Astebetetik gora pasatu da Urumea ibaiko urak, Donostiako Martutene eta Txomin-Enea auzoetako beste etxe eta lokal askotan bezala, metro eta erdiko altura hartu zuenetik Arteleku zentroaren beheko solairuan, parean harrapatutako guztia bustiz, lohituz eta desitxuratuz. Ez dute etenik garbiketa lanek, baina lohia da oraindik ere nagusi bazterretan, hondamendiaren ondorioak non-nahi agerian.
Galera material handiak eragiteaz gain, arte garaikidearen 25 urtetako historiaren arrastoak suntsitu dituzte uholdeek, eta memoria horren berreskurapenari eman diote lehentasuna Artelekuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek, kalteei aurre egiten hasi direnean. «Gure hasierako beldurra zen Artelekun sortu zenetik gaur arte egindakoaren memoria galtzea», dio Frantxis Lopez Landatxe Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendari eta, egunotan, Artelekuko berreskuratze lanen arduradunak. «Hasieratik, gure lehentasuna artelanen bilduma berreskuratzea izan zen. Zorionez, Pedro Barbachano paper eta pergaminoen zaharberritzailea Euskal Herrian zegoen, bilera batera etorria, eta lagundu egin digu. Asteazkenean etorri zen Artelekura, eta berak zehaztu digu zer prozedura erabili artelanen berreskuratze lanetarako».
Artelanak berreskuratzearekin batera, «Artelekuren urteetako programazioaren aztarnak» biltzen eta salbu jartzen ari dira.«Euskarri zaharretan zegoen ikus-entzunezko material asko galdu egingo da, erremediorik gabe. Zorionez, Artelekuk bideo sorkuntzaren inguruan egindako artxiboa digitalizatuta dago, eta hori ez da galduko».
Dokumentazio biltegian ere handia izan triskantza. «Bustitako liburuetako batzuk zabaldu eta lehortzen jarrita daude. Pepe Espaliu zenaren liburutegia, goialdean dagoenez, ez da busti». Erabat busti gabe kaltetutako liburuak Irungo Gordailura —Gipuzkoako kultur ondare higigarriaren zentrora— eramaten ari dira. «Ez da bereziki liburuak gordetzeko prestatutako gunea, baina papera jasotzeko egokia da. Tenperatura kontrolatuz, onddoen aurkako neurriak hartuko dituzte». Tresneriari dagokionez, gehientsuena beheko solairuan zegoen, eta «ia dena» galdu da: ordenagailuak, ikus-entzunezko tresnak…
Arteleku oraingoz itxita dagoen arren, Arteleku-Tabakaleraren programak aurrera jarraituko du, jarduerak beste leku batzuetara eramanda. Arteleku berriro zabaltzeko epeei dagokienez, Aldundiko teknikariak eta politikariak «hausnartzen» ari dira, Lopez Landatxek dioenez, eta «aurki» emango dute ondorioen eta erabakien berri. «Aurreratu dezakedana da argindarraren aldetik eta segurtasun kontuetan dauden arazoak konpondutakoan bigarren eta hirugarren solairuak zabaltzeko oztoporik ez dela izango. Beheko solairua itxita utziko da, eta garajearen aldetik goiko solairuetara igotzeko eskailerak jarriko dira». Dantzagunea eta artista egoiliarren lokalak daude, besteak beste, goiko solairuetan.
Don Herbert, tailerrik gabe
Don Herberten litografia tailerra erabat suntsitu du urak. Litografiarako tresnak ez ezik, artistak han gordeak zituen 500 inguru litografia hondatu ditu urak, artista ezagunen lanak batzuk, Herberten ikastaroetako ikasleenak besteak. Haien balioa 25.000 eurotik gorakoa zela kalkulatzen du Herbertek, «gutxienera jota». Barbachano zaharberritzaileak dio urez garbitu eta tenperatura egokian lehortuz gero litografia horietako asko ondo berreskuratu ahal izango direla, baina Herbert eszeptikoa da aukera hori aipatzen zaionean: «Garbitu eta lehortuta ere, uraren azidotasunak arrastoa uzten du».
Litografia ikastaroak ditu lanbide Herbertek, eta orain, tailerrik gabe, ez daki noiz hasi ahal izango den berriro lanean. «Jendea neukan apuntatuta hurrengo ikastaroetarako, baina orain ezin dut ikastarorik eman», dio, etsita, Detroiten (AEB) 1942an jaiotako artistak.
Dantzaz konpainiak bulegoko «altzariak, ordenagailuak eta artxibo guztiak» galdu ditu, Filgi Claverie konpainiako zuzendariak dioenez. «Bi ildo ireki ditugu: batetik, guztiz beharrezkoak ditugun dokumentu batzuk ahalik azkarren berreskuratzen saiatzen ari gara; bestetik, hainbat emanaldi dugunez han eta hemen, gure aktibitatea mantendu dugu, Donostia Kulturaren laguntzarekin, Viktoria Eugenia antzokiko dantza estudioa utzi baitigu».
Kontzertuetarako hiru soinu ekipo eta mikrofonia guztia galtzeaz gain, «hainbat publikazioren kopia guztiak» galdu ditu Audiolab soinu laborategiak, Xabier Erkiziak azaldu duenez. «Artxibo digital asko salbu dauzkagu, segurtasun kopiak egin genituelako, baina aurkeztu gabeko liburu baten kopia guztiak galdu ditugu: Ertz jaialdiaren lehen hamar urteen memoriarena. Elkar trukean jasotako liburu eta artelanak ere bai, asko edizio bakarrekoak edo murritzekoak. Eta baita Audiolab sortu baino lehen, 2002ra arte, Artelekun egindako hitzaldi guztien grabazioak ere, kasetetan jasoak; 500 ordu inguru hitzalditan».
Memoria uretatik salbatzen
Kalte materialak eragiteaz gain, artelanak eta Euskal Herriko arte garaikidearen historiarako garrantzi handia duten artxiboak jarri dituzte arriskuan uholdeek Artelekun. Horiek berreskuratzeari eman diote lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu