Zinema

Michelle Citron: "Pertsonala dena politikoa da"

"Pertsonala dena politikoa da". Guztiz egiten du bat aldarri feminista horrek Michelle Citron dokumentalgilearen lanarekin. 1980ko hamarkadaz geroztik bideogintza feminista esperimentalaren izen ezagunenetariko bat da harena, eta familia izan da maiz haren lanen gai nagusia. Gune pertsonal eta politikoa, egilearen hitzetan. Iruñean da egunotan, Ikuspuntu zinema jaialdian.

2011ko otsailaren 23a
17:47
Entzun
Zinema jaialdi eta bideogintza feministari buruzko ikerketen bazka da egun Michelle Citronen Daughter Rite (Alaben erritua) filma. Klasiko gisa aurkeztu zuten atzo kasik, Iruñean Ikuspuntu festibalak feminismoari eskainitako zikloaren barruan; mugarri gisa. Ez dute, ordea, beti hala hartu. 1979an, estreinatu zenean, oso eztabaidatua izan zen. Iruñean da Citron egunotan, eta berak azaldu du zergatia: "Dokumentalak edo lan esperimentalak egin behar ote ziren, hori zen eztabaida emakumeen artean garai hartan, eta nik biak batu nituen. Dokumentalen hizkuntza hartu nuen, baina fikzioa era lantzeko. Oinarri dokumental batetik abiatutako fikzioa zen. Genero hibrido bat sortzen saiatu nintzen, eta jendea asko haserretu zen. Traizioa iruditu zitzaien askori egin nuena". Berari oraindik ere "lan ona" dela iruditzen zaio.

Ez zen Citronek egindako bekatu bakarra izan. Ama-alaben arteko harremanari buruzko gogoeta bat da lana, funtsean. Familia barruko tentsioei buruzko ikerketa bat. 38 emakume elkarrizketatu zituen Citronek filma egin aurretik. Amak ziren haietariko asko, baina alaba gisa elkarrizketatu zituen soil-soilik. Han bildutako materialetik sortu zuen gidoia. Amek ez zuten filmean ahotsik. Eta horrek mindu egin zituen feminista eta ama ziren ikusle asko. "Lan pertsonala da, bai, baina ez nuen nahi nire terapia propioa izaterik; jende gehiagoren filma izatea ere nahi nuen", hala azaldu du bere jarrera Citronek. Familia sekretuak, sexu gehiegikeriak, botere harremanak eta isiltasunak dira filmean ageri diren gaietariko batzuk. Familietako bortizkeria ezkutu hori. Bi aktoreren lanaren bidez agertzen du hori Citronek lanean, etxeko grabazioen irudien bidez eta off-eko ahotsak egiten duen narrazioaren laguntzaz.

Bide berriak ireki zituen Citronen lanak, eta haustura ekarri zuen. Mugan jartzen da, izan ere, Citron, bai 1979ko film hartan, bai geroko lanetan ere. Tinko dago jarrera horretan, Iruñean erakutsi duenez. Dioenez, hori da egiara heltzeko bidea. "Ikuslea ezeroso sentiarazi nahi dut. Fikzioa den edo dokumentala den ezin jakinik. Nire ustez, fikzio eta dokumentalaren ertzetan dago egia. Imajinazioa oso garrantzitsua da, subkontzientea ere bai. Eta horiek guztiak batzen diren gunean dago egia".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.