska-mutil bikote batek beteko du. Ez da lehen aldia izango, ordea, 2008. urtean Aloze-Ziboze-Onizegaine eta Atharratze-Sorholüze herriek elkartuta egin zituzten maskaradetan ere neska-mutilak baitziren Xorrotxak, hain zuzen Aña Bidalun eta Xabi Intzagarai.Xorrotxen koblakaldien hitzak Jean-Dominique Iriartek idatzitakoak dira, eta ahairea, berriz, Laurentx Oihenartek paratutakoa da. Euskal Herrian asko ezagutua den Maddi Oihenart kantariaren semea da Laurentx Oihenart. Kantu kontu, jakitekoa da, halaber, maskaraden ikusgarria bukatzean eman ohi dena Robert Larrandaburuk moldatua duela, hitzez bai ahairez, Larraineko maskarada hauei dagokienez. Larraintar hori Niko Etxarten koinata da.

Jokaldi bereziak dituzten arizaleen izendapena amaitzearren, zehaztekoa da Zamaltzaina zikiratzeko ahaleginetan ari diren eta biarnesera hitz egiten duten Kerestuak Beñat Borthelle eta Juje Akozeberri izango direla. Maskaradetako jokorik eta dantzarik ez baitaiteke horiek gabe izan, merezi du zehaztea txulula jotzaileen artean egongo dela Gregoire Lauga eta atabalari gisa arituko dela Mathieux Basterreix.

Lehen agerraldia, etenik gabe

Igande honetan egingo den estreinako agerraldia berezia izango da. Izan ere, goizeko bederatziak eta erdiean barrikada hausteekin hasi ondoren, maskaraden ikusgarria dantza emanaldi horiek amaitu eta jarraian izango da. Dena amaitu ondoren, bazkaltzerat joango dira maskaradetako arizaleak, baita hala nahi izango duten ikusleak ere. Beste jelkaldietan, aldiz, ohikoagoa den moduan emango dira maskaradak, hots, barrikada hausteak goiz partean, eta bazkaritik landa ikusgarria bera, 15:30 inguruan hasita.

Maskaradetan dantza agerraldiak eta ikuskizun barregarri bat soilik erreparatzen dutenei, gogoraraz dezagun inauteri bat dela. Hortaz, gizarte «txukun» eta ordenatuaren -Jauna eta konpainia, baita dantzariak ere talde horretan jartzen dira- eta gizarte baztertua, mespretxatua eta desordenatuaren arteko aurrez-aurre bat irudikatzen dute maskaradek. Antzinako garaietan, maskaradak zotal egunetan eman ohi ziren, hots, eguzki egutegiaren eta ilargi egutegiaren artean nabaritzen den hogei bat eguneko garaian. Zotal egun hauetan, gizarte ordenatu eta txukanari nausa egitea zilegi omen zen, eta horren ondare dira inauteriak.

Beste inauteriek bezala, maskaradek badute beste esanahi bat ere: hau da, negu beltzeko geldialditik ateratzea. Pitxuren hiltze eta berpizteak islatzen du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.