Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak hirurogeitik gora proiektu jaso dituzte urtarriletik hona, Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egiteko. Urte hasieran bi erakundeek konpromisoa hartu zuten Wroclaw hiriburu kulturalarekin harremanetan jartzeko, eta, hala, Euskal Herriko hiru artista aukeratu dituzte lehen egonaldirako, hirurak emakumeak. Matxalen de Pedro artistak audio gidetan oinarritutako Hiri Kit proiektua egingo du, Goiatz Labandibar kazetariak argazkiak eta literatura landuko ditu Hala bazan.. Klixk! lanean, eta Maialen Sarasuak, berriz, Donostia eta Wroclaw irudi bidez harremanetan jarriko ditu Wroclaw-Donostia. Zubi bat proiektuarekin.
Egonaldiak ekaina eta uztaila artean egingo dituzte, eta hogei bat egun izango dira bertan. Ondoren, Poloniako hiru artista ekarriko dituzte Donostiara.