Memoria biziko bultzatzailea

Piarres Xarriton zendu da, 95 urte zituela, Kanbon. Euskaltzain, idazle, politikari, errefuxiatuen babesle eta elizgizon ohia, kate luze baten lekuko eta eragile izan da

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Suzko gizona»; honela gogoratzen du Lucien Etxezaharreta idazle eta kazetariak Piarres Xarriton, Gure Irratiaren lehen urteetatik ezagutu zuena. Irudiak balio du Jean Louis Davant euskaltzainak Xarritonez aipatu «nortasun handia» irudikatzeko.

Berotzen ahal zen usu, ahoan bilorik gabe Xarriton. Eta orduan hasten zen mundu bat, bere mundua pizten. Agortu ezina zuen memoriaren haritik tiraka. Baionan Jon Miranderen obraz Elekatu Elikatuk antolatu gaualdia horren lekuko izan zen, adibidez, 2013an. Hitzaldian, Jon Mirande eta Piarres Lafitteren arteko harremanak aipatzeko hitza hartu zutenekin ez zela ados, publikotik dudatu gabe «gezurra!» oihukatu zuen, eta bere egiak eman. Bi gizon horiek zuzenean ezagutu baitzituen Xarritonek.

Bere burua ere «apasionatutzat» zeukan Xarritonek, «hori ez da bekatu, baina pasio horrek gogortasun bat ematen dizu batzuetan», aitortu zion Imanol Murua Uriari, 1996ko azaro-abenduko Jakin aldizkarirako egin elkarrizketan.

1936ko gerratik hasten zen nolabait Xarritonen memoria, orduan jada nerabe gazte zela. Gazte gaztetik euskal kontzientziaren jabe egin zen. Eta hortik kasik mende bateko memoria osatuzjoan zen. Euskalgintzako eta abertzale historiako eragile zuzen. «Argitzaile eta bultzatzaile», Davantek beti. Eta gehitzen: «Euskal Herrian gauza berrien egiteko bultzatzaile zen. Sen hori bazuen. Aitzindari zen, gauzen hasteko. Gero, kudeaketa ez zen haren dohain nagusia».

1921ean sortu zen Piarres Xarriton, Hazparnen (Lapurdi). Sei anai-arreben artean zaharrena zen. Atzo zendu zen, 95 urtetan, Kanbon (Lapurdi). Astelehenean 15:00etan eginen da ehorzketa, Hazparneko elizan. Hil kapera zabalik egongo da gaur, 15:00etatik, Hazparneko beilatokian.

IDAZLE



«Idazlea ote naiz?», askotan galde hori egiten ziola bere buruari idatzi zuen Xarritonek 2004an, BERRIAn publikatu iritzi artikuluan. Bi tesi burutu zituen. Baita liburu eta artikulu andana idatzi ere, bere bibliografia luzea lekuko. Dela Aintzina aldizkarian Marc Legassekin, edo beste. «Ez dut uste aski den egiazko idazlea izateko. Baina zer edo nor naizen ez du munta? Hona non azkenean, aski gostarik, ene lehen saioa atera berri dudan, Politikaz». Hala aipatu zuen De Re Publica edo Politikaz (Elkar) liburua. «Liburu honek eman izan baiteraut ene irakurlearekin elkarrizketatzeko parada. Ez dut uste baden idazlearentzat zorion handiagorik».

TRANSMISIOAN



Irakasle gisa jardun zuen luzaz, dela filosofia, teologia edo historia irakasle. Eta hor ere izan zen bultzatzaile. Nola gazteak idaztera bultzatzen zituen gogoan du oraindik Davantek, Maulen irakasle zelarik, edo Euskaldun Gazterian. Gazte aldizkariaren arduradun ere izan zen Xarriton. Bertan idatzi zuten gazte frankok, tartean, Aljeriako gerlatik. Zentsura saihestuz, euskarari esker.

Davant bera egona da irakasle Xarritonek sortu zuen Hazparneko Langintza Eskolan. Laborariek prestaketa egokirik jasotzen ez zutela pentsatzen zuen, eta hortik bururatu zitzaion eskola sortzea. Horren garrantziaz ohartzeko, gaur hortik iraganak non diren ikustea baizik ez dagoela dio Davantek, «laborari munduan zein emankor diren», ELB sindikatua adibide. Xarriton bera eskolatik kanporatu zuten zenbait urtera. Arrazoien artean, batetik, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eskolako matematika irakasle izan zela, eta mugaz bestaldera bidali zutela, eta bestetik, Kristiane Etxaluz, hango biologia irakasle izan zena, preso sartu zutela Iruñean garai haietan.

«Amets bat» ere bazuen Xarritonek: «Euskal Herrian egun batez unibertsitate bat gurea izanen genuela», Murua Uriari azaldu zionez. Eta horra nondik hasi zen Udako Euskal Unibertsitatearen sorrera bultzatzen. Ideia bera Carlos Santamariarena izan zen.

PARISKO EUSKAL ETXEA



Usu gertatu zitzaion eskas bat sentitu eta eginahalak egitea eskasa betetzeko. Horrela sortu zuen Parisko Euskal Etxea ere. Parisen zegoela, euskaldun langileek ez zutela igandetan biltzeko lekurik jabetu zen. Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria Parisen erbesteratua zela, bere bulegoa eskatu zion Xarritonek. Horrek onartu. Eta gero, txikiegia gelditu zela-eta hasi zen leku handiago baten bila.

MEMORIA



Garrantzitsua zitzaion memoria transmititzea Xarritoni. Euskaldunak beren historiaren jabe izatea. Ez baitzen hala, haren iritziz. Adibide bat: Pierre Broussain izan zuen bere bigarren tesiko gai. Harentzat «euskara batuaren aita edo, bederen, aitona» zen, eta gehiago ezagutarazi nahi zuen.

ETXEPARE ETA LARZABAL



Ahanztearen aurkako borroka horretan egin lan oparoaren artean, Jean Etxepare mediku idazlearen eta Piarres Larzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile izan zen Xarriton. Beren idazlanak paratu zituen. Etxepareri zion «miresmena» Lafitteri zor ziola zioen: «Lafitteren ustez, euskararen aldetik gure maisua zen Etxepare. Nire ustez izan dugun intelektual bakarretarik izan da Etxepare», beti Murua Uriari. Larzabalen kasuan, berriz, haren 40 antzezlanetik gora argitaratu ziren Xarritoni esker, gaur egun oraindik ematen direnak.

EUSKAL KONTZIENTZIA



Murua Uriari azaldu zion hamasei urte zitueneko pasartea: «Etorri zen jaun erretora handi-handia gure etxera erraitera bere ustez ez nintzela apezten ahalko, komunista bihurtu bainintzen. Abertzale nintzelako eta Francoren kontra agertu nintzelako seminarioan. Giroa Francoren aldekoa zen amorratuki».

Eusko Alkartasunako sortzaileetako bat, 1988ko hauteskundeetan alderdiaren izenean aurkeztu zen. EAren Ipar Euskal Herriko burua izan zen 1988tik aurrera kasik hamar urtez. Baionako Herriko Etxean kontseilari izan zen 1993tik aurrera, bi urtez.

EUSKARA



Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950ean, eta euskaltzain oso 1985ean, Piarres Lafitte zenak utzi jarlekuan. Lafittek, hain zuzen, garrantzia ukan zuen Xarritonen bizitzan, irakasle ukan baitzuen hamahiru urtez Uztaritzeko seminarioan. Euskaltzain emeritua zen 2006tik. Euskarak leku zentrala izan zuen bere bizian; beti alde aritu zen. Ez zuen ikusten abertzaletasunik euskararik gabe.

ELIZGIZONA



Uztaritzeko seminariotik Baionakora joan zen 18 urterekin. Gero, Erromara teologia ikastera. 1947an apeztu zen. Beste urte bat egin zuen Erroman. Parisen gero, eta 1954an itzuli zen Euskal Herrira. 1974an berriz, Quebecera joan, eta sekularizazioa eskatzea erabaki zuen, eta familiatu zen. Gero eta «isolatuago» sentitzen zen elizan, ezadostasun politiko andana bat tarteko.

IHESLARIEI ATEA IREKIRIK



1936ko gerratik ihesi zebiltzanak ezagutu zituen lehenik; ondotik, nazismotik ihesi zebiltzanak. Alemanen denboran, RAF ingeles aire armadako ofiziale bat atxiki zuen zenbait astez sekretupean etxean. Gero, euskaldunak zituen errezibitu: «Ingelesari eman nion babesa, euskaldunei nolaz ez!».

Txillardegiz gain, Irigarai, Elosegi, Aleman, Ugalde, Pujana, Azurmendi, Iztueta... dozena bat bederen eta gehiago ere lagundu zituen. Honela esplikatu zion zergatia Murua Uriari: «Hori gauza naturala zen guretzat. Hori prefetari esplikatu nion. Zu heldu zara Paristik. Baina behar duzu jakin hemengo berri. Hemen gauzak gaizki doazelarik, hemengo jendeak badaki han bestaldean atzeman dezakeela ihesleku bat, eta han badelarik zerbait gaizki doanik, hango jendeak badaki hemen aurki dezakeela ihesleku bat, eta hori zure legeek ez dute kenduko! Ez Errepublikak, ez erregek eta ez enperadorek, hori hor da eta hori ez da ahanzten. Hori da herriaren memoria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.