Lau egun daramatzate lanean Errobiko Festibalean Europatik etorritako zenbait lagunek, osteguneko emanaldiak hasi baino lehen: musikariak eta dantzariak izan dira aurten gehienak ikastaroetan. Azkandrai elkartekoek eta hainbat laguntzaile boluntariok prestakuntza tekniko lanetan jardun dute bitartean.
Jendaurreko lehen urratsa Sanoki aretoan eman ohi den hitzaldiarekin abiatu zen aurten ere. Bertan, Armand Gatti 88 urteko antzerkigilea hitzaren zentralitateaz jardu zen: XX. mende hasierako Arrosa Zuria erresistentziako talde alemaniarra ekarri zuen gogora. Hitza baino erabiltzen ez zuena. Akabatuak izan ziren haiek guztiak, baina eutsi egin zioten bere ideiari: «Biologia hutsa baldin bada, giza jendearen izanak ez du inongo zentzurik; giza borondateak —nahiak, pentsamenduak eta elkarrekiko ekintzak— ematen dio munduari zentzua». Joan den mendeko lekuko aparteko honek —Buenaventura Durruti, Espainiako gerran hildako ikono anarkistaren jaka darama soinean—, mendearen amets eta porrot hainbeste bizitutako giza ikono bilakatua, gaineratu zuen: «Gizakiak ezin du une bakar batez ere bere erresistentziarako grina ahaztu, ez baita ezer erabatekoa, den-dena berritu beharrean gara etengabe». Eta aurten argitaratuko den Le traversée des languages bere liburuaren hitzekin burutu zuen hitzaldia.
Errobikoan ez da behin ere hitza —edo musika, edo dantza— bere soilean uzten. Beti dator nahasia, baita joan den ostegunean ere: jende artetik sortu zen dantzaririk, abeslaririk, Gatti zaharraren hitzei arraposturik emateko. Ondoren, musika eta dantza plazara jaitsi ziren.
Jendez lepo zegoen Atharriko pilotalekua arratseko lehen emanaldia hasi zenerako: txalaparta joaldia Txiki ta Handia bikotearen eskutik. Laburra bezain kutuna izan zen, txalapartarentzat zaila den intimitate goxo batetik egindakoa.
Hirualde taldea
Julen Axiari perkusio jotzaile gazteak zuzendutako taldeak egin zion segida. Ordubeteko emanaldia Arranoa basa ahaideak zabaldu zuen: Julen, zuberotar erara kantari, Matthieu Lebrun saxoan eta, bien artean, taldeko bosgarren musikaria izango zena emanaldi osoan: Chrysogone Diangouaya Kongoko dantzaria.
Ondoren etorri ziren taldeko beste bi lagunak: Yan Renaud (elektro-akustika eta perkusioa) eta William Legares (baxu elektrikoa). Errepertorioa: Itxaro Borda eta Mixel Etxekoparen Gau beilako eleak kantuarekin hogei minutuko joaldiaren abiapuntu Ituringo arotza-ren bertsio harrigarriarekin burutu zen. Gero hiru alde horiek osatzen duten osagarriak agerian geratu ziren: euskal tradizioarekin eta gaurkotasunarekin batera, Afrikaren presentzia nabarmena eta jazz klasikoa modu berrian emana: Renauden konposizio afrokubatarra lehen eta Yoruba kantu bat John Coltraneren Spiritual obrarekin nahasirik. Banako dantzak borobildu zuen gazte hauen emanaldia: Afrika erdialdeko dantzari bat ikusi genuen gure mutil dantza irribarrez eta modu erabat askean aireratzen. Amaitzeko, Beñat Axiariren aspaldiko Esku batean modu eraberrituan eskainia.
Gazte dira Hirualdekoak, baina musikari helduen moduak erakutsi zituzten: nolakoa izango da datozen hamarraldietako euskal musika? Afrikarrak euskal dantzak egiten; bertako gazteak jazz klasikoa edo gure hitz berrienak era eraberrituan aldarrikatzen…
Michel Portal itzuli da
Europako saxo jotzailerik handienetakoa da baionarra, 78 urte dagoeneko eta musikari batek egin dezakeen guztia egina: jazz europarraren maisu eta abangoardiako musika garaikideenaren interprete eta sortzailea. Berak gidatu zuen Itsasurako propio taldea: Bojan Z piano eta teklatuan, Ramon Lopez baterian eta Beñat Axiari kantuan. Zaila izango da maila horretako talde beteranoa berriz ikustea: azken lau hamarkadetan askotan egin dute elkarrekin topo, eta aho zabalik utzi zituzten hara hurbildutakoak erakutsitako lan trinko bezain intimoaren ikustaldian.
Ordua pasea zen, eta entzuleria guztiz harrapatua zegoenean, Portalek isiltasuna egin, eta «zer da hau guztia?», bota zuen. «Zer da musika?; txoritxo baten txioa baino gehiago al da geuk hemen egindakoa?» Galdera erretorikoak ziruditen, baina bazuten ebokazio eta azken hitzaren hotsanditasunik ere. Eskatu diot Beñati egiteko berak zerbait a capella; ikusiko dugu gero», eta aulkian eseri zen, bizitza oso bateko nekea gainera etorriko balitzaio une batez. Gau osoaren unerik gorena gauzatu zen orduan: Axiariren kantu hutsari Michelen saxoa gehitu zitzaion. Ez zegoen presarik. Finean, Bojanen pianoa eta Lopezen bateria ikusgarriak, laurak une inspiratuenean. Gero jakin nuen izenik eman gabeko pieza hura azken berrogei urtean jo gabeko Chançon Basque zela, Portalek konposatua eta hor nonbait utzia, joan den ostegunean Itsasura, Euskal Herrira itzuli bitartean… Gero etorri ziren bisak, eta bederatziak eta erditan hasitako jaialdia gaueko ordu batean burutu zen. Gauak ez zuen oheratzea eskatzen.
Melodiaren gorazarrea Itsasun
Errobiko Festibalak hitzaldi eta zuzeneko emanaldiekin ekin dio aurtengo ekitaldiari. Lehenengo egunean, Armand Gatti antzerkigileak jardun du bere lanbideaz, eta Michel Portal musikariak erakustaldia eskaini du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu