Arrazoiz pentsatzen jartzen naizenean, eta ez da borondate kontu bat arrazoiz pentsatzen duzunetan lortzen den ondorioa, ulertzen dut absurdoa dela ikuspegi global batetik ETAren hilketek kezkatzea, adibidez, Mikel esposatu baten argazkiak egunkariaren azalean, alegia, kopuruan oso gutxi dira, eta hemen ez da inor libratzen lehenengo mundutar izatetik, horrek esan nahi duen guztiarekin. Baina nik ondorio horien arabera nire neurosi horrekin jarraitzen dut, nire nerabezaroak mendeku bat merezi balu bezala beste ezein injustiziak baino gehiago, monumentu bat zor didazue eskatuko banu bezala neure sufrimendutxoentzat. Hortxe jarraitzen du Sudanek, goseak hiltzen, baina suposatzen dut gurea bezalako burmuin humanista eta onbera ez dela kontraesan handienei aurre egiteko gai, kontraesan askagarriagoek obsesionatzen gaituzte, hain leku txarrean uzten ez gaituztenak, eta gehien kolpatu nauen hipokrisi ekintzarekin itsuturik nago ni ere beharbada, neurekoikeriaz, eta ez ETAk ezer egin didalako, ez baitit egin, niri ia inork ez dit ezer egin, gutxiago ari garen eskalan, dena kulpa sentimendua da, intraszendentea, hutsala, handiustea. Baina hala izanik ere, banaiz ondorio, eta bada baita ere norabide guztietara hedatzen zaidan amorru hau.
Istorio hau gaur goizean hasten da beraz, Madrilen, eta hemen jarraituko du, Landetan, amaitzen den arte, presentea berreskuratzen dudanean, posible balitz.
Autopistako abiadurak baizik baretuko ez ninduen ziurtasunez, hiritik ahalik eta azkarren eta ahalik eta gutxien pentsatuz irteten saiatu naiz; edozein bihurgunek artegatu nau, oharkabean pasa zaidan zerbaitek ihesaldiari gainditu ezinezko oztopoa jarriko zion susmo indartsua bainuen, sineskeria baten eran, halaxe gerta zedin desiratzen zuelako nire organo boikot egileak, beti maindirepean nahi nauenak, nik alegia neurri batean, suposatzen dut. Iraganak berriro harrapatzen zaituenean, eta etxeko dekoratua aldatzeko dirurik ez baduzu, ezta dekoraturik ere egia esan, lekualdatzeko garaia izaten da, estimulu berrien bila, distraituko zaituztenak, beste etorkizun baten miraz edo, kiloka. Ez dut ordea etorkizun gogorik.
Behin autopistan, errepideak ematen duen bideraturik egotearen sentsazioak nire gainerako nora ezak konpentsatu behar lituzke; Landak autopistan hasten dira, oraindik Madrildik irten gabe ere, edo Herritik. Dena arauturik, sorpresarik gabe, musika jarri eta egunerokotasun aktiboaren jurisdikziotik kanpo egoteak ematen duen askatasun sentsazio tontoa, Family-k kantatzen duen eran, hori dira Landak, edo Londres, edo Las Vegas, Disney resorts, oporrak ere pentsatu gabe pasa ahal izateko; bakarrik geratu garenok zailago dugu hori, bakarrik gaudenok momenturen batean hala gaudela pentsatzen dugu, eta hirugarren pertsonara ez pasatzea zail izaten da; bakarrizketak nabarmenegi izan aurretik eta guztiz organo boikot egilearen esku gera ez zitezen jarri naiz ni liburua idazten (baneukan konpainia bilatzea, esango du baten batek; ba ez dakit nola egiten den, bilatzeko lehenik, eta aurkitutakoak merezi izateko gero).
Urtetako desagertze estrategiaren arrakastaren ondoren, nire planari onartu nion arrakala bakarrak, amak, dena hankaz gora jarri dit oraingoan, eta ez, ez dit behar besteko sosegurik sortu bidean egoteak, aztoramenduak ez zuen askatasun sentsazio tonto batekin zerikusirik, bai ordea zerbait egin behar dudala badakidan bakoitzean sartzen zaidan ezintasunarekin; zenbat denbora pasa ote dudan ipuinen hasierak pentsatuz, pentsatuz bakarrik, lehen liburua argitaratzen duzunetik bigarrena idatzi behar duzulako, eta behar badut, ezin dut, are beka batek behartzen banau ere, ezin dut era gehiegizkoan, burugogorkeria nerabez, neure buruari masaileko bat emateko gogoa izateraino, gogoa bakarrik.
Grabagailuan baita ere: «Chica, va directamente a las Landas, sin pasar por casa; ahora ni eso. Esta hija mía está desnaturalizada, esango zion amak; ez zizkidan beregandiko oporrak eman nahi, nire bizitzako minutu baten berri ez badu traizioa baita, ez du esaten baina keinu hori jartzen zaio, irribarre eginez baina lotsaz, ligatzen ari denaren irudia eman dezake baina traizionaturik sentitzen da, eta lotsa ematen dio porrotak, berak ez zekien zerbait bere etxe berean izan delako, auskalo zenbat egunez, hilabetez, bere kontrolpetik kanpo. Helburu bati lotu zaio urteak aurrera, inguratzen zaion guztiak berari eskertzekorik izan dezan, identitatea galduko luke gainerakoan, horrek ezaugarritzen du, jendeari laguntzea deitzen dio, hori omen da bizitzak ematen digun politena, maite ditugunak zerbitzatzeko aukera. Amak egiten duena ordea ez da zerbitzua, erizain batek, nik neurri batean behintzat, edo nik noizbait gutxienez, badaki zerbitzatzea zer den; amak egiten duenak eroskeriaren antz handiagoa du, txantaje emozionala deitzen dela uste dut. Egin zerbait hurkoagatik noizean behin, zure burbuila hori mantentzeko besteok ere egin behar izan dugu sakrifizioren bat eta; zor asko sortu dizkit amaren eskuzabaltasunak, eta orain zelataria jarri dit nire bidaiaren lehen txanpan; zor niolako. Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat munduan miseria amaitzeak izango lukeen efektua izango luke amarentzat nire desagertzeak. Ez luke zer kolonizatu jakingo, barkatu, zertaz kezkatu, ez luke jakingo zein argumentu erabili pertsona ona dela frogatzeko. Mi hijo también va, Ixone le está esperando con el crío entzun zuenean lagunaren ahotik, eta autobusez joan behar zuela autoa Ixonek eraman zuelako, bere prestutasunak ezin izan zuen ezer egin gabe pasa eta nire burua eskaini zuen. Amaren lagunaren semearekin noa orain, Aitorrekin, institutuan nire klasean ibilitakoa bide batez esanda. Si no es por mí, no se relaciona. En el fondo le estamos haciendo un favor».
Liburu aurrerapena
'Mea Culpa'
Uxue Apaolaza 1981ean jaio zen. Historiako lizentziaduna da. Ipuin liburu bat kaleratua du: 'Umeek gezurra esaten dutenetik' (Erein, 2005). Euskal prentsako ohiko kolaboratzailea da. 'Mea Culpa' nobela berrian, Madrilen bakandurik bizi den pertsonaiaren istorioa kontatzen du: Lur-en istorioa. Egun batean, iraganetik etorrita bezala, egunkari azal batean Mikelen argazki bat ikusiko du; gogora datozkio ahantziak nahi lituzkeen oroitzapenak, nerabezaroko mamuak, konpondu gabeko ideologia auziak... Gogogoeta politikoki-ez-egokien bidez, irakurleari ezinegona sortuko dio, eta hausnarketa propioa eragingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu