Mendia, gertaleku eta ispilu

Aingeru Epaltzak 'Mendi-joak' ipuin liburua plazaratu du, mendian girotutako hamar istorioz osatua. Kokalekutzat baliatu du mendizaletasuna, baina baita gizarte garaikidearen ajeen islatzat ere

gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Desintoxikazio pertsonala. Hala definitu du Mendi-joak liburuaren idazketa prozesua Aingeru Epaltzak. «1.000 orrialde inguruko trilogia bat idaztetik nentorren, pertsonaia beraren ingurukoa, eta XVI. eta XVII. mendeetan kokatua. Garai horretara egokitutako hizketa batetik nentorren. Eta terapia behar nuen. Landetxe batera joan beharrean, betidanik izan dudan zaletasun bati are gogo handiagoz ekin nion, mendira joateari. Eta baita idazteari ere». Erresuma eta fedea trilogia osatzen zuten hiru nobelen ondotik —2013an plazaratu zuen Gure Jerusalem galdua hirugarren eta azken alea—, oso bestelako zerbait idazteko grina piztu zitzaion. Eta mendizaletasunari ez ezik, mendian nahiz mendizaletasunean kokatu eta giroturiko narrazioak idazteari ekin zion. Elkar etxearekin plazaratu berri duen Mendi-joak ipuin liburua da emaitza.

Liburuko hamar ipuinek ildo bat dute, hari bat. Edo «giro bat», idazlearen hitzetan. «Mendia eta mendizaletasuna dira giro hori. Euskaraz badira fikzio batzuk giro horretakoak, baina ez gehiegi, kontuan hartuta mendizaletasuna zenbateraino dagoen sustraitua gure artean». Mendizalea da Epaltza, eta zaletasun hori «ia obsesiboki» bizi duela aitortzen du. «Mendizaletasuna bera izan daiteke patologikoa. Zaletasun bat obsesio gisa bizitzea gizartean maiz ikusten dugun gauza da. Niri mendizaletasuna modu literarioan interesatzen zait giza harremanak ispilatzeko balio duen heinean. Nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe. Literatura da gatazkaren eremua, gatazka fikzionatuarena, jakina».

Epaltzak mendiari eta mendizaletasunari botatzen dion begiratua ahobiko labana da: «Mendizaletasuna bada gure garaiari, gure mendeari ondo egokitzen zaion zaletasun bat. Abentura nahiari, errutinaren hausteari lotutako zerbait da. Ariketa fisiko eta psikiko bat da, eta, aldi berean, abentura kutsua duen zerbait. Gaur egun, ez goaz Ternuara baleak harrapatzera, baina Txindokira goaz. Eta, igual, ez goaz Euskal Herria tiroka askatzera, baina 90 kilometroko ultratraila egingo dugu hurrengo igandean, eta, gainera, 4.500 metroko desnibel akumulatuarekin. Ez da zehazki gauza bera, baina...», utzi du airean ironiaz jaurtitakobaieztapena.

Mendizaletasunak «abentura gogoa» asebetetzeko balio du, neurri batean, «baduelako nolabaiteko epika», baina, era berean, «gure gizartean hain politak ez diren gauzak ere ispilatzen ditu», egilearen ustetan. «Nahi duenak, begirada zorrotz eta zolia duenak, ikusten ahal ditu hain politak ez diren gauza horiek. Mendian ispilatua ikus dezake, adibidez, kontsumismoa. Edo elkartasunik eza. Maiz egiten da mendian dagoen elkartasunaren apologia. Nola utzi zuten gailur bat igo gabe, arriskuan zen beste mendizale bati laguntzeko. Baina hain maiz agertzen ez dena da elkartasunik izaten ez denean. Eta ez dakigu zein den albiste handiagoa. Badago mendizaletasunean nagusikeria ere, eta matxismoa, eta enpatia falta... Azken batez, mundua ez dagoela zuzen antolatua, sarri izaten dugun sentsazio hori ere ikus liteke mendian».

Zorrotz, baina leunago

Irakurleren bat mendiaren mitifikazioaren eta haren ikuspegi gozoaren bila baldin badoa nahastu egingo dela, alegia. Xabier Mendiguren Elizegi Elkar etxeko editorearen hitzetan, «desmitifikatzea eta zaurian hatza sartzea» izan baita Epaltzaren «ezaugarririkfuntsezkoena» idazten hasi zenetik. Hala ere, kasu honetan ohikoan baino leunago aritu dela uste du Epaltzak berak: «Agian, ez naiz aritu hain gaizto, errazagoa delako gaizto izatea XVI. mendean kokaturiko nobela batean, eta ez hainbeste gaur egun kokaturiko batean; jende gehiago dagoelako bere burua ispilaturik ikus dezakeena, eta ni neu ere tartean egon naitekeelako ipuin batean ez bada bestean, nahiz eta pixka bat trabestiturik. Neure buruarekin barkaberagoa izaten naiz», dio barre artean.

Istorioak sortzen hasi zenean beldur zen pertsonaia nagusiek idazlearen antz handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urtetara hurbiltzen ari den gizonezko bikotekidedun eta gurasoarena: «Horregatik, badira protagonista emakumezkoak eta baita haurren bat ere». Ipuin guztiek dute hitz bakarrez osaturiko izenburu trinkoa bezain iradokitzailea: Ertza, Atea, Sugea, Lokatza, Urratua, Belauna, Olatua, Sukarra, Zorabioa, eta Argazkia. Eta era askotako kontamoldeak erabili ditu. Badira lehenaldian kontatuak, eta baita orainaldian ere. Badira nika ari direnak, hots, lehen pertsonan kontatuak, badira huraka edo hirugarren pertsonan onduak, eta baita zuka edo bigarren pertsonan osatuak ere. Luzeak dira batzuk, 50 orrialde ingurukoak, baina bada baita 10 orritara iristen ez denik ere. Denbora jolasak ere ez dira falta. «Batzuek modu lineal eta kronologikoan egiten dute aurrera; besteak, aldiz, atzera-aurrera dabiltza, eta bada mosaiko modukorik ere».

Gustukoak dituen mendiguneak baliatu ditu ipuinen agertoki gisara: Aralar eta Malloak, Nafarroako nahiz Frantziako Pirinioak, Marokoko Atlasak... Ezagutzen ez duen mendigune bakarra, Kilimanjarokoa da. «Ipuin hori ontzeko google edo bertan izandako lagunen informazioa erabili dut». Ezagutzen dituen mendiguneak ere utzi ditu sartzeke, Andeak edo Alpeak, adibidez. Gehienetan paisaia «atze-oihal eta gertaleku huts» izan da. «Istorioak gerta zitezkeen beste edozein lekutan ere, baina nik mendira ekarri ditut, eta, zenbaitetan, paisaiak berak ere ekarri du istorioa». Mendia, gertaleku eta ispilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.