Literatura

Mendekua eskubide

Ernesto Prat Urzainkik 'Mendeku eskubidea' nobela eman du argitara. Aurreko nobelan izandako zailtasuna gaindituta, genero beltzarekin baketu da.

(ID_13550903) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-31, Donostia. Ernesto Pratek \
Ernesto Prat Urzainki, 'Mendeku eskubidea' liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO /FOKU
garbine ubeda goikoetxea
donostia
2024ko urtarrilaren 31
18:00
Entzun

Mendeku eskubidea nobelak (H)ilbeltza jaialdian izan zuen lehen aurkezpena, eta ezin bestela izan. Ernesto Prat Urzainki (Berriozar, 1978) idazleak osagai guztiak batu baititu bere azken lanak aparteko tokia har zezan aurtengo euskal nobela beltzaren astean. Batetik, «Baztanen sortua delako, ez Baztanen girotua», Praten hitzetan; eta bestetik, «ez delako poliziakoa, baina badelako beltza».

Beltza ez ezik, beste hainbat kolore ere badituela esan du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak, «besteak beste, umorearena; eta queer puntu bat ere baduenez, baita ortzadarrarenak ere».

Mendigurenek Praten aurreko nobela hartu du hizpide, Telleria eta gero, zer?, 2017an argitaratua, eta Mendeku eskubidea nobelaren aurrekari gisa definitu du, baina ez bataren eta bestearen tramek ikustekorik izan lezaketeelakoan, baizik hango pertsonaietako bat, Larru, oraingo honetan ere ageri delako. Larru, hain zuzen, Mendeku eskubidea nobelan txirikordatzen diren hiru harietako baten pertsonaia nagusia da.

«Genero beltza egokia da gizartearen bazterretan ditugun lotsak agerian uzteko, eta zer egokiagorik enplegu babestua baino, Baztango lotsak azaleratzeko».

ERNESTO PRAT URZAINKIIdazlea

Telleria eta gero, zer? nobela irakurria dutenek gogoan izango dutenez, Larruk hastapenean Lurra zuen izena, gazte militantea zen, eta drogak kontsumitzen zituen. Orain, berriz, toxikomano ohia da, eta bere burua «erreseteatu» osteko arazoak ditu. Desintoxikazio prozesuetako gorabeherak eta buruhausteak etengabekoak ditu. Prat: «Aurreko liburuaren kontura kritika egin zidaten irakurle bilkura batean, drogaren banalizazioa egiten ote zen, eta ez zen inondik inora nire asmoa». Kritika hari buelta batzuk eman ostean, «drogaren bertze aldea» erakustea deliberatu zuen. Pertsonaia konplexua da Larru, «batzuetan oso argi ditu gauzak, eta bestetan zalantzaz josita dago».

Hiru hari nagusi

Bigarren haria mamitzen duen protagonista Abdel da, sortzez marokoarra. 2008ko krisia heldu zenean, lana galdu zuen, eta kalean saltzeari ekin behar izan zion. Haren itzalean, Muturmotz polizia ageri da. Pratek azaldu duenez, «Abdel gizarteko katebegi ahulenetako bat izanik, Muturmotz sarjentuak txantaia egin nahiko dio, eta herri mugimenduetan militatzen duen jendearen informazioa atera nahiko dio».

Idazleari «zaila» egin zaio pertsonaia horren larruan sartzea, baina garrantzitsutzat jo du saioa: «Gure eguneroko elegante honetan edota bestan garenean etortzen zaizkigu kaleko saltzaile migranteak, eta zirikatu egiten ditugu, baina sekulako zama ekonomiko eta emozionala dutela iruditzen zait». Pertsonaia horiek sentitzen duten herriminaz hitz egin nahi izan du, besteak beste.

Hirugarren zutabea Ernestok osatzen du, idazlea da eta gorroto du autofikzioa. Praten arabera, hasierako asmoa ez zen bere burua traman nahastea, baina nobelaren kontzeptua lantzen eta argudioz janzten hasi zenean, engainuan ari zela iruditu zitzaion, eta honako hau esan zion bere buruari: «Azken finean, pertsonaia hori idazlea bada, genero beltzean aritu nahi badu eta bere liburua zentsuratzen saiatu baldin badira, goazen autofikzioa egitera». Bide batez, idazlearen zalantzak, gustuko dituen egileak eta literaturari lotutako bestelako aipamenak egiteko ere baliatu du bere alter ego-a. Alderaketa ere egin du: «Ernesto pertsonaia atormentatuagoa da, eta hezur-haragizko Ernesto, berriz, alaiagoa, edo ez behintzat horren iluna».

«Ernesto pertsonaia atormentatuagoa da, eta hezur-haragizko Ernesto, berriz, alaiagoa, edo ez behintzat horren iluna».

ERNESTO PRAT URZAINKIIdazlea

Hari nagusi horretan metaliteratura egingo zuela argi zuen Pratek, eta (H)ilbeltzan urtez urte ikasitakoarekin lotu du: «Idazle asko pasatu dira, esaldi zoragarriak utzi dizkigute, eta hausnarketa anitz». Idazten hasi berri den pertsonaia horrek ikasi egiten du besteek utzitako hausnarketen harira.

Hiru pertsonaiak eta finean hiru tramak Baztango gizarte zerbitzuetako enplegu babestuak batzen ditu, Ernesto lantaldeko monitorea baita, eta Abdul eta Larru lantaldeko behargin. Horretarako ere badu azalpenik Pratek: «Hilbeltzan anitzetan aipatu dugun bezala, genero beltza egokia da gizartearen bazterretan ditugun lotsak agerian uzteko, eta zer egokiagorik enplegu babestua baino, Baztango lotsak azaleratzeko».

Horrez gain, mendeku gogoa ere ezinbesteko elementua da paraleloki kontatzen diren hiru harietan, eta nork bere mendekua du.

Liburua ere, mendeku

Laugarren mendekua liburuak berak sinbolizatzen duela esan du Pratek. Izan ere, Telleria eta gero, zer? nobela plazaratu zuenean eta zenbait eskolatan irakurgai gisa hartu zutenean, UPNk «gazteak doktrinatu nahi izatea» leporatu zion Nafarroako hezkuntza sailari, eta baztertu egin nahi izan zuten. Praten ustez, «giro horretan sortutako beste liburu bat ateratzea nolabaiteko mendeku goxo gisa hartzen ahal da».

Idazleak, bestalde, azken nobela honen apartekotasuna azaldu du, aurreko guztien aldean bakarra baita kanpoan egin ez duena: «Erbestea amaitu eta gero argitaratu ditut liburu guztiak, baina aurrekoek bazuten erbestetik ekarritako zerbait, izan zirriborroa, ideia edo idazketa bera; eta, hauxe, bizimodu arruntean egin dut osorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.