Londresko Tate Britain museoan indarrean diren artearen, hezkuntzaren eta artelanen interpretazioen inguruko ideiak aztertu ditu Amaia Arriaga arte historialariak. Hori izan da bere doktorego tesia, eta galeriak antolatzen dituen hezkuntza ekimen eta diskurtsoak izan ditu kontuan. Dioenez, beste museo asko baino irekiagoa da Londreskoa, eta asko baino kontzienteago ere bai duen ardura sozial eta kulturalaz. Halere, museoak museo izaten jarraitzen du, inoiz. «Hezkuntza jarduera gehienetan, adituen hitza ikuslearenarenaren gainetik dago».
Zure lanean diozunez, artearen gaineko interpretazioek badute ardura sozial eta kultural bat. Zergatik?
Artelanak kontakizun kulturalak dira, errepresentazio sozialen bitartekari kulturalak. Eta, beraz, artelanez egiten ditugun interpretazioek kulturari buruzko esanahiak sortu eta komunikatzen dituzte. Nire ustez, garrantzitsua da arte interpretazioarekin lan egiten dugunok ardura sozial horretaz kontziente izatea.
Zer zeregin dute interpretazio lan horretan museoek eta haien hezkuntza ekimenek?
Artelanen interpretazioaren ardura soziala are inportanteagoa da hezkuntza jardueretan, bai eskoletan bai museoetan; artelanekin lan egiteaz gain, pertsonekinere aritzen garelako. Arte hezitzaileok daukagun autoritatea modu arduratsuan erabili behar dugu. Artelanen inguruan egin edo bultzatzen ditugun interpretazioek laguntzen baitute jendearen nortasun, sinesmen, gustu eta abarrekoak eraikitzen.
Tate Britain galerian hezkuntza diskurtso eta praktiketan ematen eta bultzatzen den artearen ikuspegia da aztertu duzun gaietariko bat. Diskurtso instituzionaletan artearen ideia kulturalista gailentzen dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Artearen ideia kulturalista da Tate Britainen nagusi, bai. Kontzepzio honek arteak bere produkzio eta kontsumo testuinguruarekin duen erlazioa azpimarratzen du. Artelanen aspektu sozial eta kulturaletan jartzen du atentzioa. Hau da Tate galeriaren aspektu positibo bat, urrundu egiten baita gure inguruan oraindik hain indartsua den museo estetikoaren kontzeptutik. Erakusketak sortzerakoan, ez dute soilik artelanen aspektu bisuala azpimarratzen; artelanak testuinguruan ulertzen laguntzen dute.
Luzez ahotsik izan ez duten kolektiboek ahotsa hartu ahala, zaildu egin da artearen interpretazioa. Feminismoak, autore postkolonialek, gutxiengo etnikoek bistarazi egin dute objektibotzat jotzen zena eraikuntza soziala dela. Propio egin al dute museoek diskurtso hori?
Ez da hori nire tesiaren gaia, nahiz eta asko interesatzen zaidan. Baina ez da ikerketa handirik behar museo gehienetan oraindik diskurtso tradizionala gailentzen dela esateko. Badira diskurtso kritikoak bultzatzen dituzten erakusketak egiten dituzten zentroak, ez hainbeste, ordea, bilduma iraunkorren irakurketa kritikoak bultzatzen dituzten museo tradizionalak. Lan handia dago oraindik egiteko ahots ezberdinen presentzia ziurtatzeko.
Tate Britainek, diozunez, bere egiten du ahots aniztasun hori, baina ikuspegi tradizionalak indarrean jarraitzen du zenbaitetan. Zergatik?
Gauza ezberdina da ahots aniztasuna onartu eta bultzatzea eta diskurtso tradizionalak kuestionatzen dituzten ahotsei sarrera ematea. Tate galeriak erakusketen interpretazio autoritario eta bakarrak ez aurkeztea eta ahots ezberdinak azaltzea du helburu, eta hori bermatzeko praktika ezberdinak ditu; adibidez audio-gidetan interpretazio ezberdinak entzuteko aukera eskaintzen dute. Gainera, interpretazio horiek ez dira beti arte adituek egindakoak izaten, beste profesionalen interpretazioak ere aurkezten dituzte —antropologo, musikari eta antzezleenak, kasu—, eta baita bisitarienak ere. Narratiba ezberdinen dialogoa bultzatzen duen museo polifonikoagoa bilatzen du, ez hain autoritarioa. Baloratu egin behar da hori. Baina horrek ez du esan nahi diskurtso instituzionala kuestionatzen duten ahots kritikoei sarrera ematen zaienik.
Performance-ek eta arte kontzeptualak, besteak beste, irudikapenetik harago eraman dute artea. Diozunez, ordea, oraindik, batez ere, ikusi egiten den zerbait da artea museoko hezkuntza jardueretan. Zergatik?
Artelanak behatzeaz gain, interpretatu, pentsatu, esperimentatu eta bizi ere egin daitezke, baina museo gehienek artelanen kontenplaziora mugatzen dute gure esperientzia, nahiz eta artelan asko kontenplaziorako eginak ez izan. Hori da, adibidez, arte garaikiderik gehienaren kasua. Ez dakit zergatik dagoen artearen kontzepzio formalista hain errotuta gure gizartean, baina dakidana da merkatuari oso ongi etortzen zaiola artearen kontzepzio esoteriko bat edukitzea. Museoek artelanak miretsi eta kontenplatzeko egiten duten lanak, bultzada horrek laguntzen du pieza horien balio ekonomikoa eusten. Museoek bultzatzen dituzten erritualak inportanteak dira artelanen aura babesteko.
Tate Britainen, diozunez, aitortu egiten zaio ikusleari artea interpretatzeko autonomia, baina hori gertatzen al da beste museoetan ere?
Tatek, adibidez, bisitariei beren interpretazioak museoan «zintzilikatuta» ikusteko aukera ematen die. Baina hezkuntza jardueretan asmo hori ez da hain argia, eta Euskal Herriko eta Espainiako museoetan gertatzen dena gertatzen da: adituen edo artisten interpretazioak dira bisitarienei gailentzen zaizkienak.
Umearen ideia sinplifikatzaileak hezkuntza aukerak galtzea dakar, diozunez. Zer esan nahi duzu?
Arte eta interpretazio kontzepziorik sinple eta tradizionalenak haur txikientzako jardueretan agertzen dira. Hezitzaileek haurrei buruz daukaten irudiak eragiten du hori, ordea, ez beren interpretazioari buruzko ideiek. Badirudi hezitzaileek uste dutela ezin dutela haurren konplexutasuna landu eta artea ulertzeko modu sinpleak bakarrik landu ditzaketela. Oztopoa izan daiteke hori haurren eta artelanen arteko erlazio prozesu konplexuago eta aberasgarriagoak abiatzeko.
Amaia Arriaga. Arte historialaria
«Merkatuari mesede egiten dio artearen kontzepzio esoterikoak»
Artelana, museoa eta ikuslea. Horiek dira Amaia Arriaga arte historialariaren doktorego tesiaren hiru zutabe nagusiak. Eta hiru elementu horien arteko harremanak aztertu ditu Londresko Tate Britain galerian egin duen ikerketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu