Azkena Rock

Mendizabala prest da rockaren piztiak hartzeko

Van Morrison eta Joan Jett & The Blackhearts izango dira Azkena Rockeko bi kartelburuak. Gainerakoan, ez da aldaketa handirik izango.

Van Morrison musikari irlandarra, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA, EFE
aitor biain
2018ko ekainaren 20a
15:51
Entzun

Mendizabalako agertokiak prest daude rockaren piztiak hartzeko. Azken ukituak baino ez dira geratzen ostirala eta larunbata iritsi bitartean. Rock zaleen topagune bilakatuko baita Gasteiz Azkena Rock jaialdiaren bueltan. Lehoia izango da, nola ez, pizti guztietan errege. Ez da bakarra izango, ordea.

Ez da aldaketa handirik izango aurtengo Azkena Rocken. Hiru agertoki nagusi eta bi kartelburu handi izango ditu: Van Morrison eta Joan Jett & The Blackhearts. Biak ala biak, rockaren ikono eztabaidaezinak. Iazko irailean jakinarazi zuen antolakuntzak abeslari estatubatuarra Gasteizen izango zela, haren atzetik urteak eman ondoren. The Runaways eta The Blackhearts taldeen abeslaria musikan toki bat egitea erabaki duten emakume askoren erreferente bilakatu da azken lau hamarkadetan. Morrison, edo Belfasteko lehoia, berriz, Euskal Herrira itzuliko da iaz BBK Liven aritu ostean. 

Gainerakoan, azken urteetako doinu gogorren ildoari eutsi dio jaialdiak. Besteak beste, Chris Robinson, Turbonegro, Gluecifer, NC50, Dead Cross, NCC, The Hypnotics eta The Soul Jacket entzuteko aukera izango da; Berri Txarrak, Tutan Come On eta Mamagigi’s izango dira euskal ordezkariak. Azken orduko aldaketa bat ere izan da egitarauan, edonola ere. Urge Overkill ez da Mendizabalan izango. Esklusiban aritzekoa zen jaialdian, eta baita Tom Pettyri omenaldia egitekoa ere. Haren ordez, Girlschool ariko da; emakumeez osaturiko Ingalaterrako heavy metal taldeak 40. urteurrena ospatuko du Azkenan. 

Bestalde, Tom Pettyri eskainitako omenaldiari eustea “eromena” izan bada ere, antolakuntzaren arabera, Carlos Vudu eta El Clan Jukeboxen eskutik egingo da. “Bi hilabeteko tartea eskatzen ziguten talde gehienek entseatu eta zerbait txukuna egiteko; zaila izan da erronka horri eustea”, aitortu du Alfonso Santiago jaialdiaren zuzendariak. Izango da bestelako omenaldirik ere. Hiru agertokiek azken urtean hil diren rock izarren izenak eramango baitituzte. Sei guztira: Tom Petty eta Malcom Young, Charles Bradley eta Fats Domino, eta Grant Hart eta Johnny Hallday. 

Jaialdiak izango duen beste aldaketetako bat diruaren erabilera izango da. Cashless eskumuturrekoak ez dira izango aurten; “sistema garestiegia” baita, antolakuntzaren hitzetan. Gastuei erreparatu behar izan die antolakuntzak aurten bereziki. Izan ere, sarrera salmenta iaz baino motelago doala aitortu du jaialdiaren zuzendariak. Halere, azken urteetako ikusle kopuruari eustea aurreikusten du antolakuntzak: 30.000 eta 35.000 artean izatea espero dute. “Rock jaialdi bat da gurea, eta lehia gero eta estuagoa da beste jaialdi batzuekin; haiek ere gure gisakoak diren taldeak kontratatzen baitituzte. Eskariak gora egiten du, eta, ondorioz, gero eta garestiagoa da izen handiko musikariak ekartzea”, adierazi du Santiagok. Aurten ez da motorren azoka eta ibilbiderik egingo, baina, horren ordez, oinarrizko zerbitzuak indartu dituzte; gastronomia bereziki.

Emakumeen presentzia

Iaz lehertu zen eztabaida, baina aurten ere kalapita sortu du emakumeek jaialdian duten presentziak. Gasteizko mugimendu feministak salatu du egoera, eta udala kritikatu du “matxista den jaialdi bati” diru laguntza emateagatik. Izan ere, 40 talde arituko dira Azken Rocken aurten, eta lautan soilik ari dira emakumeak: %10, alegia. Horren haritik, antolakuntzak ez du eztabaidan sakondu nahi izan. “Azkena Rock jaialdi inklusiboa da”, azpimarratu du Santiagok. “Ez dugu inor baztertu: jaialdi honetan jo dute musulmanek, juduek, arraza beltzeko pertsonek, jatorri asiarra dutenek”. Jaialdiaren zuzendariak adierazi du eztabaidari “oinarritik heldu” behar zaiola, eta ez dela programatzaileen arazoa soilik. “Beharbada azterketa soziologiko bat egin beharko litzateke emakumeen egoera musikaren eta bereziki rockaren munduan zein den jakiteko”, erantsi du.

Hurrengo urteko data ere jakinarazi dute, eta ekaineko azken aurreko asteburuan finkatuko dute jaialdia datorren urtean ere: ekainaren 21ean eta 22an izango da 2019ko Azkena Rock festibala. “Badirudi eguraldia lagun dugula azken urteetan behintzat”, adierazi du Santiagok. Aurten ere aldeko izango dutela dirudi, behinik behin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.