Zygmunt Bauman pentsalari eta soziologoaren ideia baten inguruan jardun du lanean azken urteotan Daniel Canogar artistak (Madril, 1964). Modernitate likidoaren kontzeptua garatu zuen filosofo poloniarrak, eta ideia hori aspaldikoa duen kezka batekin lotu du artistak: memoriaren galerarekin. Gaur egun, herritarrak etengabeko eta gehiegizko informazio bonbardaketa baten pean bizi direla eta horrek nolabait oroitzapenak azkar erretzea eta desagertzea dakarrela uste du Canogarrek. Horren inguruan gogoeta eginarazi nahi duten hainbat lan sortu ditu horregatik, Oroitzapen likidoak erakusketan bildu dituenak. Donostiako Kubo-Kutxa aretoan bihartik 2020ko urtarrilaren 6ra arte izango dira lanok ikusgai.
Teknologiak eta gehiegizko informazio jario etengabeak planetan eta gizakiengan duten eragina da erakusketaren ardatz nagusietako bat. Hala, pantailen bidez, eta algoritmoak sortuz, informazio fluxu hori obra artistiko abstraktuetara eraman du Canogarrek. Internetera konektatuta daude obra gehienak, eta askotariko informazioa denbora errealean jasotzen dute. Hala, pantailetan ikus daitezkeen kolore eta formen nahasketak aldatuz doaz etengabe, likidotasunaren ideiari jarraikiz.
Bihar irekiko dute erakusketa, eta, ohikoan bezala, jarduera osagarriz betetako programa bat ere izango da aretoan.