Metalaren sugarretan

'Sute perfektua' diskoa osatu du Anger taldeak.Rocka, hardcorea eta post-hardcorea oinarri, soul, rap eta funk doinuak jorratu ditu

Iban Morales (bateria), Ekain Zubizarreta (baxua), Arkaitz Bian (ahotsa) eta Beñat Unzueta (gitarra) taldekideak. ANGER.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Arrastorik utzi gabe dena aurretik eramaten duen sute baten pean bizi gara. Horregatik da sute perfektua, ez garelako konturatzen dena kiskaltzen duela, eta gu horren parte garela». Leherketari kantatzen dio Anger taldeak, gaurkotasunari, kritikotasunari, eta dena rock erritmoan. Horrela egin du Sute perfektua seigarren diskoan ere. Hala uste du Arkaitz Biain abeslariak. Oholtzetan daramatzaten hemezortzi urte hauetan botatako sustraiei uko egin gabe, eta hardcorearen soinuak oinarri, laukoteak ez du beldurrik izan oraingoan funk, soul eta, esaterako, rap erregistroan aritzeko. Orain arteko «askotarikoena» da lana.

Hamar kantuk osatzen dute: haiek ondutako bederatzik eta Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori piezaren bertsio batek. Azken hori, «argi pixka bat emateko». Izan ere, «ilunak» dira gainerakoak. Iluntasun hori, baina, ez da hutsetik abiatutakoa; gogoeta du xede. «Gauzak hobetzeko, beti egin behar da txarto dauden gauzen irakurketa bat »

Hitzak estiloa bezain askotarikoak dira. Helburua: «Hausnarketa pertsonal eta kolektiboa bultzatzea». Horretarako, makina bat gai landu dituzte. Esaterako, kultura eta musika eredua. Horixe begiz jo duten gaietako bat: «Ezartzen den eredu kultural eta musikalaren inguruan hitz egin dugu. Ematen du sortzaileok modu batekoak izan behar dugula, patroi batzuei, dogma batzuei, segitu behar diegula zoriontsuagoak izateko, eta ez da horrela».

Mihia zorrotz, «euskal elitea» ere izan dute hizpide, bai eta kontsumismoa ere. Alde horretatik, «inposatutako zoriontasunari» eta biolentziari kantatu diete. Indarkeria testuinguruan jartzeko ahalegina ere egin dute. «Ematen du biolentzia batzuk direla, baina lortu behar dugu botereak aitortzea biolentzia dagoela bere barruan». Horregatik, sistemikoa da islatu nahi duten indarkeria hori.

Aurreko diskoetan egin izan duten bezala, Sute perfektua-n ere aukeratutako testu batzuen lagin batzuk txertatu dituzte, hitzen pisua indartzeko asmoz. Esaterako, Gorka Urbizuren, Karmele Igartuaren eta Oier Guillanen esanak izan dituzte gogoan.

«Esentzia nabari da»

Bonberenea Ekintzaken bidez plazaratu dute, eta Karlos Osinagarekin grabatu. Marka utzi die: «Haren eskua ikusten da». Dena dela, berrikuntzak sartu badituzte ere, taldearen esentzia nabari da: «Igartzen da gu garela». Haiek dira, baina aurrekoetan baino «helduago». Eta ez da kasualitatea. Orain arte bizitakoaren «emaitza» bildu du-eta lanak. «Loratu dira rock gogorrekoak ez diren erreferentzia horiek». Musikari dagokionez, «landuagoa» ere bada. Biainek dioenez, taldekide bakoitzaren neurrira dago eginda. «Gustu ezberdinetako jendea gara, eta disko honetan agian lortu dugu hori nabarmenagoa izatea».

Hainbat kontzertu iragarri dituzte jada: bat, Elorrioko gaztetxean (Bizkaia), apirilaren 11n; bestea, Iruñeko Txantrea auzoko Akelarre kultur elkartean (Nafarroa), 18an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.