Azkeneko urteetan egiten zizkioten elkarrizketetan, aldez aurretik jakiten zuen Max Von Sydowk uneren batean Ingmar Bergmani buruz galdetuko ziotela. Antzerki eta zinema zuzendari suediarraren bitartez egin zen ezagun mundu osoarentzat Von Sydow, eta haren begiradaren eta pentsamenduaren bitartekari bilakatu zen kasu askotan. Sarri galdetzen zioten aktoreari zinemagileaz, baina horrek ez zuen akiarazten, eta beti izaten zituen hitz politak lagun eta maisu izan zuenarentzat: «Gure arteko harremana izugarri inportantea izan zen, bai maila pertsonalean, bai profesionalean, baina, batez ere, harreman konplexua izan zen. Hura gabe ez nintzen hemen egongo». Von Sydow, Europako zinemak eman duen aktore ospetsu eta laudatuenetako bat, igandean hil zen, Parisen, 90 urterekin.
Von Sydow 1929an jaio zen, Lunden (Suedia), eta oso gaztetatik interpretaziorako joera izan zuen. Hain zuzen ere, ikasketak egin zituen Stockholmen, eta han ezagutu zuen Bergman. Det sjunde inseglet (Zazpigarren zigilua) filmarekin hasi zen bien arteko elkarlana, denboran luzatuko zena. Izurriteak suntsitutako Erdi Aroan Heriotzaren kontra xake partida bat jokatzen duen zaldunaren rola bete zuen film horretan Von Sydowk. Filmak oihartzun handia izan zuen, Bergman egile zinemaren ikur bilakatu zuen, eta Von Sydow ere ezagutarazi zuen. Baina ez zen hori Bergman-Von Sydow bikotearen lan bakarra, zenbait urtez zuzendariaren ideien transmisore bilakatu baitzen aktorea. Nära livet (Bizitzaren atarian, 1958) draman rol txikiago bat bete zuen, baina protagonista izan zen Ansiktet (Aurpegia, 1958), Jungfrukällan (Dontzeilaren iturburua, 1960), Såsom i en spegel (Ispilu ilunean zehar, 1961) eta Vargtimmen (Otsoaren ordua, 1968) filmetan.
[youtube]https://youtu.be/Ev8TkqmBl4w[/youtube]
Bergmanen lanak nazioartean izan zuen oihartzunaren ondorioz, Von Sydowk ere jauzia egin zuen, eta AEBetan eta Europan lanean hasi zen, bere herrialdeko ekoizpenei uko egin gabe. Hala, 1960ko hamarkadatik aurrera, John Hustonekin (The Kremlin Letter, 1970, Escape to Victory, 1981), William Friedkinekin (The Exorcist, 1973), Woody Allenekin (Hannah and her Sisters, 1986) eta Steven Spielbergekin (Minority Report, 2002) egin zuen lan, besteak beste. Haren azken lanetako bat Game of Thrones telesailean bete zuen.
Bitan egon zen izendatua aktorerik onenaren Oscar saria jasotzeko (Pelle erobreren, 1987; eta Extremely Loud & Incredibly Close, 2011), baina ez zuen irabazi.