Irailaren 19tik 27ra bitarte Donostiako 73. Zinemaldian erakutsiko dituzten hainbat filmen berri eman dute gaur antolatzaileek, Madrilen egindako aurkezpen batean. Eta iragarri dutenez, euskarazko bi film izango dira ikusgai aurten Sail Ofizialean: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileen Maspalomas, eta Asier Altunaren Karmele. Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango da lehena, eta lehiaz kanpo erakutsiko dute bigarrena, emanaldi berezien atalean. Azken horretan, Koldo Almandozek zuzendutako Zeru ahoak euskal telesaila ere emango dute.
Goenagak eta Arregik, Jon Garañok bezala, ezagun dute Zinemaldiko Sail Ofiziala, baita Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izatea ere. Moriarti kolektiboko kideak Loreak filmarekin izan ziren lehian lehen aldiz, 2014. urtean; Handia-rekin ere bai ondotik, 2017an (Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria); eta gaztelerazko La trinchera infinita ere lehiaren barruan aurkeztu zuten, 2019an (zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoirik onenaren saria, Irizar saria eta Fipresci saria). Beste hainbat lan ere estreinatu dituzte jaialdian, hala nola Lucio (Zabaltegi, 2007) eta 80 egunean (Zinemira, 2010). Bestalde, Veneziako zinema jaialdiko Orizzonti sailean estreinatu eta gero, Marco (2024) filmarekin amaiera eman zioten iaz Perlak sailari.
Oraingoan, Jose Ramon Soroiz aktorea protagonista duen istorio bat aurkeztuko dute Sail Ofizialean. Vicenteren rola jokatzen du Soroizek filmean; 77 urtetan, bikotekidearekin hautsi ondoren, Maspalomasen (Kanariar uharteak, Espainia) gustuko duen bizimodua daraman gizon bat du ardatz filmak, hain justu ere. Eguzkia, parranda eta gozamena dira haren egunerokoa, baina, istripu baten ondorioz, Donostiara itzuli beharko du, eta alabarekin elkartu, nahiz eta aspaldi abandonatu zuen. Nagore Aranburu eta Kandido Uranga aktoreek ere parte hartu dute filmean.
Asier Altunak ere badaki zer den Sail Ofizialean film bat erakustea, bitan izan baita hartan bere lanekin: Bertsolari-rekin 2011n —lehiaz kanpo eman zuten—, eta Amama-rekin 2015ean —Irizar saria irabazi zuen—. Hark zuzendutako beste hainbat film ere jaialdian izan dira urteotan, tartean Aupa Etxebeste!, Telmo Esnalekin batera ondua (Zuzendari Berriak, 2005; Gazteriaren saria), Kalebegiak film kolektiboa (Belodromoa, 2016) eta Agur, Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019). Gure oroitzapenak (Zinemira, 2018) film luze kolektiboaren atal bat ere zuzendu zuen, eta Donostian estreinatu zituen ARZAK since 1897 (Culinary Zinema, 2020) eta Hondalea ere (Euskal Zinemaren Gala, 2021).
Karmele drama historikoa erakutsiko du oraingoan; filmak Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) nobela du oinarrian, eta Jone Laspiur, Eneko Sagardoi, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran aktoreak ditu protagonista. Liburuak bezala, benetako gertakariak ditu ardatz filmak ere, Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitzei segitzen baitie kontakizunak. 1937an, Euskal Herrian gerra galdua zela ihes egin, eta erbestean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu; tronpetista profesionala zen bata, erizaina bestea, eta erbesteko Eusko Jaurlaritzak sortutako Eresoinka taldean zebiltzala maitemindu ziren. Naziek Frantzia okupatu aurretik, berriro egin zuten ihes, Caracasera orduan. Familia bat osatu zuten, eta Euskal Herriarekin engaiatuta segitzeak markatu zuen haien bizitza.

Lehiaz kanpo emango dute Altunaren filma, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan. Eta atal berean aurkeztuko du Koldo Almandozek Zeru ahoak lau ataleko euskal telesaila ere. Zuzendariak Hondar ahoak (2020) telesaileko pertsonaiak berreskuratu ditu thriller berria sortzeko, eta, hala, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga eta Sara Cozar aktoreek parte hartu dute lanean. Urteotan Almandozek film labur ugari aurkeztu ditu jaialdiko beste sail batzuetan, eta Oreina bere bigarren film luzeari esker (Zuzendari Berriak, 2018) Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen —haren lehen film luzea, Sipo phantasma (2016), Zabaltegi-Tabakalera sailean eman zuten—.

Sail Ofizialean izango diren beste hainbat lanen berri ere eman du Zinemaldiak. Jose Luis Guerin zinemagile katalanak lehia ofizialean parte hartuko du, Historias del buen valle ez-fikziozko lanarekin. Zuzendariak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen 2001ean En construcción filmagatik, eta migratzaile ugari bizi diren Bartzelonako auzo batean filmatu du lan berria. Alberto Rodriguez zuzendari espainiarra ere hainbatetan izan da jaialdian, eta Los Tigres aurkeztuko du oraingoan lehiara; Antonio de la Torrek eta Barbara Lenniek petrolio sektorerako urpekari profesional gisa lanean diharduten bi anai-arrebaren rolak jokatzen dituzte filmean. Horrez gain, beste lan bat ere eramango du Rodriguezek aurtengo Sail Ofizialera, baina lehiatik at emango dute: Anatomía de un instante izeneko telesaila. Lehiaz kanpo, film luze bat ere hartuko du sailak: Agustin Diaz Yanes zinemagile espainiarraren Un fantasma en la batalla.
Halaber, Emanaldi Berezietan lehiaz kanpo erakutsiko dituzten beste bi lan iragarri dituzte: Flores para Antonio, Isaki Lacuestak eta Elena Molinak zuzendutako ez-fikziozko filma, eta La suerte, Paco Plazak eta Pablo Guerrerok zuzendutako sei ataleko telesaila.
'Aro berria' eta 'Bariazioak'
Zinemaldiko beste sail batzuetan ikusgai izango diren zenbait filmen izenburuak ere jakinarazi ditu jaialdiak. Eta euskarazko beste lan bat dago horien artean: Irati Gorostidik festibalean estreinatuko du Aro berria bere lehen film luzea, Zuzendari Berriak atalean. Obra proiektu fasean zegoela, egileak Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartu zuen, baita beste egonaldi batzuetan ere. Jaialdiak azaldu duenez, 1970eko hamarkadako langile borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen begirada bat proposatzen du Gorostidiren filmak. Sail berean parte hartuko du Jose Alayon ekoizle eta argazki zuzendariak ere, zuzendari gisa egin duen bigarren film luzearekin: La lucha.

Zabaltegi-Tabakalera sailak hartuko dituen lanen artetik, hiru film luzeren eta film labur baten berri eman dute. Lan horietako bat ere euskaraz da. Hain zuzen, Lur Olaizolak lehiaz kanpo parte hartuko du sailean, Bariazioak film laburrarekin; bizitzari, doluari eta horien aldaketei buruzko hausnarketa bat proposatzen du euskal zinemagileak bere lan berrian. Schwesterherz Sarah Miro Fischerren lehen film luzea, Marta Medinaren eta Enrique Lopez Lavigneren El último arrebato etaSergio Oksmanen Una película de miedo ere sail berean erakutsiko dituzte.

Horizontes Latinos sailerako, bestalde, 2020ko Ikusmira Berriak sariaren irabazle La misteriosa mirada del flamenco (Diego Cespedes) eta El mensaje (Ivan Fund) iragarri dituzte oraingoz. Perlak sailerako, berriz, Guillermo Galoeren Ciudad sin sueño. Eta Made in Spain atalerako, Fernando Colomoren Las delicias del jardín film luzea eta Mabel Lozanoren Abril, hoy no es invierno film laburra.
Belodromoko pantaila handiak hartuko dituen bi proiekzioren berri ere eman du jaialdiak: Daniel Sanchez Arevaloren Rondallas film luzea, batetik; eta Mario Forniesek, Lucas Nollak eta Sepiak elkarlanean sortutakoHasta que me quede sin voz ez-fikzio lana, bestetik.