Aitzakiatzat jotzen dira askotan baina, aitzakia gehienak bezala, abagunetzat ere har daitezke mendeurrenak. Hasi berri den urteak hainbat sortzaileren ekarpena berriro gogora ekartzeko parada eskainiko du, sortzaile horiek duela mende bat jaio edo hil zirelako. Honako hauek dira 1911n edo 1811n jaio edo hil zirelako 2011n gogoratuko direnetako batzuk.
LITERATURA
Jose Maria Arguedas
Aurtengo uztailean idazle eta antropologo ugari bilduko da Liman, Jose Maria Arguedasen (Andahuaylas, Peru, 1911-01-18, Lima, 1969-12-02) jaiotzaren lehen mendeurrena dela eta egingo den nazioarteko kongresuan. Iazko martxoan Parisen egin zenaren segida izango da bilkura hori. Peruko literatura indigenistaren ordezkari behinenetakoa da Arguedas. Bi kulturaren arteko talka ageri da haren lanetan: Andeetako ketxuena batetik, hiri giroetan nagusitzen den europar jatorriko kultura bestetik. Andeetako musika ikertu zuen, eta antropologiako lanetan aritu. Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak nobelan (Erein, 1982) bada Arguedasen oihartzunik. Jose Manuel Bujandak itzulia, Pongoren ametsa (Pamiela, 1991) da euskaratutako haren obra bakarra.
Tennesse Williams
AEBetan ez ezik, Europan ere izango du oihartzunik Tennesse Williamsen (Columbus, Mississippi, 1911-03-26, New York, 1983-02-25) jaiotzaren lehen mendeurrenak, IDEA ikerketa taldeak antolatuta, hari buruzko kongresu handia egingo baita ekainean Nancyko Unibertsitatean (Frantzia), jatorri askotako adituen parte-hartzearekin. XX. mendeko antzerki egile zabalduenetakoa izan zen Williams. AEBetako hegoaldeko gizarte giro hertsian, ezinegonak harrapatuak bizi dira haren pertsonaiarik gehienak. Xabi Paiak itzulia da euskaraz irakur daiteken haren obra bakarra: Desio izeneko tranbia (Alberdania-Elkar, 2005).
Emil Michel Cioran
Errumanian baino gogoratuagoak izango dira Frantzian Emil Michel Cioran (Rasinari, Errumania, 1911-04-08, Paris, 1995-06-20) eta bere obra, idazlearen jaiotzaren lehen mendeurrenean. 1937az geroztik, Frantzian bizi izan zen, eta frantsesez argitaratu zituen bere obra nagusiak. Inongo doktrinarekin eta ezein ideologiarekin lotzen ez den nihilista etsia erakusten dute Cioranen idazkiek. Testu bakanak baino ditu euskarara aldatuta.
Emilio Salgari
Abenturazko nobelagintzako klasiko ezagun askoren egile oparoa izan zen Emilio Salgari (Verona, 1862-08-21, Turin, 1911-04-25), eta Italiak ez du ahaztuko duela ehun urte hil zela. Sandokan pirata da haren pertsonaiarik ezagunena, Malaysiako piratei eskainitako zikloaren protagonista. 84 nobela eta ezin konta ahala narrazio labur idatzi zituen. Korsario beltza, Pirataren emaztea, Urrutiko mendabaldeko mugak,Sandokan eta Piraten historiak dira euskaratutako lanetako batzuk.
Max Frisch
Hainbat euskal idazleren artean eragin nabarmena duen idazlea da Max Frisch (Zurich, 1911-05-15-1991-05-04), Ramon Saizarbitoriarengan eta Joxean Agirrerengan besteak beste. Joxe Austin Arrietak euskaratu zuen haren nobela nagusietako bat, Homo faber (Elkar, 2001). Aurretik, Antonio Maria Labaienek haren Su emailleak antzerki obra zuen euskaratua (Egan, 1966). Pertsonaia alegorikoen bidez osatutako parabolatzat har daitezke Frischen lanak, eta bere garaiko gizartearen hainbat balio eta ezaugarri kritikatzen dituzte. Urteurrenaren atarian, Frischen biografia sakona eman berri du argitara Ingeborg Gleichauf idazleak, Suitzan.
Ernesto Sabato
Ia guztiz itsututa eta etxetik irteteko ezindua, Ernesto Sabatok (Rojas, Argentina, 1911-06-24) ez du aurten bere jaiotzaren lehen mendeurrena ospatzeko antolatuko diren ekitaldietara joaterik izango. El Túnel nobelarekin hasi zen Sabato nazioartean ezaguna egiten, 1947an. Inorekin ere harremanik ezin izan duen antiheroia da pertsonaia nagusia, giza izatearen absurduaren aurrean bere baitara bildua. Mikel Garmendia ari da egun nobela hori euskaratzen, Literatura Unibertsala bildumarako. Sobre héroes y tumbas eta Abaddón el exterminador nobelak ere idatzi ditu, baita hainbat saiakera ere.
Czeslaw Milosz
Krakovian Milosz Jaialdia egingo dute aurten, Czeslaw Milosz poetaren (Seteniai, Lituania, 1911-06-30, Krakovia, Polonia, 2004-08-14) jaiotzaren lehen mendeurrena gogoratu eta ospatzeko. Estalinismoa eta estalinismoarekin kolaboratu zuten intelektualak salatu zituen Zniewolony umys liburuan (Pentsamendu gatibatua). Bigarren Mundu Gerran, Varsovian bizi zelarik, laguntza eman zien naziengandik ihesi zebiltzanei. Sari garrantzitsuak eskuratu zituen Europan, Berkeleyko Unibertsitatean izan zen irakasle gero, etaNobel saria eman zioten 1980an. Haren poema bakan batzuk baino ez daude euskaratuta.
Marshall McLuhan
Informazioaren gizartearen gorabeherak aurreikusi zituen erreferentziazko saiakeragilea izan zen Marshall McLuhan (Edmonton, Kanada, 1911-07-21, Toronto, 1980-12-31), zabalkunde handiko esapideen sortzailea, hala nola global village edo herri globala eta the medium is the message edo komunikabidea da mezua.
William Golding
William Golding (Newquay, Erresuma Batua, 1911-09-19, Perranaworthal, Erresuma Batua, 1993-06-19) poeta eta eleberrigilea izan zen, eta literaturako Nobel saria jaso zuen 1983an. 1954an eman zuen argitara Lord of the Flies nobela, bere obrarik ezagunena, euskarara ere itzulia dena egun, Eulien ugazaba izenburuarekin (Ibaizabal, 1990), Joxe Austin Arrietaren eskutik. Goldingen nobela gehienak, Eulien ugazaba bezala, gizarteko gatazken kudeaketen inguruko alegia moralak dira. Kornuallesen daude Golding jaio eta hil zeneko herriak, eta eskualde hartan egingo dira haren omenezko hitzaldi eta ekitaldi gehienak. Eskuizkribu batzuk argitaratuko dituztela ere iragarri dute.
Nagib Mahfuz
Miramar operaren emanaldiarekin hasi ziren abenduaren 14an Nagib Mahfuz idazlearen (Kairo, 1911-12-11, 2006-08-30) jaiotzaren lehen mendeurreneko ekitaldiak, Kairon. Izenburu bereko Mahfuzen nobelan oinarritua dago opera hori. Arabiar hizkuntzako idazleen artean Nobel saria eskuratzen lehena izan zen Mahfuz, 1988an. Egipto garaikidearen kronistarik onena dela diote literaturkritikari askok. Patxi Zubizarretak itzuli ditu euskaraz irakur daitezkeen Mahfuzen bi liburuak: Mirarien kalezuloa (Alberdania-Elkar, 2006) eta Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta, 2006).
Alvaro Cunqueiro
Galiziako Xuntak abian jarria du Alvaro Cunqueiro (Mondoñedo, 1911-12-22, Vigo, 1981-03-28) gogoratzeko ekitaldiak antolatuko dituen batzordea, baina oraindik ez dute jakinarazi zein izango diren zehazki ekitaldi horiek. XX. mendeko galizierazko literaturak emandako idazlerik eraginkorrenetako eta zabalduenetakoa da. Genero askotako lanak hartzen ditu haren obra oparoak: poesia, eleberriak, narrazio liburuak, antzerkia, kazetaritza… Partido Galeguista alderdiaren aurrenekoetako kidea izan zen. Euskaraturik liburu bakarra du, Han-hemengo jendea (Ibaizabal, 1996), Mikel Iriartek itzulia Literatura Unibertsala bildumarako. Joseba Sarrionandiak eta Andres Urrutiak ere itzuli dute Cunqueiroren lanik.
MUSIKA
Gustav Mahler
Iaz bezala, bigarren urtez jarraian, aurten ere Mahler Urtea ospatuko dute Europako hainbat hiritan, Gustav Mahler musikagilearen omenez (Kaliste, orduan Austria, egun Txekia, 1860-07-07, Viena, 1911-05-18). Iaz, jaio zenetik 150 urte bete direlako; aurten, hil zenetik 100 beteko direlako. Kontzertuez gain, haren obren grabazioak ere erruz kaleratu ziren iaz. Donostiako Musika Hamabostaldian, Mahlerren hainbat lan interpretatu ziren iazko ekitaldian, eta aurten ere izango du presentziarik, jaialdiaren zuzendari Patrick Alfayak iragarri duenez. Bibao Orkestra Sinfonikoak ere Mahler omendu berri du, besteak beste, denboraldiko lehen kontzertuan, haren obrak emanez. Sinfoniak eta liederrak jorratu zituen batez ere bere musikagile ibilbidean. Gaur egun historiako musikagilerik handienetakotzat jotzen baldin bada ere, bizi zelarik askoz estimatuagoa zen orkestra zuzendari gisa, musikagile gisa baino. «Iritsiko da nire musikaren garaia», esaten zuen. Nazismoaren menpeko Alemanian debekatu egin zituzten haren lanetako batzuk, judua zelako, baina 60ko hamarkadatik aurrera sekulako gorakada izan zuen Mahlerren lanen estimazioak.
Franz Liszt
Alemaniako Turingia eskualdean 200 ekitalditik gora egingo dira aurten Franz Liszt, Europar bat Turingian lemapean, Franz Liszt pianista eta musikagilea (Raiding, orduan Austria, gaur Hungaria, 1811-10-22, Bayretuh, Alemania, 1886-07-31) omentzeko, haren jaiotzaren bigarren mendeurrena gogora ekarriz. Donostiako Musika Hamabostaldik ere Liszt izango du omendu nagusietako bat, Hungariako Eskola izango baitu ardatz nagusi, Franz Liszt eta Bela Bartok guztien buru direla. Nikolai Lugansky pianista izango da Donostiara etorriko diren musikarien artean, Liszten obra ondoen ezagutzen dutenetako bat. Teknika miresgarriko pianista izan zen Liszt, bere garaiko onena askoren ustez. Musika sortzaile gisa, pianorako sortutako inoizko lanik gogoangarrienetako batzuk sortu zituen, eta berari egozten zaio, besteak beste, poema sinfonikoaren asmakuntza.
Robert Johnson
Rock-and-rollaren aitona deitua, XX. mendeko musikaren munduko legendarik misteriotsuenetakoa da Robert Johnson blues kantaria (Hazlehurst, Mississippi, 1911-05-08, Greenwood, Mississippi, 1938-08-16). Ez da asko ezagutzen haren bizitzaz. 29 kantu baino ez zituen utzi grabatuta, baina aski izan ziren musikari ezagunengan eragina izateko, Bob Dylan, Jimi Hendrix, Eric Clapton, Neil Young eta Jeff Beckengan, besteak beste.
Jorge Negrete
Mexikoko ranchera-k berritu eta mundu guztian ezagutarazi zituen Jorge Negretek (Guanajuato, Mexiko, 1911-11-30, Los Angeles, 1953-12-05), sekulako arrakastarekin. Aktore lanetan ere oso harrera ona izan zuen Mexikoko zinemagintzaren urrezko aroan, 1940eko hamarkadan batez ere.
Nino Rota
Zinemagintzaren historiako film klasiko askotako musikaren egilea izan zen Nino Rota (Milan, 1911-12-03, Erroma, 1979-04-10). Honako hauena, besteak beste:Federico Felliniren La Strada, La dolce vita, Otto e mezzo eta Amarcord; Lucino Viscontiren Il Gattopardo; eta Francis Ford Coppolaren The Godfather eta Mario Puzo's The Godfather: Part II. Azken bi film horietako lana Carmine Coppolarekin elkarlanean egin zuen, eta bigarrengoan egindako lanarengatik musika onenaren Oscar saria jaso zuten, 1975ean.
ARTEA
Roberto Matta
Oso gazterik, mugimendu surrealistako lehenengo kideetako bat izan zen Roberto Matta Echaurren (Santiago, Txile, 1911-11-11, Civitavecchia, Italia, 2002-11-23). Ilustrazioak eta artikuluak argitaratu zituen Minotaure aldizkari surrealistan. Margolari gisa nabarmendu zen gero, arrakasta handiz, beste adierazpide batzuekin ere esperimentatuz, argazkigintzarekin eta bideogintzarekin, besteak beste.
Louise Bourgeois
Bilboko Guggemheim museoaren atariko Mamá izeneko armiarmaren egilea, Louise Bourgeois (Paris, 1911-12-25, New York, 2010-05-31), aldez aurretik ezarritako konbentzioen aurkako borrokalaria izan zen. Artista handi eta eraginkorrak gizonezkoa behar duela dioen konbentzioaren aurka, besteak beste. Egitura patriarkalen arbuiatzea erakusten dute haren lehen lanek, eta generoaren edo sexu identitatearen inguruko kezkari eutsi zion beti geroagoko lanetan ere.
ZINEMA
Ginger Rogers
Film musikalen historiako bikoterik ezagunena osatu zuen Ginger Rogersek (Independence, Missouri, 1911-07-16, Rancho Mirag, Kalifornia, 1995-04-25), Fred Astairerekin batera. Elkarrekin 1933 eta 1939 artean egin zituzten bederatzi filmek irauli egin zuten generoa. Hala ere, oso bestelako lan batean irabazi zuen emakumezko aktore onenaren Oscar saria, Sam Wooden Kitty Foyle filmean egindako lanarengatik, 1941ean.
Nicholas Ray
Ondorengo belaunaldietako zuzendari askoren mirespena bereganatu zuen Nicholas Rayk (Galesville, Wisconsin, 1911-08-07, New York, 1979-06-16), eta ez daude ahaztuak hark zuzendutako filmak, hala nola The Lusty Men, Rebel Without a Cause, The True Story of Jesse James edo 55 Days at Peking, adibidez. Wim Wendersek haren azken egunak filmatuz osatu zuen Lightning Over Water, 1980an, zuzendari artean gazteak maisu zaharrari eskainitako omenezko filma.
Mario Moreno 'Cantinflas'
Zinemako pertsonaia gutxik izan dute Mario Moreno Cantinflas (Mexiko Hiria, 1911-08-12, 1993-04-20) aktoreak sortu zuenak adinako zabalkunderik. Auzo txiro batetik irtenda, hiriak jartzen dizkion trabei aurre egin behar dien pertsonaia da Cantinflas, hizkera trabatu eta traketsez mintzo dena. «Munduko komediante onena» izendatu zuen behin Charlie Chaplinek Cantinflas.
Mendea eta sortzailea gurutzatzen diren unean
Sortzaile eraginkorrenen lana gogoratu, beste begi batzuekin begiratu eta eztabaidagai bihurtzeko aukera eskaintzen duen konbentzioa da mendeurrenena. 2011ko uzta ez da makala izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu