Euskal Herriko mugarri historikoak memoria kolektiboan sartu dituzte Barkoxen

'Ürrats kolektiboak' pastoralaren lehen emanaldia egin dute barkoxtarrek. 2.000 ikusle inguru bildu dira herriko plaza ondoko pentzean. Hainbat eskualdetarik jin jendeak Euskal Herriko mugarri kolektibo nagusien berri izan du.

'Ürrats kolektiboak' pastorala, Barkoxen. GUILLAUME FAUVEAU
'Ürrats kolektiboak' pastorala, Barkoxen. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Barkoxe
2025eko uztailaren 27a
20:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Jendez bete da Barkoxe (Zuberoa), Ürrats kolektiboak pastoralaren lehen emanaldia zela eta. Arratsalde hastapenetik ikusle frankok lekua hartu dute trikotak, txapelak eta pastoraleko liburuxkak aulkietan ongi pausaturik. Haietariko bat izan da Gerardo Mungia. Kuriositate «handia» agertu du taldean idatzi eta pentsatu pastoral hori ikusteko. Pastoral berezia da, hainbat idazlek osatu baitute obra. Hain justu, Iruri Altzerrekak ikusi nahi du testu guziak nola lotu eta taularatu dituzten. Gisa berean, Miren Aizpuruak ohiko pastoral baten dinamika baino «zerbait gehiago» espero du: testu guzien batuketari eta harilkatzeari behatu nahi dio berak.

Bakoitzak bere esperantzak eta espektatibak adierazi ondoan, arizaleen desfilearen lehen urratsak aditu daitezke urrunean. Ordulariari behatuta, 15:30ean tanko hasi da pastorala. Arizaleen desfilea elizatik beheiti sartu da, eta pentzean barna heldu da oholtzara. Bandera gorriaren gibeletik lerroan dira arizale batzuk, eta bandera urdinaren gibeletik bertzeak, pauso irmoz abiaturik eta parez pare emanik.

Taulara igan, eta pastoralaren testuinguru historikoa berehala finkatu dute lehenetan. Francisco Francoren diktaduratik hasi eta gaur egungo testuinguru historikorainoko bidea izan dute gai nagusia: «Garai horren hatsarrean / Franco zen Hegoaldean. / Jauntto eta Elizaren / menpeko Iparraldean».

Euskal Herriko historian barna bidaiatzeko gomita zabaldurik, Enbata mugimenduaren sortzea taularatu dute lehen jelkaldian. 1963ko Itsasuko (Lapurdi) agiriak markatu zuen Euskal Herria naziotzat hartzeko xedea zutela abertzaleek. Horrela, bertzeak bertze, mugimendu abertzaleko zenbait kide ohoratu dituzte —Mixel Labeguerie, Jean Louis Davant, Ximun Haran, Marceline Arbelbide, Jakes Abeberri eta Mixel Eppherre—, Aberri Egunean plazaratu zuten agiria etsenplu harturik.

Bigarren jelkaldiak giroa piztu du ikusleen artean. 1965ean, Guardia Zibilak Kristiane Etxaluz atxilotu zuen Dantxarinean (Nafarroa). Astean behin Iruñera joaten zen Etxaluz, ikastolako irakasle izateko formakuntza egitera. Guardia Zibilak ETAko kide izatea leporatu zion. Atxiloketa denbora irudikatuz, oihu artean utzi dute Etxaluz oholtzatik joaten, Poliziaren eskuetan. Publikoa txistuka aritu da, eta behin eta berriz oihukatu du «kanpora!», Guardia Zibilaren ekintza gaitzesteko.

Christiane Etxaluzeren arrastatzea, Barkoxeko pastoralan. GUILLAUME FAUVEAU

Kristiane Etxaluzen arrastatzea, Barkoxeko pastoralean. GUILLAUME FAUVEAU

Haurren eta helduen euskalduntzea 

Ondotik, betiere errepresio giroan murgildurik, Seaskaren sorrera gatazkatsua taularatu dute, Argitxu Noblia Seaskaren sortzailearen eta familia batzuen borrokaren lekukotasunak argitan ezarriz: «Arrangoitzen bil lekü bat / izan zaikü hitzemanik. / Egoitza proposamena / aüzapezaren eskütik». Nahiz egun Seaska bizirik eta «azkar» dagoen, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatu nahi izan dituzte Izan da makil kaska kantuan. «Deüs ez da irabazia, / bihar ofizialtarzüna. / Baxoa eüskaraz ondoko lorpena».

Haurren euskalduntzea bakarrik ez, helduena ere erdigunean eman dute barkoxtarrek. Ipar Euskal Herriko AEKren sorrera oroitarazi dute arizaleek, gau eskola bateko klase bat irudikatuz. Euskararen aldeko borroka zaila izan dela ere azpimarratu nahi izan dute, aurkako haizeak ez baitzituzten guti. «Enbata zikinek sortü / düala güti ikastolak. / Eta orai ahalkerik / batere gabe gaü eskolak».

Francois Miterrand boterera heldu zelarik «esperantza» ekarri zuela transmititu nahi izan dute, tokian tokiko irratien sorrera erakutsi baitute arizaleek. Xiberoko Botzak euskara etxeetan eta etxaldeetan sartzeko helburua hartu zuen, eta Irabarneko jauregitik hedatu lehen emankizunaren eszena plazaratu dute. «Gure helbürüak ezar / ahaide eta hitzetan. / Irabarnetik hedatzeko / bihar Xiberoko Botzan».

Borroka armatua eta bake prozesua

1980ko hamarkadako bertze gertakari historiko batzuk aipatu dituzte ondotik. Baionako Monbar ostatuaren atentatua taularatu dute, eta GALen eskuetarik lau iheslari hil zituztela oroitarazi, hiltzaileen eta «hedexurien» arteko konplizitatea erakutsirik, GALekoak eta Frantziako polizia eskuz esku aritu ziren seinale. Bertzalde, Iparretarrak erakundeak Miarritzeko (Lapurdi) turismo bulegoaren kontra egindako ekintza irudikatzeko, berriz, gaztelu bat irudikatzen zuen banderola bat zabaldu dute oholtza erdian, eta mezu bat tindatu dute burua tapaturik zuten bi arizaleek: «Herriak bizi behar du. IK».

1980ko urteak utzi, eta Euskal Herria Zuzenean festibalaren sostengatzaileak eta sortzaileak aipatu dituzte gero. Irulegiko Irratiko eta Piztu elkarteko militanteak ez ezik, gogora ekarri dute festibalak zuen helburua nagusia ere. «Piztu alkarteak nahi/  barnekalde kostaldeko. / Gazteria alkarretaratü / EHZren sortzeko».

Azkenik, 2000ko hamarkada Demoak taldearen aldarrikapenekin hasi badute ere, ETAren armagabetze prozesuak izan du leku handiena azken jelkaldietan. Luhusoko (Lapurdi) 2016ko prozesutik hasi, eta oroitarazi dute nola 2017an bakegileek eta nazioarteko ikuskariek armen kokaguneen berri eman zieten Frantziako agintariei Baionako herriko etxean. Kokaguneetarik bat Barkoxen zela azpimarratu dute azken-aitzineko jelkaldian. Armak itzultzeko momentu historikoa irudikatu dute, militanteen armagabetze ekintza kontatuz.

Gertakari historiko orok Euskal Herria markatu duela eta memoria transmititu behar dela esplikatu dute barkoxtarrek gaurko pastoralean. Bide beretik, bukaeran, Ipar Euskal Herriko mugarriak eta herri mugimenduak ekarri aitzinamenduak aletu dituzte, eta etorkizuneko erronka kolektiboak zabaldu. «Egün gei minberak baratzen / gazteen etxebizitza. / Aroa, üngüramena / biharko iparrorratza. // Ürrats kolektibo gabe / zer leite Üskal Herria? /  Pastoral galtoari dü / norberak bere iritzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.