Mende honetako Spartacus

Ehun urte beteko ditu gaur Kirk Douglas aktore estatubatuarrak. 2004an egin zuen lan azken aldiz zineman; idazteari, ordea, ez dio utzi

Kirk Douglas aktorea, 2011ko martxoan ateratako argazki batean. PAUL BUCK / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2016ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ez da jende asko iristen mendea betetzera. Hollywoodeko aktoreen artean, oso gutxi dira ehun urteak ospatu dituztenak. Olivia de Havillandek uztailean igaro zuen langa hori, eta, ezusteko handirik ez bada behintzat, zerrenda horri izen bat gehiago batuko zaio gaur. Mahai gainean ehun kandela zain izango ditu Kirk Douglas aktore estatubatuarrak, festa bat prestatu baitiote lagunek eta senideek. «Han agertzeko eta xarmagarria izateko, deskantsatzea izango da nire egiteko bakarra», adierazi zuen aldizkari batean orain gutxi.

Amsterdam hirian (New York, AEBak) jaio zen, Issur Danielovitx izenez. Errusiar jatorriko etorkin juduak zituen gurasoak, eta eskolara zihoala hasi behar izan zuen lanean familiari laguntzeko. Unibertsitatean sartzeko ere, han lorezain aritu behar izan zuen. Han izan zuen lehen hartu-emana antzerkiarekin, eta, behin graduatuta, arte dramatikoa ikasi zuen. Lauren Bacallen lagun egin zen akademian, eta —Broadwaytik pasatu nahiz II. Mundu Gerraren etenaren ostean— haren laguntzaz sartu zen Hollywooden. The Strange Love of Martha Ivers (1946) izan zuen bere lehen filma, eta haren atzetik etorri ziren beste ia ehun interpretazio, izar bihurtu zutenak tartean, hala nolaChampion (1949), Ace in the Hole (1951), The Bad and the Beautiful (1952), Act of Love (1953), 20,000 Leagues Under the Sea (1954), The Indian Fighter (1955), Lust for Life (1956), Paths of Glory (1957), Spartacus (1960), Lonely Are the Brave (1962)nahiz Seven Days in May (1964) filmetakoak. Beste batzuk aipa litezke, baina Douglasek esana da, guztien artetik, film horiexek sentiarazten dutela harroen. Zalantzarik gabe, Spartacus-en eginiko lanagatik gogoratuko dute gehienek. Hiru aldiz Oscar sarietarako hautagai izan zen, eta ohorezkoa eman zioten 1996an.

2004an hartu zuen erretiroa, Illusion filmarekin. Urteotan hamar liburu idatzi ditu, eta hainbat proiektu laguntzen nahiz blog batean idazten jarraitzen du. Irailekoa du sarrera berriena, eta AEBetako egoera, hauteskundeak eta etorkinen aurkako politikekiko kezka zituen hizpide, The Road Ahead (Aurrera begirako bidea) artikuluan. «Nire 100. urtebetetzea pasteleko kandelei putz egin, eta Happy Days Are Here Again txistukatuz ospatu nahi nuke». Trumpen garaipenaren ondotik, txistukatzeko gogorik izango duen ikusteko dago. Kandelak, bederen, prest izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.