Jose Miguel Corral. Margolaria

«Materiala anekdota da artean»

Oso propio sentitzen du Jose Miguel Corral margolariak bere diziplina, baina ez omen da bide baino: «Emaitza da garrantzitsua». Haren ibilbideaz liburua kaleratu dute orain.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Hau ez da iturgintza denda». Rene Magritte margolariak idatzia dirudi Jose Miguel Corral artistak (1968, Iruñea) bere estudioko atean itsatsitako oharrak. Izan zitekeen keinu ironiko bat, Iruñeko Arrosadia auzoan duen tailerraren parean dagoen iturgintza dendagatik ez balitz. Errealago bihurtzen du horrek dena. Nekatuta dago sortzailea bere lantokira hodi eta iturriei buruzko galderekin sartzen direnei azalpenak eman beharraz. Margolaria da bera. «Topiko bat da, baina eguneroko bat da margotzen dudana», desenkusatzen da. Behin baino gehiagotan margotu du horregatik tailerra bere lanetan. Pintura poteen, liburuen eta oraindik proiektu diren piezen artean, iturgintzari buruzkoak baino adeitsuago hartzen ditu bere arteari buruzko galderak, baina erosoagoa dago sortzen, sorkuntzaz hizketan baino. Bere ibilbide osoa hartzen duen ia 400 orrialdeko liburu bat argitaratu berri du Nafarroako Gobernuak, Conversaciones con artistas navarros lan sailaren barruan, eta azaroan erakusketa bat izango du Iruñeko Ziudadelan.

Komikiekin hasi omen zinen.

Iruñeko Arte eta Ofizioen eskolara sartu aurretik egin nuen komikiren bat, baina nerabezaroko gauzak ziren. Oso punkak ziren. Eskolan hasi nintzen teknika hartzen.

Zure lanetan badago teknikarekiko kezka bat, baina nahiko maiz aldatzen duzu lan egiteko modua ere. Olioa, akrilikoa, puntuz puntu sortutako margolanak, igeltsu gainean egindakoak, hiru dimentsioko animazio piktorikoak...

Nire irakasle batek esaten zuen berdin duela koadro bat nola egin den; berdin duela bost minutu edo hogei ordu behar izan dituzun: emaitza da garrantzitsuena. Hori da niri gehien axola zaidana. Hori eta baita jatorrizko ideiaren eta azken emaitzaren artean alde handirik ez izatea ere.

Eta hainbeste ildo aldaketa orduan?

Beharren arabera aldatzen dut teknika. Materiala anekdota da artean, emaitza da garrantzitsua.

Nahiko presentzia handia du giza figurak zure lehen lanetan, baina desagertuz doa gerokoetan. Objektuak, abandonatutako paisaia urbanoak... Gizakia baino gehiago, gizakiaren absentzia ageri da.

Auto-erretratuak dira lehendabiziko lan gehienak. Nolabait ere, umeak marrazten nituen, baina zahartzean izango dudan aurpegiarekin. Ez dira erretratu klasikoak, badute alde ilun bat. Estuasun sentsazioa irudikatu nahi nuen. Serie hori bukatzean utzi nituen umeak. Era naturalean egiten dut jauzi ildo batetik bestera.

Eta giza irudiaren desagerpena?

Badago anekdota bat horren inguruan. [Claude] Monet izan zen margolanen eskalarekin apurtu zuen lehena. Saloirako egiten ziren lanak bere garaian, eta koadro horietan beti egoten zen giza eskala irudikatu ahal izateko elementuren bat: etxe bat, behi bat... dena delakoa. Igebelarren lanarekin apurtu egin zuen hori Monetek. Mihise erraldoi batean margotu zituen landare haiek. Eskala erreala da, eta koadroaren barruan dago pertsona. Ez dago behirik, txakurrik edo halakorik margotu beharrik. Orain ehun urte apurtu zuen eskalaren beharraren ideia, eta beste kode batzuekin eraiki da paisaia geroztik. Topiko bat izan daiteke, baina nire lanean eguneroko gauzen kontaketa egiten saiatzen naiz. Giza eskalaren beharrik ez duen eguneroko moduko bat da nire margogintza.

Nafarroako Gobernuak atera duen liburuan esaldi bitxi bat erabiltzen duzu zure artea azaltzeko: «Gorpu baten konstantzia uztea da interesatzen zaidana».

Agoitz inguruan dagoen Barrio Serradero izeneko auzoari buruzko margolan zikloa margotu nuenekoa da esaldia. Hilda daude eraikin horiek. Ez dute jadanik beren fabrika funtzioa betetzen, eta hondakinak baino ez dira. Greziakohileta ontzi baten argazki bat aurkitu nuen serie hura hasi nuenean. Bere hilobian eserita dagoen emakume bat erakusten du irudiak. Ontzi hark bazituen bi ezaugarri deigarri egin zitzaizkidanak. Marrazki hura egin zuen artisaua birtuoso bat zen, batetik, baina, bestetik, akatsak egiteak ez zuen gehiegi kezkatzen. Soinekoaren lerroak bikain daude, baina ontzian badaude oso gune lausoak ere. Oso irudi garaikidea da.

Akatsaren alde mintzo zara liburuko zure testuan ere.

Bai. Ontzia ikusi nuen garai hartan ikusi nituen Barrio Serraderoko eraikinak ere. Argazki pila egin nituen, eta ontzi horien antza ikusi nien. Mihiseak igeltsuz estali, eta haien gainean eraiki nituen eraikinen irudiak, hileta ontziak balira bezala. Akatsa koadroaren parte izan zedin nahi nuen, eta hildako eraikin horiek omendu. Hileta ontzia balitz bezala.

Apokalipsi osteko paisaiak dirudite marrazten dituzunetariko askok.

Isiltasun dosi bat dute koadro askok, bai. Narrazio zehatzik gabe, horrek obra irekiagoa sortzen du.

Artista baino gehiago, margolaria zarela esango nuke. Oso propio duzu diziplina, eta haren barruan aritzen zara ikertzen. Zerk bilakatzen du pintura gaurkotasunezko genero?

Hizkuntza bat da, eta kode propioak ditu. Zaharberritu egin beharra da, baina indartsu dago oraindik hizkuntza gisa. Sozialki krisian dagoela ere egia da, ordea. Mugimenduan diren irudiez inguratuta bizi gara, eta irudi mota hori hobeki ezkontzen da daramagun bizitza motarekin. Pinturak denbora bat behar du ikuslearekin elkarrizketan aritzeko. Mugimendu betean da gizartea, baina pinturak etenaldi bat eskatzen du. Pinturaren berezitasun horrek mugimenduan diren irudiek eskaintzen ez duten elkarrizketa mota bat eskaintzen du. Jorge Oteizak zioenez, Jainkoa ikustera sartzen da jendea elizara, Jainkoa ikusiko duten fedez. Jendea erakusketa batera ere artea ikusteko prest sartzea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.