Duela bi urte bukatu zen gerra Txetxenian, baina oraindik ez da bakerik iritsi. Errusiako militarrek atxilotutako milaka txetxeniarrek desagertuta jarraitzen dute, eta senideek ez dakite hilik ala bizirik dauden. Semea galdu duten edota torturak jasan dituzten hainbat txetxeniarren egunerokoa bildu du Mantas Kvedaravicius zinemagile lituaniarrak (Birzai, 1976) Barzakh filmean. Gizartea «izoztuta» bizi dela uste du zuzendariak: «Txetxenian indarkeria ez dago begien bistan, baina ezkutuan bada ere hor jarraitzen du. Horrexek izozten du gizartea, ikusi ez arren mehatxua egon badagoela jakiteak». Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinema Jaialdiak gaur aurkeztuko du filma, Viktoria Eugenia antzokian; Hammada, el pulso del desierto filmaren emanaldia hasiko da 16:30ean, eta haren ostean emango dute Barzakh.
Jaialdia gaur amaituko da; Viktoria Eugenia antzokian egingo dute bukaera ekitaldia, 19:00etan, eta sariak banatuko dituzte bertan: Ikusleen Saria film luzerik onenari, Gazteen Saria film laburrik onenari eta Amnesty International saria. Sari banaketaren ostean, jaialdiko azken filma emango dute, Feo Aladag zuzendari alemaniarraren Die Fremde. Apirilaren 8an hasi eta gaur arte, hogei film luze eta hamazazpi film labur eman dituzte, eta haur eta gazteentzako saio bereziak eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Azken zortzi egunotan, besteak beste, Kim Longinottoren Pink Saris, Khalo Matabaneren State of Violence, Maider Oleagaren Amaren ideia eta Jon Garañoren El método Julio ikusi ahal izan dira Donostiako hainbat aretotan.
Alabaina, jaialdia amaitu baino lehen, Barzakh Kvedaraviciusen lehen film dokumentala aurkeztuko dute lehiaketatik kanpo. 2006az geroztik, Kaukaso iparraldeko torturak eta desagertzeak ikertzen dihardu Kvedaraviciusek. «Gaia ez dut neuk aukeratu, gaiak aukeratu nau neu. Gizarte sobietikoan hazi nintzen, gero aro post-sobietikoa ezagutu nuen, eta gai hauek jorratzerakoan erabiltzen den azalkeriak harritzen ninduen». Hortaz, Txetxeniara bidaiatzea erabaki zuen, gaiaren inguruan liburu akademiko bat idazteko asmoz. Han aurkitu zuena azaltzeko hitzak motz geratzen zitzaizkiola ikusi zuen, ordea, eta zinemara jotzea erabaki zuen. Hamabi hilabete egin zituen filmatzen, eta kartzelan egon behar izan zuen denboraldi batez, Errusiako militarrek atxilotuta.
Hilen eta bizien artean
Beste hainbat istorioren artean, semea noiz itzuliko zain bizi den emakume batena kontatu du filmak. Militarrek bahitu zutenetik bost urte baino gehiago igaro dira, baina emakumeak gauero ikusten du ametsetan. Behin eta berriz itzultzen da fiskalaren bulegora kontuak eskatzera, baina ez du erantzunik jasotzen. Federa eta auzoko iragarleengana ere jo du, baina alferrik. «Milaka lagun bizi dira beraien senidea hilik ala bizirik dagoen jakin barik. Horrek sortzen dieten barne gatazka aztertu nahi nuen», dio zuzendariak.
Desagertuak nonbait kokatzearren, barzakh-en kokatzen dituzte txetxeniarrek. Koranak hiru aldiz aipatzen du kontzeptu hori, eta hil gabe baina bizi gabe dagoen giza egoera laburbiltzen du. Horrez gain, gerran hildakoen gorpuz beteta dagoen laku batekin ere lotzen dute barzakh Txetxenian. «Elezahar hori egia delakoan nago, eta urpeko arkeologoa ere banaizenez, lakura sartzen saiatu nintzen, baina azkenean ezin izan nuen lortu», dio Kvedaraviciusek. Horregatik, filmean garrantzia berezia du urak, eta irudi poetikoak sortzen ditu urpean filmatutako eszenetan, nolabait, barzakh delakoa irudikatuz.
Ikusitakoa azaltzeko lengoaia onena aukeratu beharrak eraman du Kvedaravicius zinemara. Kultur antropologiako masterra egina du Oxford unibertsitatean, eta doktore tesian ari da orain lanean. Lehen filma du Barzakh, baina sekulako bidelaguna izan du ekoizle lanetan: Aki Kaurismaki zinema zuzendari finlandiarra. «Nire lehen filma Kaurismakiren gisako zuzendari handi batek ekoitzi izanak izugarri lagundu dit jende gehiagorengana iritsi ahal izateko».
«Mehatxu ikusezinak izoztuta dauzka txetxeniarrak»
Mantas Kvedaravicius lituaniarrak 'Barzakh' aurkeztuko du Giza Eskubideen Jaialdiaren azken egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu