Goizalde Landabaso. Idazlea

«Matrixen bizi gara»

Postaletik at dagoen hiri batean kokatu ditu 'Bränskint' liburuko ipuin laburrak. Klima goibeleko alegiazko toki horretan gertatutako istorioak giza egitura erraldoi baten taupada dira; baina, bizitzan bezala, liburuan ere oinazeak eta heriotzak tarte zabala dute.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Parke batean gazte batzuek bortxatzen duten prostituta, eskalea ur pistolez tirokatzen duten umeen haurtzaro hautsia, zoriontasunarekin zer egin ez dakien psikiatra, bere buruari gutunak idazten dizkion emakumea… Bränskint-en bizi dira denak, Goizalde Landabasok (Bilbo, 1970) Txalapartarekin plazaratutako azken liburuan azaltzen den alegiazko hirian. Postaletik eta turismo gidetatik at utzi ohi duten hirian. Bazterrekoan, baina egiazkoan. Mina, herra eta bakardadea maitasun eta esperantza printzaz argiturik ageri dira poesian sustrai sendoak dauzkaten ipuinotan. Aritz Eigurenen marrazkiek indartzen dute narrazio txikien lirikotasuna. Landabasok Bilbo Zaharrean erantzun die galderei, itsasadarrera ematen duen taberna batean. «Nahi duzun tokian gera gaitezke. Bränskintetik gertu nahi baduzu, Nerbion tabernan izan daiteke».

Beraz, Bränskint Bilbo ere bada, Europako iparraldeko hiri baten itxura izan arren.

Bilbo Zaharrak asko du Bränskintetik. Bazterreko auzoa izan da beti, hiriaren erdigunean egon arren. Itsasadarrera ematen duten etxeak zainduagoak daude, baina barrura sartu ahala, auzoa aldatu egiten da. Turismo gidetan ezer gutxi esango dute auzo honi buruz, eta Abandoibarran nekez imajina ditzaket etxerik gabekoak. Trafikatzaileak, etorkinak, gazteak, junkieak, zaharrak… Bilbo Zaharreko atari batean denetarik egon daiteke, eta kalean polizia asko beti.

Ekosistema aparteko bi dira edo ondo asko diseinaturiko eta neurturiko ekosistema berberaren parte?

Oso ondo moldatzen dira. Badaude idatziak ez dauden arau batzuk, eta badakite arau horiek haustean datozela arazoak. Bien bitartean, lasai bizi dira. Droga kalean dago, eta Poliziak badaki. Elkarbizitzako egoerak dira. Baina mugen barruan kaiola bat da. Muga horietatik ezin dute pasatu. Eta uneren batean agintariek erabakitzen badute auzo honek desberdina izan behar duela, etxeak bota, berriak garesti eraiki eta bestelako bihurtuko dute.

Bränskinten ez dago erreakzio handirik, baina Erresuma Batuan sistemaren zapalkuntzaren aurkako bihurraldia muturrekoa izaten ari da. Eta beste modu batean, baina Espainian ere, Euskal Herrian ez horrenbeste, M-15 mugimendua ari da bide bat egiten…

Sistemak oso ondo asimilatuta dauzka mugimendu hauek. Izan ere, M-15 mugimenduak ez du indarrik. Adierazpenak egiten ditu kalean, baina gero zer? Jende askok dio: «Bai, ni ere haserre nago, baina behin hori esanda, zer?». Sistemak irentsita dauka, eta beste gauza bat sortuko balitz, irentsi egingo luke. Eta ikusiko baluezin duela irentsi, arerio bihurtu eta suntsitu egingo luke.

Nola erantzun dakioke sistemari orduan?

Eguneroko bizitzan gizatasun apur bat jarrita. Ondo dago horrelako mugimenduetan parte hartzea eta manifestazioetara joatea, baina gero, beharbada, ez dakizu ezta zure atariko bigarren solairuko gizon edo emakumea bakarrik bizi dela ere, jateko dirurik ez duela edo asteak daramatzala inorekin hitz egin gabe. Hiri gizatiarragoak egin nahi baditugu, etxetik bertatik hasi behar dugu. Inkomunikazio sare ikaragarriak eraiki ditugu inguruan, eta gero komunikazioa aldarrikatzera irteten gara kalera…

Pobreziak klase ertaina egiaz astintzean gertatuko da iraultza?

Ez dut sinesten iraultzetan. Iraultza botere aldaketa izaten da. Eta hemen, iraultza gertatzen bada, botere aldaketa bat izango da. Bata kendu bestea jartzeko. Baina besteak konponduko al du batak konpondu ez duena? Eraikiko du beste sistema bat, baina horretan ere hierarkiak egongo dira, beti egongo direlako hierarkiak. Gizatasuna aldarrikatzen dut. Jendeari begietara begiratzen ikasi behar dugu, enpatia zabaldu eta adimen emozionala landu. Hor ikusten dut irtenbidea. Bestearen lekuan jartzea eta harena sentitzen hastea.

Gaitasun horiek ez ditugu behar bezala garatu, beharbada…

Edo hoztu egin zaizkigu. Bestearen larruan jartzea, azken finean, gogorra da. Sufrimendua dago, eta hobeto bizi gara ezjakintasunean. Baina batzuetan bizitzak kolpe latzak ematen ditu.

Kolpe latz horiek jasaten dituzte aurkeztu duzun hiriko pertsonaiek, baina herrietako giroa ez da idilikoaere.

Harritu egin nau liburua irakurri duten batzuek esan didatena: beldurra eman behar duela liburuko hiri horretan bizitzeak, baina hiri horretan bizi dira! Itsutasun horrek harritu egin nau. Jendeak zein hiritan bizi dela uste du? Eta zer pentsatzen du, New York pelikuletan agertzen den hiri zoragarria bakarrik dela? Gordina ere bada, Bilbo Abandoibarra bakarrik ez den bezala. Eta ikusten ez baduzu, ez duzulako nahi da. Bilbo Errekalde eta Zorrotza ere bada. Eta Donostia Herrera ere bada, marko inkonparablea ez izan arren. Jendeak marko inkonparablean bizi nahi du. Horretarako hain du gogo handia, ezabatu egiten du ikusi nahi ez duena. Matrixen bizi gara. Eta pilula urdina hartzen dugu deseroso zaiguna ez ikusteko. Herrietan berdin gertatzen da, edo herrietan ez dira bortxaketak gertatzen? Eta tratu txarrak? Denak dira aberatsak? Ez dago txirorik? Neurria jendearen kopurua da. Zenbat eta jende gehiago, orduan eta gauza gehiago pasatuko dira.

Bränskint liburua Bilbon sortu da. Euskal literatura Bilbon bazterreko pertsonaiabat da?

Bilbok sekulako ekarpena egin diezaioke euskal literaturari. Baina euskal literatura Bilbon sakabanatuta dago, eta ez gara erdigunera iritsi. Ahalegindu eta erdigune komertzial eta kapitalean banderatxoa jarri behar genuke, BBKren eskutik bada ere. Berdin dio horrek; ez da garrantzitsua.

Badu horretarako gaitasuna?

Bai. Maila badu eta ez du konplexurik. Bilbon egiten den espainierazko literaturarekin alderatuta, askoz hobea da, eta berritzaileagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.