Mendeurrenak albiste izango dira 2015ean

Koldo Mitxelenaren eta Piarres Larzabalen jaiotzaren lehen mendeurrena eta Ez dok Amairuren sorreraren 50. urteurrena beteko dira 2015ean. Efemeride gogoangarri gehiago ere izango da, eta hiru lurraldetako bertsolari txapelketak jokoan.

Ez dok Amairuko taldeko hainbat kide, taldearen hasierako garaian. Duela 50 urte egin ziren Ez dok Amairuren sorrerako aurreneko bilerak. -- / BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2015eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izango da zer ikusi, entzun eta gozatua hasi berri den urtean. Baina baita zer gogoratua ere. Izan ere, euskal letretako hainbat izen handiren mendeurrena betetzen da 2015 honetan, eta espero daiteke haien lanak gogora ekartzeko aukerarik ekarriko duela urteak. Koldo Mitxelena hizkuntzalariarena da izen handi horietako bat, baina haren urte berean jaio ziren Piarres Larzabal antzerkigilea, Sebastian Salaberria bertsolari eta idazlea, Jean Hiriart Urruti, Mariano Izeta eta Gurutz Sarasola Lotsati idazleak, eta baita Antonio Valverde Ayalde margolaria ere. Horien guztien urtea izango da 2015a, baina ez haiena bakarrik, beste urteurren batzuk ere izango baitira: Durangoko Azokak, berrogeita hamar urteko ibilbidea ospatuko du aurtengo aldian, eta ziur eskaintza zabalarekin egingo duela hori; gainera, Gerediaga elkartea ere, azokaren sortzaile eta antolatzailea, duela 50 urte sortu zen. Euskal Iztundearen mendeurrena ere gogoratuko da aurten, baita duela mende erdi sortutako Ez Dok Amairu taldearen lanak eta ibilbide oparoa ere. Ekitaldi ugari izango dira urteosoan horiek guztiak gogora ekartzeko.

Gure mugetatik kanpo ere gogoratzeko moduko izen handiak izango dira hizpide urte osoan, ehun urte beteko baitira Saul Bellow eta Roland Barthes idazleak jaio zirela, esaterako; baita Franz Kafkak bere Metamorfosia ondu zuela ere. Kulturaren beste alor batzuetako izarren jaiotzak ere ekarri ziten 1915 hark, modu batera edo bestera aurten gogoratuko dituztenak, besteak beste, Orson Welles zinemagilea eta Ingrid Bergman aktorea, Edith Piaf, Billie Holliday nahiz Frank Sinatra abeslariak, edota Arthur Miller antzerkigile eta gidoilaria. Katalunian ere bi mendeurren garrantzitsuk markatuko dute urtea: Ramon Muntaner kronikagilearen jaiotzaren 750. urteurrenak eta Ramon Llull idazlearen heriotzaren 700. urteurrenak.

KOLDO MITXELENA



«Euskarak eman duen jakintsurik handiena Mitxelena izan da», esan izan zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari eta idazle handiak. «Ehun urtetik behin ateratzen da horrelako bat». Bada, ehun urte dira Mitxelena sortu zela, Errenterian (Gipuzkoa), familia abertzale batean. Gaztetan pairatu zuen gaixotasun batek ohean egotera behartu zuen, eta hala sortu zitzaion irakurzaletasuna. 36ko gerra piztean, boluntario aurkeztu zen, gudari, eta Santoñako kartzelan (Espainia) sartu zuten; heriotza zigorra ezarri zioten, baina gero kommutatu, eta azkenean ia bost urte eta erdi eman zituen preso. Berriro atxilotu zuten geroago, eta beste bi urte egin zituen giltzapean. Behin libre, Madrilgo Filosofia eta Letretako Fakultatean unibertsitate ikasketei heldu zien, eta unibertsitatean irakasle jardungo zuen ondoren urte luzez: Salamancakoan, Sorbonan... Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen azken urteetan.

Euskara batua eratzeko eztabaidetan buru-belarri ibili zen, Euskaltzaindiaren mandatuari jarraiki. Hizkuntzalaria gisa ez ezik, soziolinguistikaren arloan ere ekarpena egin zion eztabaidari, eta funtsezko eragina izan zuen prozesu osoan, euskara batuaren eragile nagusitzat jotzeraino. Hizkuntzaren ikerlari nekaezina, urtetan Orotariko Euskal Hiztegia prestatzen jardun zuen; 1987an kaleratu zen lehen alea, baina Mitxelenak ezin izan zuen hura argitaratuta ikusi, urte hartan bertan hil baitzen. Hizkuntzari egindako ekarpenagatik, euskararen ikerlaririk handientzat jotzen da.

PIARRES LARZABAL



Azkainen jaioa, Ziburuko Zokoa auzoko apaiza izan zen urte luzez Piarres Larzabal. Bigarren Mundu Gerran nazien aurka jardun zuen Alemanian, Txekoslovakian eta Polonian barrena, eta atxilotuta ere egon zen. Libre atera bezain laster ekin zion idazteari, eta obra emankorra utzi zuen: aldizkarietan artikuluak, ikerlanak, azterketa politikoak, pastoralak... Hala ere, antzerkigile gisa egingo zen ezagun bereziki, lan mardula utzi baitzuen, euskal antzerkigile emankorrena izateraino askoren ustez. Haren lanik ezagunenen artean dira Etxahun (1953), Berterretx (1955), Bordaxuri (1962), Ibañeta eta Matalas (biak 1968an), baina ehun lanetik gora utzi zituen idatziak, dramatik komediaraino. Euskal Herriko pertsonaia eta gertakizunak izaten zituen beti ardatz. 1963an euskaltzain oso izendatu zuten.

Nazien aurkako erresistentziari laguntzen jardun ostean, frankismoaren jazarpenetik ihesean Ipar Euskal Herrira iritsitako errefuxiatuei aterpe ematen aritu zen, eta Telesforo Monzon buru, Anai Artea elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen. Haren etxean eginiko bilera batean sortu zen Enbata Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea.

EUSKAL IZTUNDEA



Antzerkigintzari hauspoa eman zion erakunde baten sorrera ere ekarri zuen 1915ak: Euskal Iztundea jaio zen Donostian. Antzerki eskola baten gisakoa zen Euskal Iztundea, baina hori baino gehiago ere izan zen: antzerkiaren inguruan zebilen jendearen topagunea, baita obrak prestatzekoa, probak egitekoa... Iztundea zuzentzeko katedra lortzen lehena Toribio Altzaga izan zen; bestelako testuez gain, batez ere antzerki lanak idatzi zituen donostiarrak —osorik euskaraz idatzitako lehena, Aterako gera (1888)—. Euskal Iztundeak sustatutako lanak Donostian ez ezik, Gipuzkoa osora hedatu ziren, baita Bizkaira ere gero, Resurrecion Maria Azkueren eskutik. 36ko gerra osteko urteetan, frankistek Euskal Iztundea itxiarazi zuten, eta Altzaga Ondarretan espetxeratu.

EZ DOK AMAIRU



Euskal kantagintza berriaren sorrerak ere mende erdia beteko du aurten, 1965ean sortu baitzen Ez Dok Amairu mugimendua. Aldaketa gosea nagusi zen 60ko urteetan, zentzu guztietan, eta musikan ere izan zuen bere isla gogo horrek. Mixel Labegeriek bi disko txiki argitaratu zituen lehenik, 1964an berea Mikel Laboak, urtebetera beste bat Julen Lekuonak... Ordurako ezagunago egiten ari ziren Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi... Eta 1965eko udazkenean, Zarautzen egindako bilera batean sortu zuten taldea. Oteizak jarri zion izena, eta musikariek ez ezik, bestelako artistek ere osatzen zuten. 1966an egin zuten lehen aurkezpen emanaldia, artean izena erabili gabe, Hernanin. Zazpi urte emankor bizi zituen mugimenduak; 1972an desegin zen taldea, baina bertako kide askorentzat beren bakarkako ibilbide arrakastatsuaren hasiera izan zen hura; haiena eta beste askorena, euskal kantagintzan olatu berri bat hedatu baitzuen.

DURANGOKO AZOKA



Durangoko 49. Azoka igaro berritan, mende erdian hartu duen tamainaren erakusle izan daitezke honako datuak: 245 erakusmahai izan dira iaz; orain 50 urte, berriz, 18 erakustokirekin hasi ziren egiten Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azoka. Gerediaga elkartearen ekimenez sortua, euskarazko edo euskal gaiei buruzko argitalpenak irakurleengana iritsaraztea izan du sorreratik xede, eta horretan jarraitzen du egun, inoizko eskaintza zabalenarekin. Elkartea sortu berri zela antolatu zuen azokaren lehen ekitaldia Gerediagak, elkartea ere duela 50 urte sortua baita, 1965ean.

Aldaketa ugari izan ditu azokak bost hamarkadetan: Santa Maria elizateko arkupeetan egitetik merkatu plazara lehenik, karpa handi batek estalitako espaziora gero, eta egungo Landako gunera lekualdatuz joan da. Datak ere aldatu izan ditu: azaroaren lehenean egitetik abenduan egitera igaro da urteekin. Debekatu ere egin zuten 1974an, baina egiten jarraitu ahal izan zuten. Francoren heriotzak ere ekarri zuen aldaketarik, ordura arte debekatuta zeuden edukiak zekartzaten argitaletxe eta diskoetxe berriak hurbildu baitziren. Hain zuzen, aldaketa nabarmenena eskaintzaren kalitate, kantitate eta dibertsifikazioan izan du azokak; egun duen tamaina eta, besteak beste, Ahotsenea gunearen sorrera dira horren lekuko. Mende erdiko ibilbide oparoa ospatzeko, berezia izango da aurtengo azoka, eta oroitzapenez betea egongo dela ziur, baina baita aurrera begira jarraituko duela ere.

BERTSOLARI TXAPELKETAK



Bertsoz beteriko urtea ere izango da 2015a, hiru lurraldetako txapelketak jokatuko baitira: Nafarroakoa, Arabakoa eta Gipuzkoakoa. Lau urtetik behin jokatzen da Gipuzkoakoa, eta irailetik abendura bitarte egingo dute aurten. Dagoeneko amaitu da izena emateko epea, eta parte hartzaileek udaberrian egingo den sailkapen fasean lortu beharko dute hurrengo faserako aukera. 2011ko txapelketako finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak, berriz, zuzenean sartuko dira txapelketara, baldin eta izena eman badute. Aurreko aldian Aitor Sarriegi beasaindarrak jantzi zuen txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz burukoan lehiatu ostean.

Nafarroan orain hiru aste egin zuten 2015eko Bertsolari Txapelketarako kanporaketa aurrekoa. Lehen aldiz izena emandako sei bertsolari aritu ziren kantuan, eta hiruk lortu zuten final-laurdenetarako sailkatzea. Beste 27 bertsolarirekin batera ariko dira lehen fase horretan, otsailaren 7an hasita. Finala martxoaren 28an jokatuko dute.

Arabako Bertsolari Txapelketan, berriz, 18 bertsolari ariko dira kantuan. 2013ko finalistekin batera —Oihane Perea txapelduna tartean—, iaz egindako bost aurre-kanporaketetan sailkatutako beste 13 bertsolari ariko dira lehian. Urtarrilaren 17an izango da lehen saioa, eta finala martxoaren 21ean jokatuko da, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.