Maskorra Pandoraren kutxara

Urrezko Maskorra jaso du 'Pandoranin kutusu' lanak, eta Zilarrezkoa Melissa Leok, Tsila Cheltonek eta Oscar Martinezek

ERIK GARTZIA DONOSTIA
2008ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Yasim Ustaoglu ez zen sartzen kinieletan, baina ezustea eman eta Pandoranin kutusu filmak jaso du Donostiako 56. Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Atzo Jonathan Demme epaimahaiburuak sariaren berri eman zuenean, bertaratutako kazetari, kritikari eta kreditatuek epel hartu zuten, agian, hasiera batean izenburua ulertu ez zutelako; agian, faboritoen artean sartzen ez zelako. Pandoranin kutusu-k alzheimerra eta familia bateko belaunaldi ezberdinetako kideen arteko gatazkak hartu ditu gai nagusitzat. Ustaogluren hitzetan, «esperientzia pertsonalean» oinarritu da filma egiteko orduan.

Ez da izan filmak irabazi duen sari bakarra, Tsila Chelton 90 urteko aktoreak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso baitu. Alzheimerra duen Nusreten rola jokatu du Pandoranin kutusu-n. Hau izan zen Kursaaleko kreditatuek gehien txalotu zuten saria. Hala ere, ez da sari hori jaso duen bakarra. Demmeren esanetan, «lan asko egin ondoren eta eztabaida luzearen ondoren, bi Zilarrezko Maskor ematea erabaki dugu, emakumeek egin dituzten interpretazio indartsu ugari egon baita Zinemaldian». Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra -«beste maskor bat, ez bat erdibanatua» adierazi zuen modu grafikoan Demmek- Melissa Leo estatubatuarrak jaso du. Frozen River filmean Rayren rola jokatu du Leok, pertsonen trafikoan aritzen den ama txiroarena.

Beste bi maskor jaso ditu Daniel Burmanen El nido vacio-k. Oscar Martinezek jaso du gizonezko aktore onenaren saria, familiako krisia pairatzen duen adin ertaineko idazle ezagunaren rola jokatzeagatik. Bestea Hugo Colacek jaso du, argazki onenarengatik. Gidoi onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Benoit Delepine eta Gustave Kervner belgikarrek jaso dute, Louise-Michel komedia originalarengatik.

Baina zenbait erabakik zalaparta handia sortu zuten. Adibidez, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Michael Winterbottomek irabazi zuela iragarri zutenean, txistu eta zarata ugari sortu zen Kursaalean. Demmek txistuak «onak edo txarrak» ote ziren galdetu zuen, eta publikoak «txarrak!» zirela ihardetsi zuen. «Norbaitek eztabaidatu nahi badu, atera dadila nirekin kalera!», trufatu zen Demme. Winterbottomen Genova kinieletan ez da agertu.

Samira Makhmalbafek Hana ahizparen lekua hartu du aurtengo ekitaldian. Epaimahaiaren sari berezia jaso du Asbe du-pa lanak. Publikoak ez zuen ondo hartu, filmaren gordintasunagatik agian.

Epaimahaiaren lana

Jonathan Demmek, epaimahaikide guztien izenean, bertan parte hartzeaz «harro» daudela esan zuen atzo. «Filmen hautaketa oso ausarta eta anitza izan da, eta gure lana zaildu du horrek». Epaimahaiburuak aitortu zuenez, «sariak baino gehiago dira gustatu zaizkigun filmak. Uste dugu hemen hautatutako filmak bikainak direla, eta horien egileak harro egoteko moduan daudela».

Kinielatan zerbait irabazteko faboritoa zen Jaime Rosalesen Tiro bat buruan lana, eta saririk ez irabazi izanak harridura sortu du adituen artean. Hala ere, Fipresci saria jaso du. Esku-hutsik joan da ere Hirokazu Kore-edaren Aruitemo, aruitemo filma. Kritikarien iritziaren arabera, horiek ziren Urrezko Maskorra irabazteko hautagairik nagusienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.