Memoriaren euskarri fisikoa

Familia argazkiak oinarri hartzen dituzten hiru artistaren lanak bildu dituzte 'Myalbum' izeneko erakusketan

Paco Gomezen diptikoa: Modlin familiaren 1973ko erretratua eta 2007an egindako imitazioa. PACO GOMEZ/ NOPHOTO.
Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Pixkanaka fisikotasuna galtzen joan da memoria. Trantsizio une batean gaudela dio, adibidez, Alex Baures arte komisarioak. Garai bateko familia argazkien album sendoetatik, argazkigintza digitalaren euskarri fisikorik gabeko garairako jauzian. «Oroitzapenen artxiboa eta memoria indibidualaren eraikuntza nabarmen eraldatu du teknologia digitalak». Horregatik hautatu du familia argazkien bildumen gaia Myalbum izeneko erakusketaren ardatz gisa. Hori izan du abiapuntu, eta hiru argazkilari hautatu ditu bilduma osatzeko: Paco Gomez (Madril, 1971), Maria Alche (Buenos Aires, 1983) eta Maider Kuadra (Iruñea, 1974). «Konplexua da proposamena, baina ikusleari oso gertuko zaion materiala da erabiltzen dutena». Zangozan dago ikusgai orain, Kultur Etxean, baina Noainen, Altsasun eta Uharten izango da gero.

Etxe bat da Maider Kuadra iruindarraren lanaren abiapuntua. Haren aitona-amonek Arnedon zuten etxea, hain zuzen ere(Errioxa, Espainia). Garai batean izan zen haurra bisitatzera joaten da bertara egun 39 urte dituen artista, eta interesgarria da ariketa. Orduko oroitzapenen lekuan jartzen du bere gorputza, eta ume zela bainatzeko erabiltzen zuen iturrian ezin kabiturik ageri da irudietariko batean. Ez da gisa horretako bakarra. Apenas gorputzaren zati bat estaltzen dion soineko bat probatzen ageri da, adibidez, beste batean, eta asko dira gisa horretako piezak. Ez da jolas hutsa, ordea. Izan ere, argazkilaria zen Kuadraren aitona, Mariano Cuadra, eta haren lanak ere baliatzen ditu artistak bere sorkuntzarako.

Ezinezko irudiak

Haren artxibo pertsonala da Maria Alcheren neurri handiko argazkien abiapuntua ere: haren familiak 1960. eta 1985. urteen artean ateratako diapositibak. Ezinezko bat da proposatzen duena. Hura jaio baino lehenagokoak dira argazki guztiak, eta senide hurbilak ageri dira denetan: aita, ama, izeba-osabak... Baina ez dira haiek soilik ageri, bere burua ere txertatu du iraganeko irudi horietan artistak. Gurasoen garaiko soinekoak jantzi, erretratua egin, eta okupatu egin ditu senideen gaztaroko oroitzapenak. Jaio aurreko garaietara proiektatu du bere burua Alchek, eta paradoxa politak sortu ditu. Aita egongela batean eserita ageri duen argazkia da horren froga. 20 bat urteko aita irribarretsu, 20 bat urte dituen alabarekin, hura ere irribarrez. Artistak dioenez, zientzia fikziozko lana da berea; denbora jolas horiengatik.

Familia argazkiak hartu ditu Paco Gomezek ere bere lanaren ardatz gisa, baina ez bere familiarenak. Madrilgo zaborrontzi batean aurkitutako argazki album bat da haren lanaren oinarria. Hamar urte eman ditu artistak irudi horiek ikertzen, eta izan du bere saria bilaketak. 1970eko hamarkadan Madrilen bizi zen Modlin abizeneko estatubatuar artista familia batena da albuma. Margolaria zen Elmer Modlin, margolaria Margaret Modlin, eta aktorea Nelson Modlin, semea. Orain 50 urte haiek egindako argazkiak berregin ditu Gomezek. Haien antza duten aktoreak jarri ditu haiek bizitoki izandako gune berean. Fikzioaren eta errealitatearen artean dabil lana, eta hori da artistak proposatzen duen jolasa. Modlindarren argazki errealen bilduma bat ere jarri dute ikusgai erakusketan.

Otsailaren 10era arte egongo da bilduma Zangozan, eta Noain, Altsasu eta Uharten egongo da gero. Nafarroako lau herriotako kultur zentroek bultzatu dute erakusketa, orain hiru urte arte garaikidea herriz herri eramateko asmoz sortutako Post izeneko egitasmoaren barruan.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.post-arte.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.