Amaia Serrano Mariezkurrenak eta Jon Kortazarrek koordinatu dute argitaletxearen Kritika Literarioa sailaren barruan plazaratutako lana. Serranok gaur egindako aurkezpenean adierazi duenez, hasiera batean 1936ko gerrari buruzko narraziogintza soilik aztertzeko asmoa zuten. "Baina jabetu ginen euskal gatazkaz aritzen ziren eleberri eta ipuin liburuak ere ikertu behar zirela, irakurleari ikuspuntu zabalago bat eskaintzeko".
Bi zatitan banatu dute liburua. Lehen hiru artikuluak euskal narratibaren alderdi batez ari dira, "alderdi hori bere osotasunean azaltzeko". Kortazar bera, Xabier Etxaniz eta Manu Lopez Gaseni, eta Ibon Egaña dira hiru artikulu horien egileak. Bigarren zatiko beste hiru artikuluak, berriz, obra jakin batzuen inguruko hausnarketak dira. Ur Apalategik Ramon Saizarbitoriaren Gudari zaharren gerra galdua (2000) ikertu du; Alvaro Rabellik, Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora (1999), eta Serranok, Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007).
Serranoren ustez, "oraindik" gauza asko daude aztertzeke: "Baina ikuspuntu eta iritzi ezberdinez osaturiko bilduma honek euskal kritikan dagoen hutsune bat beteko du".