CASS McCOMBS
'Interior Live Oak'
Diskoetxea: Domino.
Kantu solteen, lan luzeen aurrekari ez diren singleen eta bat-bateko erreakzioa lortu nahi duen eta sustatzen duen musika sistema baten aldi gorena den honetan, harrigarria suerta dakioke askori musikari batek 75 minutu irauten duen eta hamasei kantu biltzen dituen disko bat argitaratu izana. Garai batean disko bikoitz izendatuko litzatekeena. Ez dira horretarako garaiak, baina Cass McCombs musikari estatubatuarra bera agian ez da sasoi honetako joeren adibide paradigmatiko bat ere, eta bistan da ez diela kasu handirik egiten modei eta sare sozialetan nagusitzen diren joerei. Interior Live Oak bere azken diskoa da horren erakusgarri garbia.
McCombsek 2003an argitaratu zuen bere lehenengo diskoa (A), baina Catacombs (2009) lanarekin eta bereziki han agertzen zen kantu dotore bezain hunkigarri batekin, Dreams-Come-True-Girl-ekin ezagutu genuen askok. Pieza hark Roy Orbisonen manerak ekartzen zituen gogora, eta, agian horregatik eta baita Karen Black aktorearen ahotsaren eraginagatik ere, David Lynchen film baterako ezin aproposagoa ematen zuen.
Orduz geroztik, ibilbide sendoa osatu du McCombsek, betiere molde klasikoen barruan mugituz, eta hala popa nola rock leuna bere eremura eramanez. Eta esparru horren barrukoak dira, bakoitza bere ezaugarriekin, Interior Live Oak osatzen duten hamasei abestiak ere. Estilo liburu bat erabiliko balu bezala, gutxitan aldentzen baita tempo ertaineko moldeetatik, kantu bakoitzak bere ñabardurak izan arren.
Hasierako Priestess-ek markatzen du bidea, malenkonia eta dotorezia uztartuta, Richard Hawleyren eta Paddy McAloonen artean mugituz. Baina segidan dator Peace, eta kantuaren pop dirdirak gogora ekartzen du Josh Rousek bere lanik onenetan lortu zuen magia. Missionary Bell akustikoak, berriz, bere hauskortasunean eta gitarra xume baina oso adierazgarriarekin, Iron & Wine-ren kantu iradokitzaileetara eramaten du entzulea. Lehenengo hiru kantu horiekin aurkeztu du bere burua McCombsek, eta, ibai batek bezala, ur lasai eta biziagoak erakutsi.Â
Estilo liburu horrek barnean biltzen dituen musika generoak karranka eta ezusteko handirik gabe aletzen ditu musikari estatubatuarrak. Gitarra elektriko markatu batek nortasun berezia gehitzen dio Miss Mabee biziari, eta A Girl Named Dogie baladaren azken parteari ere elektrizitatea dario. Who Removed the Cellar Door? ederrak country noir estiloaren trazak ditu, eta Lola Montez Danced the Spider Dance luzeak ere bikain biltzen ditu dotorezia eta dramatismoa.Â
Horiekin kontrastean, badira Interior Live Oak-en itxuraz arinagoak diren piezak ere, Home at Last intimista eta Asphodel trostaria esaterako, eta baita ñabardura instrumental ugariko kantu oso delikatuak ere (Strawberry Moon, Diamonds in the Mine). Eta bidaiaren amaieran, Interior Live Oak kantua azaltzen zaigu, bere nerbio elektrikoarekin, adierazteko ematen duen baino zailagoa dela McCombs sailkatzea.
Interior Live Oak diskoa, beraz, McCombsen konposiziorako eta interpretaziorako talentuaren beste erakusgarri bat da, nortasun handiko musikari baten azken lagin oparoa.